Euskararen Gramatika

39.3.12. Kontzesioa adieraz dezaketen beste zenbait egitura


39.3.12. Kontzesioa adieraz dezaketen beste zenbait egitura

Era aski desberdineko egiturak sartuko ditugu atal honetan. Atal oso bat osatzeko adina ez diren egiturak dira. Batetik, esapide modukoak. Bestetik, kontzesio balioa izan dezaketen egitura batzuk: ez berez kontzesioari lotuak direlako, baina bai testuinguru jakin baten laguntzarekin kontzesio balioa izan dezaketelako. Irakurleak esango du testuinguru egoki baten laguntzarekin egitura askok eta askok izan dezaketela kontzesio balioa, eta halaxe da; hala ere, horietako batzuk bakarrik aipatuko ditugu. Zergatik batzuk eta beste batzuk ez? Horietako batzuk gramatika lan garrantzitsuetan kontzesiozko egituren artean sartu izan direlako. Bada arrazoi nahikoa, hala iruditzen zaigu behintzat, haien gainean zertxobait esateko.

39.3.12.1. Ez delakoan ere / Ez idurian ere

  Zirimiri honekin, ez delakoan ere, bustitzen ari gara.

Egitura zurruna da, inongo aldaketarik ez jokorik onartzen ez duena: ezin dugu ez baiezko moldean jarri, ez eta izan aditza ez beste bat erabili ere; pertsona eta denbora ezaugarriek ere, adibide horretan ditugun horiexek behar dute izan: ezin dugu erabili ez hirugarrenaz beste pertsonarik, ez eta indikatiboko orainaz beste aditz formarik. Ez dira erabiltzen, adibidez, honako hauek: *Badalakoan ere, denbora ez doa aurrera; *Pentsatzen ez dugulakoan ere, bustitzen ari gara.

Ez delakoan ere eta ez idurian ere dira, beraz, kontzesio balioa duten egiturak. Lehendabizikoaren literatura idatziko testigantzarik ez dugu aurkitu OEHko corpus osoan; ahozko hizkuntzan, hala ere, oso arrunta da. Mendebaldeko hizkeretakoa da lehenbiziko hori. Hona adibide batzuk: Ez delakoan ere, denbora aurrera doa. (Ez dirudien arren, …); Ez dalakoan bere, hasi da eguraldia freskatzen.

Bigarrena (Ez idurian ere, horrek badaki nola jotzen den soinua) ekialdekoa da, eta bada idatzizko testigantza bat edo beste: Ez-idurian hark kabiari beste zuloa atzean egiten dio, handik joateko aurrekoa tapatzean, erakutsiaz pentsa zagula nola atera sartzean (Otaño).

Kontzesiozko beste egitura askotan bezala, paper garrantzitsua betetzen du ere-k halakoetan ere.

39.3.12.2. Bait-

Aurreko ataletako batean ikusi dugu bait- menderagailua erabiliz osa zitekeela kontzesio perpaus mota bat, nor ere bait- erakoa. Horiek alde batera utzita, gatozen orain bait- menderagailuaren beste erabilera batera, beste inolako ezaugarri formalik ez duen erabilerara, hain zuzen.

Galdera bat eginez hasiko gara: kontzesiozko moldeak dira honako perpaus hauek? Hain eri baitzen, ez zen batere izitu; Hain aspaldian eria baitzen, halere jin hura gure ikusterat420.

Adibide hauek Lafittek bere gramatikan jasotzen zituen, eta han esaten du kontzesiozko “proposizioen” artean bait- ere badagoela.

Horretan izan ezik, ez dugu, ordea, inongo gramatiketan aurkitu bait-en kontzesio erabilerarik. Villasantek, adibidez, dio balio anitzeko menderagailua dela bait-; kasu bakoitzean testuinguruak esaten digula zein balio duen. Erlazio atzizki soila dela dio, eta testuinguru bakoitzaren arabera hartzen duela balio bat edo beste.

Hori horrela bada, kontzesiozkoetan sartzeko arazorik ere ez genuke izango; goiko adibideen zentzua hori baita.

Hala ere, gramatika gehienetan jaso ez delako, literaturan ere gutxitan erabili izan delako, ez zaigu iruditzen beste egitura batzuen mailan jar daitekeenik kontzesioa adierazteko gaitasunari dagokionez behintzat. Goiko adibide horietan testuinguruak laguntzen digu, baina beste askotan ez zaigu iruditzen bait-en erabilera egokia izan daitekeenik kontzesioa adierazteko; interpretatzen zaila delako.

Gainera, esan dugun bezala, Lafittek ematen dituen bi perpausetako batean aurkaritzako diskurtso markatzailea erabiltzen du (halere) perpaus nagusian; bait- menderagailua kontzesio balioa bermatzeko nahikoa ez den seinale.

Hori horrela izanik, kontzesio balioa testuinguru egoki batean adieraz dezaketen egituren artean sailkatuko dugu, baina ez nahitaez zuzenean kontzesioari loturik dauden egituren artean421.

39.3.12.3. -eta

Har ditzagun honako perpaus hauek:

Euskalduna da, eta ez du ia euskaraz egiten (KONTZESIOA-ADBERTSATIBOA)

Gaixorik dago, eta kalera doa (KONTZESIOA)

Gaixorik zegoen, eta ez da kalera irten (KAUSA-ONDORIOA)

Lana bukatu du, eta kalera irten da (DENBORA)

Perpaus juntatuak ditugu guztiak; beraz, adibide bakoitzaren ondoren jarri ditugun kontzeptuak ez dagozkie maila sintaktikoari, mendeko perpaus motei, baizik semantikari, izan dezaketen balioari. Ez dira mendeko perpausak; perpaus juntatuak dira. Egia da, baina, eta juntagailuaren bidez juntatutako perpaus konplexuek gehientsuenetan izan dezaketela ñabardura bat: kausa-ondorioa, hurrenkera kronologikoa, adbertsatiboa… Beraz, perpaus juntatuen erlazioaren araberako balioa izango dugu perpaus juntatu konplexuan.

Hala ere, ezin esan dezakegu mendeko perpausak direnik.

Mendeko perpausak dira, nolanahi ere, hurrenez hurren kontzesiozko perpausetan eta kausazkoetan aztertu ditugun baina eta eta enklitikoa dutenak: Arropa asko jantzi dut, bero dago baina; Aurten ez naiz oporretara kanpora joango, diruz larri nabil eta.

39.3.12.4. -ela(rik)

-ela(rik) menderagailudun perpausak aipatu besterik ez dugu egingo, § 39.1.5.2 atalean aztertu baitugu auzi hau. Han esaten zen ez zela normalena halako perpausak ere-rik gabe ematea, kontzesio balioan bederen.

Hala ere, testuinguru egoki batean, beste egitura asko bezala, gai da perpausari kontzesio balioa emateko.

Honelakoei ez diegu aitortu beste kontzesio egitura batzuen maila: batetik, ez direlako adibide asko ere gabeak; bestetik, ere gabe erabiltzen denean ere, autoreek beste estrategia batzuk erabili izan dituztelako kontzesio balioa bermatzeko (adibidez, perpaus nagusian aurkaritzako diskurtso markatzaile bat txertatzea).

39.3.12.5. -elako

Hau ere ez da kontzesioari zuzenean lotutako menderagailu bat, baina balio dezake perpausari testuinguru jakin batean kontzesio kutsua emateko.

Har ditzagun perpaus hauek, adibidez: Hitz berri gehiegi dituelako ez diogu ukatu behar ondo merezi duen txaloa (Mitxelena 1972b)422; Aberatsa dalako ezta gehiegi poztutzen: eta pobrea dalako ezta gehiegi penatzen (Gerriko).

-elako menderagailua duten perpaus horiek kausazkoak baino gehiago kontzesiozkoak dira. Perpaus nagusiko aditzak ezezko forma behar du hori horrela izateko; baiezko forma baldin badu, kausazko balioa izango du. Molda dezagun Gerrikoren adibidea, perpaus nagusia baiezko eran jarriz, hori erakusteko: Aberatsa delako pozten da: eta pobrea delako penatzen da. Mendeko perpaus horrek ez du kontzesioaren zantzurik.

420 Bigarren adibide honetan, diskurtso markatzaile anaforikoa dugu (halere), kontzesio perpausaren anafora dena. Horrek, jakina, laguntzen du kontzesio interpretazio egokia egiten.

421 Zentzu horretan ulertu beharko genituzke Lafitteren hitzak (“Bait- peut avoir la valeur de concession”).

422 Adibide hauetan, autoreek markatu ez duten arren, etenaldi bat dago -elako menderagailuaren ostean: alegia, mintzagai moduan interpretatu behar da -elako duen mendeko perpausa, eta ez galdegai moduan.

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper