Bihar aurkeztuko da Txomin Peillenen "Jon Mirande, olerkaria" liburua, Maulen
Bihar, hilaren 19an, Euskaltzaindiaren eta Mauleko Herriko Etxeko Kultura Sailaren ekimenez, Maulen aurkeztuko da Txomin Peillen euskaltzainaren Jon Mirande, olerkaria liburua. Akademiak argitaratzen duen "Euskaltzainak" bildumaren 18. zenbakia da. Liburuan, Peillenek hautatutako berrogeita bi olerki bildu dira, frantsesez eta euskaraz aurkeztuak. Olerki hauek lau gairen arabera sailkatu dira: Thanatos (heriotza), Eros (sexua), Mythos (mitologia) eta Satyra (satira). Mirandek olerki gehienak euskaraz idatzi zituen, hortaz, liburuan jaso direnak frantsesera itzuliak izan dira. "Erdaldunentzat egin dut liburu hau -dio Peillenek-, baina pasatzean euskaldunek ere balia dezaten, bi hizkuntzetan da". Jon Mirande, poète parisien da liburuaren frantsesezko izenburua.
Aurkezpena goizeko 10:30ean izango da, Maule-Lextarreko Herriko Etxean, eta Txomin Peillenekin batera hauek izango dira: Andres Urrutia euskaltzainburua, Mirande oso ondo ezagutzen duen Pablo José Aristorena kazetaria, eta Christian Angelie-Mirande idazlearen iloba.
Liburuaren aurkibidea (PDF, 41,46 KB)
Hitzaurrea. Txomin Peillen: "Jon Mirandez dakidana" (PDF, 66,06 KB)