Aiaraldeko mapa toponimikoa aurkeztuko da bihar
Maiatzaren 15ean, asteazkenean, Aiaraldeko mapa toponimikoa aurkeztuko da. Aiaraldea izenaz, Aiarako Eskualdea edo Kuadrilla ezagutzen da, eta bost udalerriz osatuta dago: Aiara, Amurrio, Artziniega, Laudio eta Okondo. Aurkezpen ekitaldia 19:00etatik aurrera egingo da, Laudioko Kultura Etxeko (Lamuza, z/g) Etxe Nagusian, "Arraño" aretoan. Mikel Lasa Kuadrilla-buruaren hitzek hasiera emango diote saioari. Jarraian, Felix Mugurutzak jardungo du maparen eta toponimiaren gorabeherez, bera izan baita lanaren ardura izan duena. Mugurutza euskaltzain urgazle eta Onomastika batzordeko kidea da; hori dela-eta, Euskaltzaindiaren izenean ere arituko da aurkezpen ekitaldian.
Lanerako, azken urteotan udalerri horietan egindako toponimia mapak hartu dira oinarri gisa. Toponimo horiek guztiak bat datoz Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren datu-basearekin. Maparen edizioa eta lanaren koordinazioa Dunba Argitalpen Lanak, S. L. enpresak egin du eta bere argitalpenerako Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzaz baliatu da Aiarako Kuadrilla. Euskaltzaindiak, mapan islatutako toponimoen kalitate linguistikoa bermatzeko lanak egin ditu, Akademiak Eudelekin duen lankidetza-hitzarmenari esker.