KORSIKAKO ORDEZKARITZAK EUSKALTZAINDIA BISITATU DU
Korsikako ordezkaritza bat Euskal Herria bisitatzen ari da egun hauetan. Astelehenean, azaroaren 12an, Baionako Fakultatea eta Ipar Euskal Herriko euskararen inguruko elkarte eta erakundeekin bilerak egin zituzten; asteartean, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Euskarabidea eta Arturo Campion euskaltegia ezagutzeko aukera izan zuten; asteazkenean, Elhuyar eta Uzei erakundeak eta Donostiako Udala bisitatu zituzten. Atzo, azaroaren 15ean, Euskaltzaindira hurreratu ziren. Euskaltzaindian Andres Urrutia euskaltzainburuak, Xabier Kintana idazkariak eta Pruden Gartzia Azkue Bibliotekako zuzendariak artatu zuen Korsikako ordezkaritza.
Gaur, azaroaren 16an, Baionan izango dira, Ipar Euskal Herriko hedabideekin bilera dute eta. Arratsaldean, ostera, Euskararen oraina eta geroa Ipar Euskal Herrian izenburupean Euskaltzaindiaren Sustapen batzordeak Baionan antolatu duen XVII. Jagon jardunaldian egongo dira.
Korsikako ordezkaritzako partaide dira, besteak beste, Muriel Poli dialektologian aditua, Marie José Dalbera Korsikako hizkuntza ikertzen diharduena, Jean-Guy Talamoni abokatua, eta abar. Korsikako ordezkaritzaren xedeetako bat hango hizkuntzaren ofizialkidetasuna lortzea da. Horiek horrela, Euskal Herria bisitatu dute, euskara indarberritzen diharduten Euskal Herriko elkarteen jardunaren eta egitarauen berri jakiteko.