Euskararen Gramatika

40.4.2. Erabilera predikatiboa dutenak


40.4.2. Erabilera predikatiboa dutenak

40.4.2a Beste batzuetan, ordea, moduzko adberbioek eta perpausek erabilera predikatiboa izaten dute, ezaugarri jakin batzuk dituzten egituretan edo aditz konkretu batzuekin azaltzen direnean (ikus 24. kapitulua). Hala, zenbaitetan lehen mailako predikazioan azaltzen zaizkigu, predikatu nagusi gisa (Amona espero genuen bezala zegoen), eta beste zenbaitetan bigarren mailako predikatu modura (Barrua sutan zuela hurbildu zitzaien nagusia grebalariei).

40.4.2b Lehen mailako predikazioan, perpausaren predikatu nagusi modura azaltzen dira moduzko perpausak aditz eta egitura kopulatibo batzuekin (ikus § 24.3). Nolabait esateko, Peru triste dago eta Olatz gaizki zegoen perpausetan triste eta gaizki predikatu nagusiak badira, Peru negarrari eutsi ezinik dago adibidea dugunean ere azpimarratutako mendeko perpausa predikatu nagusia izango da. Adibide horietako egon aditza kopulatiboa da, eta eduki semantiko bat adieraztea baino areago predikatu nagusiaren (triste; gaizki; negarrari eutsi ezinik) eta subjektuaren arteko lotura bideratzea du helburu. Antzera gertatzen da erabilera semikopulatiboa duten beste aditz eta egitura batzuekin ere: Aztoratuta dabil jendea; Langileek kezkatuta jarraitzen dute. Beraz, predikatu nagusi gisa azaltzen da moduzko perpausa honako hauetan guztietan: Arkaitzek osasunarekin kezkatuta jarraitzen du; Gauzak zuk esan bezala daude; Burua altxa ezinik dabil Miren; Zer egin ez dakiela daukagu Naiara; Errepideak moztuta jarraitzen du; Zer esan ez dakiela gelditu da Jon. Azken batean, moduzko adberbioak zenbait egituratan predikatu nagusi gisa azal badaitezke, ez da harritzeko modua adierazten duten mendeko perpausek ere aukera bera izatea (ikus 24. kapitulua: “Atribuzioa eta Predikazioa”).

40.4.2c Era berean, bigarren mailako predikazioan ere aurkitzen ditugu mendeko perpausak (ikus § 24.4). Har dezagun, esaterako, ondorengo adibidea: Jon negarrari eutsi ezinik irten zen gelatik. Mendeko perpausa moduzko garbia da, eta nola? galderari erantzuten dio; eta perpaus nagusiaren barneko kontuei dagokie. Baina adjuntu funtzioa betetzen zuten moduzko perpausetan ez bezala (§ 40.4.1), nola orain ez dagokio aditzari bakarrik (irten-nola): subjektuari ere badagokio (Jon-nola); gehiago subjektuari aditzari baino, negarrari eutsi ezinekoa ‘irteteko era bat’ baino gehiago baita ‘Jonen egoera bat’. Perpauseko bigarren osagai bati buruzko (Jon) predikazioa dago hor, eta bigarren mailako predikazioa dagoela esan ohi da; ‘negarrari eutsi ezinik’ bigarren mailako predikatua edo osagarri predikatiboa izango litzateke.

Eman dezagun beste adibide bat: Uxuek pozez beterik barre egin du426. Pozez beterik-en bidez Uxueren une bateko egoeraren ezaugarri bat predikatzen da, eta aldi berean, egoera hori barre egin ekintzari loturik aurkezten da. Perpauseko subjektuarentzat bigarren predikatu bat izango balitz bezala jokatzen du pozez beterik moduzko perpausak: egoera bat edo uneko ezaugarri edo propietate bat ezartzen du.

40.4.2d Aditzari buruzko atalean esan dugun bezala, bigarren mailako predikazioa subjektuari begirakoa edo objektuari begirakoa izan daiteke (§ 24.4). Aurreko ataltxoan eman ditugun adibideetakoak (Jon negarrari eutsi ezinik irten zen aretotik; Uxuek pozez beterik barre egin du) subjektuari begirakoak ziren. Lehenean, nola sartu den adierazten dugu, eta aldi berean, une horretan Joni dagokion propietate bat ematen dugu; ‘negarrari eutsi ezinik’ dagoena Jon da. Bigarrenean, barre egiteko era bat (‘pozez beterik’, ez ‘itxurakeriaz’), baina aldi berean Uxueren egoera nolakoa den azalduz. Berdin gertatzen da ondorengo adibideetan ere: Guztiz aztoratuta irten zen Josu bileratik; Irribarrea ahoan zuela inguratu zitzaidan semea; Kezkek barrua itotzen ziotela hartu zuen etxerako bidea Arantxak; Bihotza hautsita eta barne garrasiz sinatu zuen heriotza zigorra epaileak; Gogogabetuta joan nintzen oporretara; Kafesnea ondo berotuta gustatzen zaio Beñati. Hauetan guztietan subjektuari begirako bigarren mailako predikazioa dago, eta aldi berean predikaziogai den pertsonaren —inoiz gauzaren— eta ekintzaren uneko egoera edo propietate bat ematen dute aditzera: nola irten zen, eta bereziki Josuren une horretako egoera nolakoa zen; inguratzeko era, eta une horretan semeak erakusten zuen egoera edo ezaugarria; Arantxaren barrua nola zegoen etxerako bidea hartzeko momentuan; zigor sinaketa zer barne egoeratan egin zuen epaileak; eta abar. Moduzko adberbio soilekin edo modua adierazten duten postposizio sintagmekin ere berdin gertatzen da: Adeitsu agurtu nuen Ane; Ondoezik irten zen Josu bileratik; Mar-mar batean inguratu zait lankidea.

Era honetako predikazioa izateko baldintza batzuk bete behar dira, bai bigarren predikatu modura jokatzen duen osagaiari dagokionez, bai aditz nagusiari dagokionez. Subjektuari dagokion propietateak edo egoerak predikazioa gertatzen den unekoa, denbora tarte horretakoa izan behar du, ez propietate iraunkor bat (garaia/bizkorra izatea, eta abar). Adibidez, esan dezakegu Buruan txapela zuela sartu zen Jon; txapela jantzita eramatea ez baita izaten gizakien berezko ezaugarri bat, edo ezaugarri iraunkor bat. Aldiz, ezin dugu esan *Begi urdinak zituela sartu zen Jon. Begi urdinak izatea gizakion berezko ezaugarri bat da, iraunkorra, eta ezin da ‘denbora tarte baterakoa’ izan. Bigarren mailako predikatuak ‘une/tarte jakin batekotzat’ hartzeko moduko propietateak izan behar ditu. Eta perpaus nagusiko aditzak ere ezaugarri lexiko/aspektual batzuk bete behar ditu: ekintza bat, prozesu bat edo lorpen bat adierazten duten aditzek bigarren mailako predikazioari bidea eman diezaiokete, baina egoera bat adierazten duten aditzek (jakin, izan… ), aditz estatiboek, ez dute horretarako aukerarik ematen: ezin da esan *badakit guztiz atsekabetuta guztion azken muga heriotza dela. Aldiz, guztiz atsekabetuta irten nintzen bileratik esateko ez dago eragozpenik.

40.4.2e Beste batzuetan objektuari begirako bigarren mailako predikazioa izaten da. Adibidez, lehenago subjektuari begirako bigarren mailako predikazioa aurkezteko erabili dugun moduzko perpaus bera erabiliz: Gelara sartzean negarrari eutsi ezinik aurkitu nuen Ane. Kasu honetan ere nola ez dagokio aditzari bakarrik (aurkitu-nola); objektuari ere badagokio (Ane-nola); negarrari eutsi ezineko egoeran Ane dago. Batez ere objektuari dagokio, gainera: (Ane) negarrari eutsi ezinik zegoela aurkitu nuen da horren perifrasi posible bat, edo Negarrari eutsi ezinik zegoen aurkitu nuenean. Objektuari begirako bigarren mailako predikazioa dago hor.

Berdin gertatzen da ondorengo adibideko interpretazioetako batean ere: Andoni ikusi dut burua altxatuta. Bi interpretazio izan ditzake. Batean, aditzari begirakoa izango genuke: “Nola ikusi dut Andoni? Nola lortu dut Andoni ikustea?” galderari erantzuten badio. Nola ikusi dut? Burua altxatuta. Alegia, nik altxatu dut burua, eta halaxe lortu dut Andoni ikustea; gertakaria betetzeko modua agertzen digu azpimarratutako mendeko perpausak; lehenengo multzoko —aditzari begirako moduzko perpaus adjuntuak— adibidea izango genuke. Bigarren interpretazioan, ordea, Andoni nola zegoen uler daiteke; alegia, burua altxatzen duena ez da perpaus nagusiko subjektua (ni); Andoni da egoera horretan dagoena. Perpauseko osagai bati buruzko bigarren mailako predikazioa dugu hor: [Andoni — burua altxatuta]; ez dugu esaten nola jazo den aditz nagusiak adierazitako gertaera (ikustea), baizik nola zegoen perpausaren osagaietako bat; Andoniri buruz egiten du predikazioa. Objektuari begirako predikazioa dagoenean, objektu hori une horretan zer egoeratan dagoen azaldu ohi da. Hona adibide gehiago: Guztiz hondatuta itzuli zenidan liburua; Begiak malkotan zituela eraman nuen Eneritz ospitalera; Iragazita edaten dut esnea; Pantaila pitzatuta igorri didate Internet bidez erositako telefonoa; Mozorrotuta ikusi zintudan herriko jaietan. Eta moduzko perpausekin bezala, adberbio soilen bidez (Burumakur/gaizki ikusi nuen Ane) edo postposizio sintagmekin (Egoera negargarrian itzuli zenidan liburua) ere gauzatu daiteke objektuari begirako bigarren mailako predikazioa427.

Objektuari begirako bigarren mailako predikazioa subjektuari begirakoa baino nekezago gertatzen da. Subjektuari buruzkoetan bezala, bigarren mailako predikatuak tarte bateko gisa interpretatzeko aukera eman behar du: Iñaki mozorrotuta eraman dut tren geltokira; *Iñaki begi urdinak dituela eraman dut tren geltokira. ‘Mozorrotuta egotea’ denbora tarte jakin bateko ezaugarria da; begien kolorea, berriz, bakoitzari berez dagokigun ezaugarri iraunkorra, eta ezin da bigarren mailako predikatu modura azaldu. Baina badago beste baldintza bat ere: osagarri predikatiboak azken egoerako unea bakarrik seinalatzen badu, ezinezkoa da objektuari begirako bigarren mailako predikazioa. Azaldu dezagun ondorengo adibideekin: Gaztainak aurretik zurituta erre zituen zuzena da, baina *Oilaskoa guztiz txigortuta erre zuen ez da esaten. Lehenean, gaztainak erretzeko prozesuaren hasieratik daude zurituta, eta horrela irauten dute erretzeko prozesu guztian zehar; bigarrenean, guztiz txigortutako egoera ekintzaren azkeneko uneari bakarrik dagokio, emaitzari, eta ez aditz nagusiko ekintza gertatzen den denbora tarte osoari. Horrek eragiten du bi adibideen arteko desberdintasuna.

Bestalde, perpaus nagusiko aditzei dagokienez ere baldintzak apur bat zorrotzagoak dira objektuari begirako bigarren mailako predikazioan: subjektuari begirakoan bezala, egoera aditzekin ez da era horretakorik egiten, baina ezta lorpena adierazten duten aditzekin ere. Objektuari begirako bigarren mailako predikazioa egon dadin egoera aldaketa edo toki aldaketa dakarten aditzak behar dira (Sagarrak garbitu gabe jan zituen; Oilaskoa limoi urez igurtzita sartu nuen labean), edo iritzi eta hautemate aditzak (Nahiago dut kafesnea ondo berotuta; Sehaskatik irtenda aurkitu dut haurra; Poltsan auzokoaren tomateak zeramatzala harrapatu genuen Iker; Fraideen modura hitz eginez irudikatzen ditut Euskaltzaindikoak; Ahoan irribarrea zuela gogoratuko dut beti Mireia).

40.4.2f Bigarren mailako predikazioa gauzatzen duten moduzko perpausek badute beste ezaugarri bat ere: predikazio horren ‘subjektua edo gaia’ —alegia, perpaus nagusiko subjektua edo objektu zuzena, dagokionean dagokiona— mendeko perpausaren barneko argumentu modura ulertzen dela —isilpean geratu ohi den arren—; elementu hori bi perpausetan agertzen dela. Azaldu dezagun astiroxeago.

Jon negarrari eutsi ezinik irten zen gelatik adibidean, azpimarratutako moduzko perpausa subjektuari (Jon) begirako osagarri predikatiboa da; subjektu horri buruz egiten da bigarren mailako predikazioa; eta elementu hori mendeko perpausaren barnean ere ulertu behar da, isilpean, kasu honetan subjektu funtzioan: [Jon gelatik irten zen] / [(Jonek) negarrari eutsi ezin]; Jonek ezin dio negarrari eutsi; moduzko perpausaren subjektua Jonek da. Antzera Uxuek pozez beterik barre egin du adibidean ere: [(Uxue) pozez beterik]; Uxue da pozez beterik dagoena, mendeko perpausaren subjektua. Gauza bera gertatzen da bigarren mailako predikazioa perpaus nagusiko objektuari begirakoa denean ere. Begiak malkotan zituela eraman nuen Eneritz ospitalera adibidean, azpimarratutako moduzkoa perpaus nagusiko objektuari (Eneritz) begirakoa da, eta elementu hori mendeko perpauseko subjektu modura interpretatzen dugu, nahiz eta isilean egon: [(Eneritzek) begiak malkotan zituela]. Berdin gertatzen da Andoni ikusi dut burua altxatuta adibidean, objektuari begirako bigarren mailako predikazioaren adieran: Andoni perpaus nagusiko objektua da, baina mendeko perpauseko isilpeko subjektua ere bera dugu; [(Andonik) burua altxatuta]. Bigarren mailako predikazioaren gaia ematen duen elementua perpaus nagusian eta mendeko perpausean, bietan dago.

Orain arte azaldu ditugun adibideetan, bigarren mailako predikazioaren gaia, bi perpausek komunean duten elementua, subjektuaren funtzioan azaldu zaigu mendeko perpausean; hori da arruntena, gehienetan aurkituko duguna. Baina mendeko perpauseko objektu zuzen funtzioa ere izan dezake bi perpausek komunean duten elementu horrek. Esaterako, Suak erreta aurkitu nuen nire baserri zaharra adibidean, nire baserri zaharra da predikaziogaia, eta mendeko perpausean objektu zuzen modura ulertu behar da: [suak (nire baserri zaharra) erreta]. Gauza bera gertatzen da ondorengo adibideetan ere: Euriak zeharo bustita itzuli zen atzo Ikertxo; Semearen jokabideak kezkatuta hurbildu nintzen eskolara; Inguruko guztiek baztertuta joan zen mundutik Irene. Mendeko perpausei begiratuz honakoak ulertuko genituzke: [euriak (Ikertxo) zeharo bustita]; [semearen jokabideak (ni) kezkatuta]; [inguruko guztiek (Irene) baztertuta]. Beraz, bigarren predikazioaren gai den elementua mendeko perpauseko subjektu izatea da ohikoena, baina objektu zuzen modura ere ager daiteke. Eta baita zehar-objektu modura ere: Kezkek barrua itotzen ziotela hartu zuen etxerako bidea Arantxak adibidean, bigarren mailako predikazioa perpaus nagusiko subjektuari (Arantxa) begirakoa da, eta elementu hori mendeko perpausean zehar-osagarria da; [Kezkek (Arantxari) barrua erretzen ziotela].

40.4.2g Erabilera predikatiboan azaltzen diren moduzko perpausak batzuetan aukerakoak izaten dira, eta beste batzuetan nahitaezkoak24.4.4) Bigarren mailako predikazioa dagoenean, gehienetan, aukerakoa izaten da predikaziozko elementua. Adibidez, Arantxak etxerako bidea kezkatuta hartu zuen perpausean, azpimarratutako zatia kentzen badugu, predikazio nagusiak zentzu berari eusten dio: Arantxak etxerako bidea hartu zuela, alegia. Berdin orain arteko adibide gehienetan ere: Jon negarrari eutsi ezinik irten zen gelatik; Begiak malkotan zituela eraman nuen Arantxa ospitalera; eta abar. Batzuk subjektuari buruzkoak izango dira, besteak objektuari buruzkoak, baina moduzko osagaia gabe ere perpausak zuzenak dira; moduzko perpausak aukerako bigarren mailako predikatuak dira horrelako egituretan.

Aditz gutxi batzuek, ordea, nahitaez eskatzen dute era honetako bigarren mailako predikazioa. Adibidez: Aspertuta sumatu nituen ikusleak. Kasu honetan sumatu aditzak objektua nola dagoen adieraziko duen osagai bat eskatzen du. Ikasleak sumatu nituen, egia da, esan daiteke, baina orduan sumatu aditzak beste adiera bat du: ‘bazirela sumatu nuen’, ‘beren hotsa entzun nuen’… Osagarri predikatibo hauek aditzak eskatzen ditu, eta predikatuaren zentzua osatzen dute; aditzarekin batera zehazten dute harekin erlazionatutako argumentu(ar)en paper semantikoa, eta batzuetan esan daiteke predikatu konplexu bat osatzen dutela. Era honetako egiturei bide ematen dietenen artean izaten dira hautemate aditzak (Haserretuta ikusi nuen udaltzaina; Nekatuta sumatu nuen zuzendaria) edo nahia/desioa/beharra adierazten duten aditzak (Ontziak ondo garbituta nahi ditut; Lan hau amaituta behar dut biharko)428. Horrelako adibideetako moduzko perpausak nahitaezko bigarren mailako predikatuak dira.

Moduzko perpausak lehen mailako predikatu gisa azaltzen direnean, jakina, nahitaezkoak izaten dira, haiek baitira perpausaren predikatu nagusiak. Hona jarraian horrelako batzuk: Telebista hondatuta dago; Tristurak jota dabil Begoña; Jonek guztiokin haserretuta jarraitzen du; Gure erabakiarekin zeharo harrituta gelditu zen Mikel; Osasunarekin kezkatuta dabil Aitor; Txominek begiak hazita dauzka; Semeak guztiz kezkatuta gauzka; Gauzak ez doaz guk espero bezala. Aditz eta egitura kopulatiboak eta semikopulatiboak dira, eta predikatu nagusi izateak egiten ditu beharrezko azpimarratutako moduzko perpausak.

426 Aditzari begirako moduzko adjuntuen eta bigarren mailako predikazioa duten adibideen arteko mugak ez dira beti zehatzak eta garbiak izaten; erabateko jauzia baino gehiago mailakatzea edo gradazioa agertzen da. Gakoa, moduzkoan adierazten dena zenbateraino lot daitekeen dagokion osagaiaren une bateko egoeraren ezaugarriekin, edo zenbateraino adieraz dezakeen aditzeko ekintza betetzeko modua. Aditzari begirako moduzko adjuntuak ditugunean, osagai horiek egitura sintaktikoan aditzetik hurbilago azaldu ohi dira; bigarren mailako predikazioarekin, errazagoa da perpausean tokiz mugitzea, edo inoiz intonazio/koma bidez bereiztea. Egitura sintaktikoko kokapenari dagokionez, gramatikariek proposatu ohi dute bigarren mailako predikazioa dagoenean ere predikatua eta bere argumentua adabegi beretik zintzilik egon behar direla, elkar c-komandatuz.

427 Perpauseko gainerako osagaiei buruzko (datiboa, inesiboan doazenak eta abar) bigarren mailako predikaziorik ez da izaten. Begira ondorengo adibideari: Nik Mireni pozez beterik eman diot oparia. Perpaus honen interpretazio bakarra da ‘ni’ nagoela pozez beterik, inola ere ez Miren; alegia, datiboa daraman osagaiari buruzko bigarren mailako predikaziorik ezin da egin. Partitiboan doazen elementuak ere ez dira bigarren predikazioaren ‘subjektu’ izaten, ziurrenera espezifikoak ez direlako (Demonte y Masullo 1999: 2461-2523).

428 Horrelakoetan perpaus guztia gertakari bakar modura ulertu ohi da; horren ondorioz, aurreko adibideetako batzuk beste era batera ere eman daitezke: Ontziak ondo garbitzea nahi dut; Lan hau biharko amaitzea nahi dut.

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper