Hauek dira hitzarmenaren ildo nagusiak:
- Editorial Iparraguirrek eta Euskaltzaindiak elkarri bere ikerketa-ondareak erabiltzeko aukera emango diote eta, bereziki, euren artxibategi eta bibliotekak erabiltzeko aukera.
- Euskaltzaindiak erantzuna emango die Editorial Iparraguirrek egindako kontsultei, kontsultok euskal lexikoari, gramatikari, onomastikari -batez ere toponimia alorrean- ortografiari eta, oro har, euskararen araugintzaren beste zenbait gairi buruzkoak direnean.
- Argitalpenen arloan, elkarlana bultzatuko da, eta baterako argitalpenak sustatuko dira.
- Editorial Iparraguirrek, Deia egunkariak 2.000. urtetik hona ekoiztu dituen euskarazko testuak Euskaltzaindiaren eskuetan jarriko ditu, Akademiak Lexikoaren Behatokia deritzan egitasmoa garatu dezan. Egitasmo honek ikerketarako testu-corpus etiketatu eta linguistikoki antolatu bat prestatzea du oinarrizko lana eta UZEI, Elhuyar eta EHUko Ixa taldearekin garatuko du Akademiak.