Euskararen Gramatika

43.8.2. Balioak


43.8.2. Balioak

43.8.2a Zehaztapena da birformulatzaile zehaztaileen balio nagusia —aurretik esandakoa, zehatzago emanaz, birformulatzea— eta modu askotara gerta daiteke. Hain zuzen (ere) birformulatzailearen kasuan, adibidez, modu hauetara gauzatzen da zehaztapena:

a) Multzo zabal baten barruan multzo zehatzagoa ezartzen du atal birformulatzaileak (inklusio-erlazioa): Algoritmo hau estatistikan oinarritzen da, Bernoulli-ren probabilitate banaketan hain zuzen ere (Zelaia Jauregi).

b) Modu orokorrean formulatua dagoen leku edo uneari edo erreferentzia zehatza ematen dio birformulazioak: Atzo arratsean, seiak eta zazpi minutu gutxitan hain zuzen, aintziraren ertzean paseatzen ari ginen, zuk ondo dakizunez (Jon Muñoz).

c) Birformulakizunak gertakari, objektu, hipotesi, pertsona bat edo batzuk aipatzen ditu modu zehaztu gabean —enuntziatu-ataleko bat edo batzuk determinatzaileak dira horren erakusgarri—, eta atal birformulatzaileak zehaztu egiten du zein den gertakari, objektu, hipotesi edo pertsona hori. Pertsonak eta objektuak identifikatzeko balio du: Produktu horien sorrera Estatu Batuetako mediku ospetsu bati zor diogu, John Harvey Kellogg jaunari, hain zuzen ere (Lorenzo eta Uranga).

d) Enumerazioa ere izan daiteke birformulakizunak adierazitakoa zehazteko bidea, aurreko atalaren edukia zein elementuk osatzen duen zerrendatzea: Ondoren datoz Lyellen epokak -Pleistozenoa, Miozenoa eta abar-, azken 65 milioi urteei soilik aplikatzen zaizkienak (nahiz eta paleontologiari dagokionez jarduera handiko urteak diren), eta, azkenik, azpimultzo xeheenak ditugu, hain zuzen, estaiak edo adinak (Iza).

e) Izendapen-funtzioa du batzuetan birformulazioak: Tenperatura baxuko konposatu kimikoen erregina, ura, hain zuzen, biak ere (eta bat bereziki) oso ugariak diren elementu jakin biren erreakziotik dator: oxigenoa eta hidrogenoa (Juan Garzia).

f) Birformulakizunak adierazitakoa zehatza izan daiteke eta, halakoetan, beste xehetasunen bat ematen du atal birformulatzaileak: alegia, kontakizunaren harirako garrantzitsua den daturen bat gehitzen du: Hala ere, sarjentuak luzaz galdekatu zituen bi zerbitzari bakarrak (Rosannaren salbuespena eginda) etxekoandrearen neskamea eta etxeko neskame burua izan ziren, beren lankide dohakabea etxera iritsi zen egunetik bertatik hura zirikatzen jardun zuten bi emakume haiek, hain zuzen (Olano).

g) Bai birformulakizuna eta bai atal birformulatzailea perpaus beregainak direnean, lehen perpausean esandakoa berresten du, oro har, birformulazioak (argudioak emanaz, batzuetan): Herri gogoak dinamikoak dira, zalantzarik gabe; hain zuzen, beraiek dira dinamismoaren iturriak historian, kulturan (Azurmendi).

43.8.2b Guztizko baliokide ez izan arren, zehatz hitzean oinarrituriko gainerako birformulatzaile zehaztaileek ere (zehatz-mehatz, zehazkiago, zehatzago esanda, zehazkiago esanda…) ordezka dezakete hain zuzen (ere) diskurtso markatzailea, betiere aurretik esandakoa zehazten bada: […] distantziaren erdi aldean, lur-atmosferaren goi-geruzara, bi bat kaloria-gramo iristen da zentimetro karratu bakoitzeko; 1,94 kaloria-gramo, zehatz-mehatz / hain zuzen (ere) (ZTC).

43.8.2c Bestelako zehaztapen balioa du hurrenez hurren markatzaile berriak471. Egungo euskaran, askotan, informazio kate bat osatuz agertzen da hurrenez hurren esapidea. Enumerazio bateko elementuei buruzko azalpen edo zehaztapenak emateko erabiltzen da. Nolabaiteko balio banakaria du eta segidako (eskuarki, aurreko eta ondorengo) enuntziatuetako datuen arteko korre- lazioa adierazten du: enumerazio bateko elementuen hurrenkeran oinarritzen da ondorengo zehaztapen edo azalpen argigarri bakoitzaren interpretazioa edo erreferentzia; hots, korrelatiboak dira segidan datozen enuntziatuetako enumerazioetako datuak. Gehienetan “enumerazioa + enumerazio horretako elementuei buruzko zehaztapenak” hurrenkera nagusitzen da, eta gorago aipatutakoari erreferentzia egiteko balio du: nolabaiteko balio anaforikoa du, alegia: […] Egia esan, elefante guztiak ez dira berdinak belarrien handitasunari dagokionez. Loxodonta africana-k bai, oso handiak ditu belarriak, 183 cm eta 114 cm baitira, hurrenez hurren, haien luzera eta zabalera (Pérez Iglesias eta M. B. Urrutia).

Birformulakizuna

(1. enumerazioa)

183 cm [A] eta 114 cm [B] baitira

Atal birformulatzailea

(2. enumerazioa)

hurrenez hurren, haien [belarrien] luzera [A’] eta zabalera [B’]

Birformulakizunean ageri diren datuak (183 cm eta 114 cm) interpretatzeko orduan hurrenkerari erreparatu behar zaio. Atal birformulatzaileko lehen elementua birformulakizuneko lehen datuari dagokio; atal birformulatzaileko bigarren elementua, birformulakizuneko bigarren datuari; eta horrela hurrenez hurren: A’ zehaztapena (luzera) A datuarekin (183 cm) uztartzekoa da; eta B’ zehaztapena (zabalera), B datuarekin (114 cm) uztartzekoa.

471 Hurrenez hurren esapidearen lehen adibideak ‘bata bestearen ondotik’ (gazt. “sucesivamente”) adierari dagozkio soilik. Eta badirudi (Alberdi 2011b) adberbio erabilera horretatik (‘baten ondotik hurrengoa doala’) eratorria dela birformulatzaile erabilera (gazt. “respectivamente”).

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper