Euskararen Gramatika

37.4.4. -tzeko formarekin eginiko helburuzkoez bestelako perpaus mota batzuk


37.4.4. -tzeko formarekin eginiko helburuzkoez bestelako perpaus mota batzuk

Helburuzko perpausak ez ezik bestelako egiturak ere eratzen dira -tzeko formarekin, haien hurbilekoak batzuk. Hala, besteak beste, zertarako-osagarriak (prest nago lanean hasteko), izenlagunak (autoak garbitzeko makina; oporrak egiteko gogoa), eta predikazio egiturak (ikustekoa da).

37.4.4a Kapitulu honen atarian esan den moduan, helburuzkoetatik hurbil daude zertarako? galderari erantzuten dioten perpaus osagarriak. Aldea, berriro esan, bikoitza da; batetik, helburuzkoek egile borondateduna eskatzen dute (ondo prestatu behar ditugu gauzak bihar Bilbon batzarra egiteko) eta osagarriek ez (badira tokiak sobera bihar Bilbon batzarra egiteko); bestetik, konplementazio erlazio desberdina dute: helburuzkoak predikatuak hautesten ez dituen konplementu adjuntuak dira, erabiltzen duten formari esker betiere xedea adierazten dutenak; osagarriak, aldiz, predikatuak hautesten dituen konplementu argumentalak dira, predikatuaren araberako esanahia dutenak.

37.4.4b Ez da beti zehatza, ordea, helburuzko perpausen eta zertarako- osagarrien arteko muga, bai baitira batera zein bestera uler daitezkeen perpausak. Hala, esate baterako, lorkizuna edo ondorioa patu moduan aurkezten dutenak (gu denok hondatzeko sortu zen zoritxarreko gerra —gerra da hondamendia ekarri duen patua edo zoria, egileen borondatea gorabehera—), edo zerbaitek duen edo norbaitek ematen dion erabilera adierazten dutenak (urratsetan laguntzeko {da ∼ dut} makila —hau da, ‘erabiltzen {da ∼ dut}’). Hala ulertuta, helburuzkotzat ere har daitezke perpaus horiek, edo, behintzat, helburuzkoen eta osagarrien artekotzat. Esan behar da, bada, mutur biak aski garbi zehaztuak diren arren —helburuzkoak batetik eta osagarriak bestetik—, badela bien artean muga lausoko eremu bat, zeinetan perpausak batera zein bestera uler daitezkeen (ikus 30. kapitulua; EGLU-VII: 504).

Gauza bera gertatzen da -tzekotan formako perpaus batzuekin. Erdibidekoak izan daitezke hauek ere; egile inplizitua dutenak izan daitezke, edo lorkizuna patu moduan aurkezten dutenak: Nor da munduan mende oso bat bizitzekotan sorturik? (Larre).

37.4.4c Hurbilekoak dituzte helburuzko perpausek, halaber, -tzeko formarekin eginiko izenlagunak (bizarra kentzeko makina, zinera joateko gogoa). Perpausak gobernatuetan bezala, izenak gobernatzen dituen hauetan ere -tzeko perpaus mota bi bereiz daitezke: adjuntuak eta osagarriak. Izan ere, batzuk aukerako laguntzaileak dira, izenak hautesten ez dituenak (lo egiteko pilulak; arrautzak frijitzeko zartagina; autoak garbitzeko makina; hautsa kentzeko zapia); adjuntuak direnez, izenlagunik gabe ere badute zentzua izen horiekin eginiko perpausak: Pilulak hartu ditut; Zartagina erosi dut; Makina berria jarri dute; Emadazu zapia. Beste batzuk, berriz, izenak hautesten eta eskatzen dituen osagarriak dira (mendira joateko asmoa; lagunak ikusteko gogoa; emeki ibiltzeko aholkua); osagarririk gabe herren geratzen dira izen horiekin eginiko perpausak: ?Asmoa duzu?; ?Gogoa dugu; ?Aholkua eman dio —osagarri inpliziturik ez badute, zerbait falta dute perpaus horiek—.

37.4.4d Izenlagun adjuntu horiek izenak adierazten duenaren funtzioa ematen dute aditzera: Emadazu leihoak garbitzeko zapia; Lo egiteko pilulak hartzen ditu; Uda igarotzeko etxea erosi dut —zapiaren funtzioa ‘leihoak garbitzea’ da, pilulena ‘lo eragitea’, eta etxearena ‘uda igarotzea’—. Esanahiari dagokionez, bada, helburuzko perpausen antzekoak dira izenlagunok, baina ez guztiz errankideak, borondatedun egilerik ez baitago hauetan; hortaz, esan bezala, funtzioa adierazten dute, ez helburua. Egitura ere desberdina dute, bistan da, eta ahozkoan gauzatze diferentea dute. Konpara, esate baterako, ondoko esaldi bi hauek: Lo egiteko, pilulak hartzen ditu eta Lo egiteko pilulak hartzen ditu. Esanahi bertsukoak izan arren, egitura desberdina dute. Lehenbizikoa helburuzko perpausa da, eta honela irudika daiteke, labur: lo egiteko, [(pilulak) hartzen ditu]; ikusten denez, pilulak da aditzaren objektu zuzena, eta lo egiteko sintagma aditza modifikatzen duen adjuntua. Bigarrena, berriz, izenlaguna da, eta honela irudika daiteke: [(lo egiteko) pilulak] hartzen ditu; hor lo egiteko pilulak sintagma da aditzaren objektu zuzena, eta lo egiteko perpausa pilulak izenaren izenlaguna da. Lo egiteko sintagmak helburua adierazten du aditzaren konplementu denean, hots, helburuzko perpausa denean, eta funtzioa, berriz, izena modifikatzen duenean (§ 30. kapitulua).

37.4.4e Osagarrietan, berriz, izenak hautesten du -tzeko formako izenlaguna: [(-tzeko) {aholkuusteiritzibeldurkezkakeinu…}]. Hauen esanahia ere ez da berez helburuzkoa, izen gobernatzailearen araberakoa baizik; ‘aholkuaren’, ‘ustearen’, eta gainerakoen objektua da, kasuan-kasuan, -tzeko perpausa. Izena asmo, xede edo helburu baldin bada, sintagmak xedea adierazten du, jakina, baina ez egituragatik, izenagatik baizik: Partida irabazteko asmoa dugu; Lagunak agurtzeko xedea zuen; izen sintagmari postposizioa erantsita eraturiko [(-tzeko) {xedearekin ∼ helburuarekin ∼ nahiarekin ∼ ideiarekin ∼ asmotan}] gisako sintagmak postposizio sintagmak dira, eta, hain zuzen ere, izenari dagokion ‘xede’, ‘helburu’ edo ‘asmo’ esanahia ematen diote esaldiari. Helburuzko perpausen errankide dira, hortaz, egituran den aldea gorabehera: Oporretan irakurtzeko {xedearekin ∼ ideiarekin ∼ asmotan} erosi dut liburua = Oporretan irakurtzeko erosi dut liburua; Berehala itzultzeko {xedearekin ∼ ideiarekin ∼ asmotan} joan da = Berehala itzultzekotan joan da. Ohiko postposizio sintagmak dira aurrenak, postposizioaren gobernupean izen sintagma dutenak, eta perpausa gobernatzen dutenak, berriz, bigarrenak, helburuzko perpausak. Gorago esan den moduan, hain zuzen, -tzeko asmotan sintagmatik sortua da, izena isilpean utzita, perpausetako -tzekotan forma finkoa.

Helburuzko perpausak eta izenlaguna dutenak sintagma mota desberdin bi direnez, biak ager daitezke perpaus berean: Egunkaria irakurtzeko, hurbiletik ikusteko betaurrekoak jantzi behar ditut; Liburu pare bat erosteko asmoa daukat, oporretan irakurtzeko.

37.4.4f Aditz kopulatiboekin ere joan daiteke -tzeko formako perpausa, predikatu funtzioan —izan, egon eta *edun, eduki aditzekin, alegia—, aditz perifrasiak eratuz zenbaitetan: Harritzeko da zenbat lan egin duen; Jaialdia hasteko zegoen. (Ikus EGLU- II: 468-470).

Esanahiari dagokionez, bat baino gehiago dira mota honetako perpausak aditzera eman ditzaketen nozioak. Inguruaren arabera ulertzen dira; asmoa adieraz dezakete (aurten ere Berlina joatekoa naiz oporretan ≈ ‘joateko asmoa dut’), egoera (zakarretara botatzeko dago txirringa zahar hori ≈ ‘botatzeko moduan’), obligazioa (lan hori zuek egitekoa da ≈ ‘zuek egin behar duzue’). Zerbaiten ‘neurria’ edo ‘balioa’ azpimarratzeko erabiltzen dira batzuetan (ikustekoak dira uholdeak eragindako kalteak; kontuan hartzekoak dira haren aholkuak); balorazio esanahi horrekin darabil maiz Axularrek egitura hau, Villasantek azaldu zuen bezala (kontsideratzekoak dira hitz hauek; laudatzekoa zen errege hura)375.

37.4.4g Erdiespena adierazten duten aditzekin, haren gauzatzearen berehalakotasuna seinalatzen du zenbaitetan -tzeko perpausak, aditz nagusia aspektu burutugabekoa denean: Aurreko eguneko maiseolaria horma gain batetik jauzi egiteko zegoelarik, atzetik isilka ondoratuta, bultzada batez buruz behera bota zuen horma gainetik (Barrensoro); Eta mahaitik altxatzeko zeudela: tan-tan, atea (Ugalde); aspektu inkoatiboa adierazten duten esaldi horien oinarrian jauzi egiteko zorian, altxatzeko puntuan edo gisa horretako postposizio sintagmak egon daitezke, izena eta atzizkia isilpean utzita sortuak. Aditz nagusia aspektu burutukoa denean, berriz, gertakaria gauzatzeko egon bai, baina gauzatu gabe geratu dela iradokitzen da: Bere burua leiho batetik behera botatzeko egon zen (J. I. Arana); Ahotik kendu didak; neu bere horixe itauntzeko egon naiz (Azkue); Burruntzian zegoela kosk egiteko egon ninduan (Altzaga).

37.4.4h Zerbaiten falta edo gauzatu gabeko zerbait adieraz dezake, berriz, egon edo eduki aditzekin doanean: Ikusteko dago zer ekarriko duen datorren agintaldiak (Argia); Zu eta gu lezio asko jasotzeko gaude oraino (Argia); Duela urtebete ez bezala, sasi gutxiago dauka garbitzeko (Berria). Gabeziaren adiera hori argi ikusten da -tzeko perpausa -tzeke atzizkia dutenen errankidea denean: Egiteko dago zorioneko Euskal atlas hori (Mitxelena); Euskal sintaxi osoa, edo ia osoa, egiteke daukagu (Mitxelena). Ondoko adibide honetan, forma biak ageri dira juntaturik: Garapen gutxiko literaturetan alderantzizkoa da sentsazioa, egiteke eta egiteko dagoela gehiena (Berria).

Egitura predikatibo hau dute, azkenik, zerbaiten erabilera adierazten duten perpausak eta, goraxeago azaldu den moduan, helburuzkoen eta osagarrien tartean koka daitezkeenak: Urratsetan laguntzeko {da ∼ dut} makila. Itzuli hau da, predikazio egitura hauetan, helburuzko perpausetatik hurbilen dagoena.

37.4.4i -tzekotan formako perpausa ere izan, egon, ibili edo geratu bezalako aditzekin doa askotan, predikatu gisa, eta ekintza baten xedea baino areago, zerbait egiteko asmo edo intentzioa adierazten du: Legebiltzarrean bilera ezohikoa egitekotan dira gaur alderdiak (Berria); Biharamunean bilera bat egitekotan geratu dira (Berria); Etzi etortzekotan lotu gara (Urrutikoetxea). Argia da esanahi hori -tzekotan perpausa asmo izena daraman perpausarekin juntatua denean: Dantza eta masaje tailerra egiteko asmoa dugu, eta barre terapia egitekotan ere bagara (Berria). Mugimendua adierazten duten aditzen konplementu ere izan daiteke forma honekin eginiko perpausa: Goizean joan zen mendira, bazkaltzera itzultzekotan, baina ez zen bueltatu (Berria); Hurrengoan itzultzekotan joan da, pozik (Goienkaria).

Asmoaz bestelako nozioak ere adieraz ditzake, hala ere, isilpeko izena bestelakoa denean; egoera, besteak beste: Nafarrek partida nahiko eskasa egin zuten, eta berriro kale egitekotan izan ziren (Berria); Aseguru etxea porrot egitekotan zegoenean, Gobernuak diru laguntzak eman zizkion (Berria).

37.4.4j Balio inkoatiboa du beste zenbaitetan, -tzeko perpausak bezala, erdiespena edo gauzatzea adierazten duten aditzekin, aditz nagusia aspektu burutugabekoa denean: Euskaltegitik atera berri den ikasle bat alboko tabernara sartzekotan da (Berria); Autoa errepide nagusira ateratzekotan zela, bide horretan zihoan kamioi batek jo zuen atzetik (Berria). Eta gertakaria gauzatzeko puntuan egonda, gauzatu gabe geratu dela adieraz dezake, aditz nagusia aspektu burutukoa denean: Lehen zatiaren amaieran bigarren gola sartzekotan egon ziren (Berria); Alpeetan barna ere ibili da, eta Perura joatekotan egon zen duela urte batzuk (Berria).

375 Villasante: “Cuando Ax. emplea este -ko con artículo obtiene una suerte de adjetivo o nombre, con un significado análogo al castellano «digno de», «apropiado para» […]. Convendría para expresar este sentido, servirse de este procedimiento, en vez de recurrir al sufijo derivativo -garri, cuyo signifcado fundamental es el de «productor» o «agente»” (1976: 141).

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper