Aurretik aipatu direnez beste, lokuzio edo esapide mordoa dago aurkaritza adierazteko erabil daitekeena: zernahi gisaz, nolanahi ere, edozelan bere, edozein modutan ere, edozein moduz, guztiarekin ere… Horiek ere diskurtso markatzaileen pareko dira, alde batetik. Berez perpaus osoari —eta ez aditzari soilik— dagozkion adberbio esapideak badira ere, ezin da ukatu kate mintzatuan edo idatzian perpausen arteko lotura adierazteko ere erabiltzen direla, diskurtso markatzaileen pare. Horietako batzuk (nolanahi ere, nolanahi den…) birformulatzaileen atalean aztertzen dira (§ 43.10).