"Kalendrera"-ren berrargitaratzeaz
Urriaren 8an, Donostiako Kursaalen, Xabier Kintana euskaltzain osoak Joanes Leizarraga Beraskoizkoaren Kalendrera (1571) aurkeztu zuen. Euskaltzaindiak argitaratu eta Kintanak berak paratu duen liburu honetan Leizarragaren egutegia faksimilean eskaintzen zaigu, bai eta Xabier Kintanak prestatutako testua ere, lau hizkuntzatan: euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez.
Kalendrera-ren aurkezpena Jose Irazu "Bernardo Atxaga"k eta Juan Carlos Perezek eskaini zuten Paradisua, katuak eta abar emanaldi artistikoaren ostean egin zen, Euskaltzaindiaren 90. urteurrenaren ospakizunen harira.
Xabier Kintanak Kalendrera aurkezteko eman zuen mintzaldia ekartzen dugu hona.
Euskaraz kontserbatzen den ale hau, Europako biblioteka batzuk Mundu-gerra bietan bonbardaketetan erre eta gero, beharbada munduan gelditzen den bakarra da eta Parisko behialako Errege-Bibliotekatik heldua zaigu, François I.ak agindua baitzuen bere erresuman inprimatzen ziren obra guztietatik bere liburutegira ale bana bidaltzea.
Haren lanik ezagunena eta luzeena Testamentu Berriaren euskal itzulpena den arren, Nafarroako Joana Albret erreginaren aginduz 1571an Arroxelan argitaratua, baditu horregatik beste lantxo apalago batzuk, horien artean gaur aurkezten dizuegun Kalendrera edo Egutegi hau, adibidez, bestearen antzera, hiri eta urte berean plazaratua. Lan honen helburua, berez, erlijiosoa zen, hots, urtean zehar eliz jaiak eta horiekiko betekizunak noiz ziren fededunei gogoratzea.
Baina horretarako, frantses ereduren batean oinarriturik bazen ere, jakina, euskaraz prestatu behar izan zuen egutegia, gaur arte geure hizkuntzan ezagutzen dugun lehenbizikoa, hain zuzen.
Liburuek ez bezala, egutegiek urtebeteko bizitza laburra izaten dute, eta behin abenduaren 31ra heldu eta gero, San Silvestrek aldean beste mundura eramaten ditu. Horrexegatik inork gutxik gordetzen du iraganeko kalendrerarik. Euskaraz kontserbatzen den ale hau, Europako biblioteka batzuk Mundu-gerra bietan bonbardaketetan erre eta gero, beharbada munduan gelditzen den bakarra da eta Parisko behialako Errege-Bibliotekatik heldua zaigu, François I.ak agindua baitzuen bere erresuman inprimatzen ziren obra guztietatik bere liburutegira ale bana bidaltzea.
Obra honetan irakurtzen ditugun hilabeteen euskal izenak ia gaurkoak berak ditugu, aldaera txiki batzuekin. Europako gainerako hizkuntza eta herrietan gertatzen denaren antzera, hilabete batzuen izenak erromatar egutegiari mailegatuak dira (martxoa, apirila, maiatza...). Halere, inguruko hizkuntza gehienetan ez bezala, beste batzuk lehenagoko tradiziotik jaso zituen (urtarrila, otsaila, ereiaroa, uztaila, agorrila, buruila, urria, hazila) eta bada bat (abendua) kristautasunak ekarria (< adventus ‘(Jesusen) etorrera').
Leizarragak bere liburuaren hasieran taula bat jarri zuen hurrengo urteetan jaiak eta eliz ospakizunak noiz gertatuko ziren jakiteko, baina, hamaika urte geroago Gregorio XIII.a aita santuak egutegiari eragindako erreformagatik, ahalegin horiek alferrik gertatu ziren.
Lehen euskal egutegi honen berrargitaratzeaz baliaturik, hitzaurre eta sarrera moduan, egutegien historia laburra ere ezarri dugu, denboraren neurkera, gure bizitzan hain eragin handia duena, mendeetan zehar itxuratuz nola joan den euskaldun irakurleari jakinarazteko.
Eta besterik ez. Eskerrik asko zuen harreragatik.
Xabier Kintana
Liburua eskuratzeko sakatu hemen