Junes Casenave-Harigileren "Xiberoko antzertia edo pastorala" liburua aurkeztu da Maulen
Apirilaren 28an, Mauleko Ondarearen Etxean, Junes Casenave-Harigile ohorezko euskaltzainaren Xiberoko antzertia edo pastorala liburua aurkeztu zen. Mauleko Herriko Etxeak eta Euskaltzaindiak antolatutako ekitaldi horretan egileak berak egin zuen lanaren aurkezpena. Harekin batera hauek izan ziren: liburuaren hitzaurrea idatzi duen Jean-Louis Davant euskaltzaina, Béatrice Lahargoue Mauleko Kultura zinegotzia eta Andres Urrutia euskaltzainburua.
Xiberoko antzertia edo pastorala aurtengo Sarako Idazleen Biltzarrean aurkeztu zuen Euskaltzaindiak. Egun horretan Junes Casenave-Harigilek ez zuen joaterik izan, eta berak prestatutako hitzak Jean-Baptiste Coyos euskaltzainak irakurri zituen. Maulen, aldiz, bai, ohorezko euskaltzainak azaldu zuen liburuaren nondik norakoa.
Gaur hona ekarri ditugu joan den larunbatean, apirilaren 28an, Junes Casenave-Harigilek esan zituen hitzak. Testuaren bigarren zatiak gidoi estruktura du. Hala bada, ideia nagusiak idatzi zituen euskaltzainak, eta hitza hartu zuenean, ideia horiei jarraituz, diskurtsoa garatu zuen. Irakurlearentzat interesagarria izango delakoan, bere horretan utzi dugu.