Euskararen Gramatika

39.1.1. Kontzesio perpausak zer diren


39.1.1. Kontzesio perpausak zer diren

39.1.1a Aurkaritzarekin lotura duten mendeko perpaus multzo zabal bat izendatzeko erabili ohi dira kontzesio perpausak edo perpaus kontzesibo izendapenak.

Kontzesio perpausen lehenbiziko ikuspegi bat emateko, ekar ditzagun hona adibide batzuk: Nahiz bizkarreko mina duen, kirola egitera joan da; Argentinara joan da oporretara, han negu gorrian dauden arren; Mila aldiz gauza bera errepikatuagatik, berdin jarraitzen du umeak; Betebehar asko baditu ere, beti aurkitzen du tarteren bat lagunentzat; Negu gorria izanik ere, alkandora hutsean dabil Iñaki; Loteria egokituz gero ere, ez litzateke zoriontsu izango; Nahi ez nuelarik ere, lan horretan hasi nintzen.

Ikusten denez, euskaraz mendeko egitura asko ditugu kontzesio balioa adierazteko.

Perpaus horietan, azpimarratuta eman ditugu mendeko perpausak, aditz menderatuen inguruan osatutako perpausak; esan bezala, era askotako gailuak erabil daitezke menderakuntza mota honetan: menderagailuak (-en, -ela, -elarik, ba-, aditz partizipioa), postposizioak (arren eta -gatik), diskurtso markatzaileak (ere) eta bestelako marka batzuk (nahiz, adibidez). Bestalde, aditz jokatuak eta jokatugabeak ditugu goian emandako adibideetan: bietariko adizkiak erabiliz osatzen dira kontzesio perpausak; bata bezain garrantzitsua eta erabilia da beste baliabidea.

39.1.1b Zertan datza, baina, kontzesioa? Kontzesioaren definizioa emateko, eta menderakuntzaren arloan gramatika honetan batez ere erabili dugun irizpideari jarraituz, irizpide logiko-semantikoetan oinarrituko gara. Hala egin izan da orain arteko gramatiketan, eta hala egingo dugu geuk ere atal honetan. Ikusita, baina, kontzesiozko morfemen zer-nolako ugaritasuna dagoen, argi dago bestelako irizpide bat ere behar dugula: semantikara jo dugu, esan bezala, perpaus hauek besteetatik bereizteko; gero, ordea, behin perpaus mota hauek esanahiaren aldetik definitu ondoren, formaren irizpideari helduko diogu kontzesiozkoetan azpisailak egiteko: kontzesio perpausak adierazteko erabiltzen diren forma askotarikoei helduko diegu horretarako.

Perpaus hauek definitzeko, esan dezakegu bi erlazio mota daudela haietan: batetik, inferentzia erlazio bat dugu, aurresuposizio bat: aldez aurretik gizartean edo hiztunaren mundu ikuspegian ontzat ematen den aurresuposizio bat: p proposiziotik q proposizioa ondorioztatzen dugu, eta, alderantziz, p’-tik, berriz, q’. Konparazio baterako, norbait gaixorik dagoenean ondorioztatzen dugu ez dela lanera joango, etxean geratuko dela sendatu bitartean. Ongi dagoenean, berriz, lanera joaten dela ondorioztatzen dugu. Inferentzia edo ondorioztatze erlazio bat da hori: p → q (edo p’ → q’).

Bestetik, aurkaritza erlazio bat ere bada kontzesio perpausetan. Perpaus nagusian adierazitakoari jartzen zaion oztopo bat adierazten du mendeko perpausak. Goian ontzat eman dugun erlazioa (p → q; p’ → q’) trukatzetik sortua da oposizio hori (p → q’; p’ → q).

39.1.1c Adibide bat emateko, p “sasoi betean egotea” baldin bada, p’ baldin bada “gaixorik egotea”, q baldin bada “lanera joatea” eta q’ baldin bada “etxean geratzea”, honako hau litzateke ontzat ematen den erlazioa, oro har:

Illustration

Aldez aurretik ezarritako inferentzia erlazio hori trukatzean datza kontzesioa:

Illustration

Era honetara sortzen dira kontzesio perpausak:

Gaixorik badago ere, lanera joan da (p’ → q)

Sasoi betean dagoen arren, etxean geratu da (p → q’)

Goian esan dugu gizartean ontzat ematen den uste bat haustea dela kontzesioa; alabaina, gizartean ez ezik hiztunaren mundu ikuskeran ere ontzat eman daitekeen egoera edo uste bat ere izan liteke. Adibidez, zenbait hiztuni bitxi samarra gerta badakioke ere, beste zenbaiten kasuan zentzuz betea litzateke honako perpaus hau: Aberatsa den arren, zoriontsu bizi da. Kasu honetan, hala dioenak uste du aberatsak ezin direla zoriontsu bizi, duten dirutzak arazoak sortzen dizkielako edo; aurresuposizio hori aldatuz, kasu honetako aberatsa aberats guztien egoera orokorretik aldentzen da, eta zoriontsu bizi dela esaten da.

39.1.1d Esan dugu mendeko perpausak oztopoa adierazten duela perpaus nagusian adierazten dena betetzeko; nolanahi ere, ez da nahikoa oztopo izaten perpaus nagusian adierazitakoa galarazteko: beti betetzen da perpaus nagusian predikatzen dena (Txiroa den arren, dirua ematen die eskaleei; Negu gorria bada ere, Errusiara joan da oporretan). Horietan, azpimarratuta eman dugun mendeko perpausean esaten dena gorabehera, perpaus nagusikoa bete egiten da: oztopoak oztopo, “eskaleei dirua ematen die txiroak”, “Errusiara joan da oporretan”.

39.1.1e Bestalde, mendeko perpausak adierazten duen aurkaritzak ez du zertan gogorra izan. Gaixorik badago ere, lanera joan da adibidean, esate baterako, oposizio gogor samarra dago, benetako oposizioa, gaixorik egotearen eta lanera joatearen artean. Beste batzuetan, ordea, oposizioa ez da hain bortitza izaten perpaus mendekoaren eta nagusiaren artean; aurkaritza erlazioa ahulagoa da: Andaluzian izan naizen arren, ez zaitut bisitatu; Aste honetan Donostiara joan banaiz ere, ez dut Kontxako badia ikusi. Ez dago benetako oposiziorik Andaluzian izatearen eta laguna bisitatzearen artean, ez eta Donostiara joatearen eta Kontxako badia ez ikustearen artean ere, nahiz eta kasu horietan bi perpausak kontzesiozko perpausaren formarekin ematea erabaki den. Aurresuposizio kontua litzateke, aldez aurretik zerbait uste izatearena. Uste edo aurresuposizio hori kasu bakoitzeko testuinguruak ezartzen du: baliteke uste izatea Andaluzian izaten naizen bakoitzean hango laguna bisitatu behar dudala; era berean, Donostiara joaten naizen bakoitzean Kontxako badia ikusi behar dudala uste izan dezaket. Hor oinarrituko da kontzesio balioa, aurresuposizio horietan, edo, hobeto esateko, kasuan kasuko aurresuposizio horiek haustean.

39.1.1f Beste batzuetan, aurkaritza erlazio are ahulagoak aurkitzen ditugu perpaus mendekoaren eta nagusiaren artean: Errealak partida galdu badu ere, Osasunak irabazi egin du. Ez dago inongo oposiziorik proposizio bataren eta bestearen artean; lasai asko adieraz genezake hori juntaduraren bitartez: Errealak partida galdu du, eta Osasunak irabazi. Menderakuntza aukeratu badugu ez da izan noski Errealak galtzen duen bakoitzean Osasunak ere galdu egiten duela uste dugulako (hori litzateke benetako kontzesioa: p → q erlazioa p → q’ bilakatzea). Hori adierazi nahi ez badugu (eta ez dirudi hala denik), egokitasunaren mugan legoke eman dugun adibidea. Egitura hori erabiliz adierazi nahi dena badirudi honelako zerbait dela: Errealak galdu egin du, baina lasaiago gera daitezke euskal futbolzaleak, bietako batek behintzat (Osasunak) irabazi egin duelako. Aldaera estilistikotzat uler daiteke hor juntaduraren ordez menderakuntza erabiltzea405.

Bistan da pentsamenduak edo gertakizunak aurkezteko modu desberdinak erabiltzen ditugula. Batzuetan kontzesio garbia egiten dugu: Etsairik amorratuena etortzen bazait ere, nire etxeko ateak irekiak izango ditu. Beste batzuetan, ideia bera era zeharkakoagoan adierazi izan dugu: Datorrena datorrela, nire etxeko ateak irekiak izango ditu; Nornahi etor dadin, nire etxeko ateak irekiak izango ditu. Kasu horietan etxeko ateak edozeinentzat daudela zabalik adierazten da, baita (hemen dago kontzesio balioa) horien artean izan daitezkeen etsaienentzat ere. Hor legoke kontzesio perpaus mota desberdinen artean aukera egiteko gakoetako bat: gauzak nola azaldu edo aurkeztu nahi ditugun.

39.1.1g Kontzesio perpausetan, orain arte ikusi ditugun adibideetatik ondoriozta dezakegunez, menderagailuak eta haiekin konbinatzen diren gailuak (markak, postposizioak, diskurtso markatzaileak…) aurkituko ditugu kontzesio perpausak eratzeko (jokatuak nahiz jokatugabeak). Gailu horiek honako hauek dira: nahiz marka, arren eta -gatik postposizioak eta ere diskurtso markatzailea. Horiekin konbinatzen dira aditzari atxikitako menderagailuak: -en, ba-, -ela(rik), -tu, -tuta, -turik…

405 Gaur egun zenbait euskaldunen ahotan dabilen forma bitxi bat aipatu nahi genuke hemen; perpaus hauek, adibidez, ongi eratuak dira, eta sinonimoak: Nahiz ondo jaurti duen, ez du baloia sareratu; Ondo jaurti du, baina ez du baloia sareratu. Ondoren datorkigun perpausa, ordea, bitxia da, eta ez da egokia aurreko bi adibideetan esan nahi izan dena adierazteko: #Ondo jaurti du, nahiz ez duen baloia sareratu. Hor, trukatu egin da kontzesio erlazioa, eta ez dagokion perpausean kokatu da kontzesio gailua.

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper