Deustuko Unibertsitateak eta Euskaltzaindiak hitzarmena sinatu dute euskararen eta euskal kulturaren arloan lankidetza proiektuak eta ikerketak bultzatzeko
Bi erakundeek antolatuko dute, azaroaren 30ean, jardunaldi bat (Egitaraua), Euskaltzaindiko kide, idazle eta kazetari izan zen Eusebio Erkiagaren jaiotzaren mendeurrena ospatzeko
Deustuko Unibertsitateak eta Euskaltzaindiak akordio bat sinatu dute gaur, azaroak 13, euskararen eta euskal kulturaren esparruan lankidetzako proiektuak eta ikerketak garatzeko. Hitzarmena Jaime Oraá errektoreak eta Andrés Urrutia euskaltzainburuak sinatu dute.
Hitzarmenak, beste puntu batzuen artean, jasotzen du Deustuko Unibertsitateko doktoregaiek eta beste ikasle batzuek ikerketak eta praktikak egin ahal izango dituztela Euskaltzaindiaren egoitzan, Luis Villasante Euskararen Ikergunean eta Akademiaren ordezkaritzetan.
Horrez gain, Deustuk eta Euskaltzaindiak euren ikerketa-funtsak erabiltzeko aukera izango dute, baita, bereziki, euren artxiboak eta liburutegiak ere. Bi erakundeek beren argitalpenak elkarrekin trukatzeko mekanismo egokiak ezarriko dituzte, horrela, zeinek bere liburutegiko euskal gaien funtsak sendotu eta osatu ahal izateko.
Argitalpenei dagokienez, bultzatu egingo da bi erakundeen elkar-lana eta bi erakundeek burututako argitalpenak sustatuko dira. Ahalegina egingo dute euskal hizkuntzaren inguruan ekoiztutako testuei publizitatea ematen. Era berean, bi erakundeek batera lan egingo dute euskal hizkuntzaren normalizaziorako proiektuak garatzen eta Euskaltzaindiak euskararen inguruan argitaratu dituen arau eta gomendioak zabaltzen. Horretarako, bi erakundeek teknologia berrien erabilera babestuko dute.
Bestalde, Euskaltzaindiak Lexiko Batuaren, Arauen, Izendegien eta Onomastikaren arloetan harturiko erabakien edo egindako gomendioen erabilera errazteko bideak ezarriko dira, bai eta horiek guztiok beti ere kideen esku izan daitezen, bere web orriaren bitartez.
Deustuko Unibertsitateak antolatzen dituen ikastaro, jardunaldi, mintegi, aholkularitza, eta bereziki hizkuntzaren jakiteari zein erabilerari dagokien prestakuntzan, Euskaltzaindiaren gramatika, lexiko, ortografia, onomastika eta euskalkien erabilerari buruzko irizpideak aintzat hartuko ditu eta hauek zabaltzeko moduak landuko ditu.
Azkenik, bi erakundeek lankidetza politika bultzatuko dute masterrak, graduondokoak, ikastaroak, biltzarrak edo sinposioak batera antolatzeko eta burutzeko.
Ildo horretatik, hitzarmena sinatzeko ekitaldian bertan, Euskaltzaindiko Literatura Ikerketa Batzordeak antolatu duen jardunaldi bat aurkeztu da, Eusebio Erkiaga (Lekeitio, 1912ko irailak 4 – Bilbo, 1993ko maiatzak 31) idazle, kazetari eta Euskaltzaindiko kide izan zenaren jaiotzaren mendeurrena ospatzeko. Ekitaldiak azaroaren 30ean izango dira Deustuko Unibertsitatean. Euren barruan, hitzaldiak aipatu behar ditugu, baita Eusebio Erkiagaren poema batzuen irakurketa ere.