Ondorioz, liburuetatik abiatuta kontakizun gutxi gorabehera kronologiko bat eskainiko zaie bisitariei, liburu eta gertakari berezi batzuk nabarmenduz.
Abiapuntua da Lope Gartzia Salazar (1399-1476) eta bere Libro de buenas andanças y fortunas kronika ezaguna. Hortxe dago Bizkaiko Erdi Aroaren deskribapen klasikoa: ahaide nagusiak, bandoak, aitorren seme-alaben arteko borrokak, amodioak, mendekuak, alderdikeriak... giro horretan sortzen dira euskal balada eta erromantzerik zaharrenak.
Esteban Garibairen (1539-1599) garairako mundu hori iraungia da, baina orduan sortutako kanta zaharrek bizirik diraute eta, zati txikietan ez bada ere, kronika historiko astunetan txertatzen dira. Berdin gertatzen da Ibarguen-Cachopin kronika ezagunarekin.
Genealogia da garai hartako idazleen kezka nagusia, ez literatura, eta XX. mendean ere Juan Carlos Guerra batentzat Genealogia da oraindik kezka nagusia, hari dedikatzen dio denbora gehiena. Baina tarteka agertzen diren kanta zahar horiek ere arretaz biltzen ditu.
Baina kronika zaharretan baino gehiago herriaren ahotik bildu da, bereziki XIX. mende bukaeran eta XX. mendearen hasieran. Hainbat balada zahar oraindik ere modu tradizionalean entzun daitezke eta hortik abiatuta kantutegi ederra bildu ahal izan dugu, Bizkaian bereziki, edo Euskal Herriko mendebaldean orobat, adibidez Arantzazun.
Hainbat ikerle egon denez gero, ikuspuntu desberdinak ere agertu dira. Adibidez, Leiozaola edo Gorostiaga mundu heroiko baten oihartzunak biltzera badoaz ere, Urkixok edo Mitxelenak ikuspegi akademikoagoa dute. Azken hamarkadetan ildo hori da nagusitzen dena: Arexita, Arriolabengoa, Billelabeitia, Etxebarria, Ibarra, Juaristi, Kaltzakorta, Kortazar, Lakarra, Urgell, Urkizu...
Bukatzeko, leku guztietan gertatu den bezala, kanta eta legenda zaharrak literatura berriaren inspirazio-iturri dira: Dazkonagerre edo Campion hemen, Coleridge Ingalaterran, kontu bera da funtsean. Zer esanik ez modernoagoen artean, Zelaia, Ezkiaga edo H. Etxeberria bezalako idazleak. Jakina, euskal kanta zahar batek inoiz ez du Robin Hood-en oihartzuna eta eragina izan, nahiz eta funtsean fenomeno berari buruz ari garen.
Erakusketa 2012ko Ondarearen Europako Jardunaldien inguruabarrean kokatzen da, eta, urriko lehen hamabostaldian egongo da ikusgai. Horrezaz gain, hainbat hitzaldi eta ekitaldi ere antolatu ditu Euskaltzaindiak.
Egitaraua ikusteko sakatu hemen