Sarreraren egitura

Sarrera buruak.

Sarrera bakar batean, lema baten azpian, hitz baten aldaera guztiak eta honi buruzko informazio guztia biltzen da.

Euskara batuan onartutako aldaera lematzat edo forma nagusitzat hartzen da, eta letra lodi biribilez ematen da; gainerako aldaerak letra lodi etzanez agertzen dira.

Euskaltzaindiak forma bat baino gehiago ontzat ematen baditu, edo horietaz iritzirik eman ez badu, lema bat baino gehiago (hots, letra biribilezko forma bat baino gehiago) ager daitezke.

Ohiko gertaera fonetikoak, batez ere ahozko hizkuntzan agertzen direnak (hala nola -ill-, -iñ-, etab.) ez dira gehienetan kontuan hartu aldaerak aukeratzean.

Zeharbidez bakarrik heldu zaizkigun hitzen kasuan (leku edo pertsona izenak, inguruko erdaretan gordetako hitzak, etab.) lema parentesi artean ematen da (ik. adibidez (mutio)).

Aurretik gurutzea duten formak huts batetik sortuak dira (ik. adibidez † afedan); zalantzazkoek galdera ikur bat dute aurretik (? naukera), eta berreraikitako partizipioek izartxo bat (*edin).

Euskalki markak eta hiztegigileen lekukotasunak.

Aldaera bakoitzaren ondoan, parentesi artean, bi eratako informazioa ematen da: lehen zatian ahoz erabiltzen den (edo azken ehun urteetan erabili den) euskalkia adierazten da (gure bibliografian aipatutako lanetan jasotako lekukotasunen berri ematen dugu bakarrik). Bonaparteren eta Azkueren sailkapenak hartu dira oinarri, aldaketa batzuk eginez (baztanera, aezkera, zaraitzuera eta erronkariera euskalkitzat hartu dira).

Euskalkiei buruzko lekukotasunak asko direnean, Ref. laburduraren ondoan aipatzen dira (ik. goiko irudian); bestela ap. laburdurarekin adierazten da nork dakarren edo zer hiztegitan datorren lekukotasuna.

Bibliografia oharrik ematen ez bada, Hiztegiaren autoreak edo lantaldeak bildutako lekukotasuna da.

Bigarren zatian, euskalkiari buruzko informazioaren ondoren, parentesi berean, eta puntu eta koma batez bereizirik, aldaera jasotzen duten hiztegiak edo hiztegigileen izenak aipatzen dira.

Adierak

Sarrera bateko adierak gehienbat kronologiaren arabera sailkatu dira. Gaztelaniazko ordainaren ondoren, batzuetan gorago aipatutako hiztegigileen itzulpenak edo hitzari buruzko beste jakingarriak ematen dira. Erdarazkoen grafia gaurkotu da orokorrean, baina jatorrizkoa gorde da bilatzeko erraztasunaren kariaz komeni zenean.

Erabileraren adibideak.

Adibideek OEHren zati handi bat betetzen dute, eta hauen bidez euskararen mendez mendeko hitz altxorraren irudi fidagarria ematen saiatu gara. Adiera bakoitzarentzat, osorik hustutako testuen zerrendan agertzen diren egile edo obra bakoitzeko adibide bana aipatzen da gutxienez (erregela hau ez da bete erabilera orokorreko eta maiztasun handiko hitzetan, ik. adibidez joan, egin).

Adibide baten, edo haren zati baten itzulpena ematen denean, komatxo bikoitzen artean agertzen da egilearen beraren itzulpena bada (edo, itzulitako obren kasuan, egileak erabilitako jatorrizko zuzena bada).

Komatxo bakunen artean agertzen bada, berriz, guk emandako itzulpena da, edo egileak erabili ez zuen beste erdal bertsio bat.

Adibideen grafia gaurkotu da, baina sabaikari, hasperendun eta are grafia etimologikoak (hitztegi, etab.) gorde dira. Beharrezkotzat jo denean, jatorrizko grafia eman da, < > ikurren artean. Txistukarien nahastea zuzendu edo bateratu da batzuetan (adibidez, bizkaierazko zenbait autoreren edo Silvain Pouvreauren lanetan).

Literatura tradizioa.

Tr. laburduraren ondoren, hitzaren (edo honen adiera jakin baten) historiari buruzko informazioa ematen da: lehen agerpena, erabili den garai eta euskalkiak, haren gorabeherak forma edo esanahiari buruz, etab. Informazio hau adibideek erakusten dutenaren laburpena da, edo, maiztasun handiko zenbait hitzen kasuan, gure corpusean agertzen dena erakusteko modu eroso eta laburra.

Hitz elkartuak eta esapideak.

Hitz elkartuak eta esapideak azpisarrera moduan sailkatu dira, hurrenkera alfabetikoan. Azpisarrera hauek sarrera nagusien egitura bera dute. Formak letra larrietan aipatzen dira, eta adiera zenbakien ordez letrak erabiltzen dira.

Etimologia.

Zenbait sarreratan, Etim. laburduraren ondoan, azalpen etimologikoak ematen dira, gehienak Koldo Mitxelenak berak egindakoak edo haren lanetatik ateratakoak.

Onomastika.

Batzuetan, sarrera buruan, Onom. laburduraren ondoren, hitzarekin lotutako leku-izen edo pertsona-izenak (gehienbat Erdi Arokoak) ematen dira.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper