Joan den martxoan, Frantziako Kultura ministroaren agindupean, hizkuntza gutxituen sustapenerako aholku batzordea sortu zen. Besteak beste, batzorde horrek Estatuaren baitan den hizkuntz aniztasuna indartzeko gomendioak ematea izango du xede. Parlamentari eta eskualdeetako hautetsiekin batera, unibertsitate arloko adituek eta legelariek osatuko dute batzordea. Frédéric Espagnac senatari eta Ipar Euskal Herriko PSko kidea batzordeko partaide izendatu dute.
Hala, bada, batzorde horren sorrerak eman dezakeen aukera baliatu nahi izan du Euskaltzaindiak bere ikuspuntua agertzeko. Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Xarles Videgain buruordeak sinatzen duten gutunean, euskarak Ipar Euskal Herrian duen egoeraz kezkatuta dagoela aitortzen du Akademiak: “Azken urteetan eraman diren inkesta guztiek, administrazio publikoan euskarak duen tokirik ezak, euskara ofizialtasunik gabe izateak, egoera kezkagarrian dagoela erakusten digute”. Eta ofizialtasunaren garrantzia azpimarratzen du jarraian: “Beste gizarteko aktore askorekin, euskararen ofizialtasun estatusa Frantziak onartu behar duela pentsatzen dugu, euskararen garapenerako guztiz beharrezko baita, nahikoa ez izanik ere”.
Gogora ekartzen du Akademiak Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Ituna. Frantziak 1999. urtean sinatu zuen, eta geroztik ez da berretsia izan. Euskaltzaindiaren ustez, “orain berresten baldin badu, urrats adierazgarria izanen da”. Eta ondoren sortu berri den Aholku Batzordeaz honako hau idatzi dio Filipetti ministroari: “Batzorde horren kideei merezimendu bihirik kendu gabe, ohartzen gara batzorde horretan hizkuntza eta kultura hauetako jende espezializaturik eta aditurik eta bereziki euskal hiztunik ez dela agertzen. Zernahi gisaz, indarrean jarriak izan diren batzorde askoren esperientziak irakatsi digunaren arabera, zeinek emaitzarik ez baitigute eskaini, dudan gaude ea Batzordeak euskararen geroa segurta lezaketen hizkuntza aniztasun baten oinarriak eraikitzen ahalko dituenez. Ikusiz azken hilabete hauetan Senatuan edo Legebiltzarrean aurkeztu ziren lege proiektu ezberdin asko oraindik trenkatu gabe daudela, gure kezka handituz baizik ez doake”.
Zazpi gai nagusi
Akademiak aldeko urratsak eta laguntzak sustatzea eskatzen dio Kultura eta Komunikazioko ministroari. Ildo horretan, zazpi gai nagusi identifikatzen ditu Euskaltzaindiak, eta hala jakinarazi dio Filipettiri. Hauek dira:
- Euskararen irakaskuntza, irakaskuntzaren maila guztietan, sail profesionalak barne, formakuntza jarraikian, helduentzako formakuntzan eta irakaskuntzan, murgiltze irakasbidea lagunduz eta sail elebidun ezberdinen emaitzen ebaluazio sistemak sortuz,
- Unibertsitate ibilbidearen eta ikerketaren indarberritzea, hauen artean euskararen agregazioaren sortzea eta CAPES, CAFEP eta CRPE azterketetako postu kopuru goititzea,
- Euskararen presentzia bizi publikoan (hizkuntza-paisaia barne), lantegietan, aisialdian, jendeen laguntzeko zerbitzuetan, Euskarazko kulturari eta arte sorkuntzari laguntzea: literatura, arte plastikoak, antzertia, zinema, itzulpengintza,
- Euskarazko hedabideen garatzea, bereziki ikus-entzunezkoak, euskarazko emanaldien presentzia zabaltzea zerbitzu publikoan,
- Ekimen ezberdinak sustatzea, elebitasunak, hirueletasunak edo laueletasunak dituzten abantailak Europan eta Euskal Herrian erakusteko,
- Ondare linguistikoaren errespetatzea, toponimia eta onomastika barne.
“Uste osoa dugu -adierazten du Euskaltzaindiak- horrelako neurriak, ofizialtasun estatutuarekin bat eginik, baitezpadakoak direla Euskal Herriko gizartearen etorkizunerako eta sortu duzun Batzordeak neurri horiek uztartuko dituela indarrean dauden Errepublikako legeekin. Gure aldetik, prest gaude gure ikusmoldeak eta arrangurak xehekiago zuri azaltzeko”.