Euskararen Gramatika

36.7.1. Aurrekotasuna eta ondokotasuna adierazten duten formak


36.7.1. Aurrekotasuna eta ondokotasuna adierazten duten formak

36.7.1a Aurrekotasuna edo ondokotasuna adierazten dituzten formak ikusiko ditugu atal honetan. Mendeko perpausak aipatzen duen gertakaria da erreferentzia: perpaus nagusiko gertakaria hura baino lehen gauzatzen denean dugu aurrekotasuna (Berotze ariketak egin ditugu, partida hasi baino lehen), eta haren ondoren gauzatzen denean, berriz, ondokotasuna (Dutxa beroa hartu dugu, partida amaitu eta gero).

Forma hauetako mendekoak une bat seinalatzen du beti eta une horrek ematen dio aurretiko edo ondoko erreferentzia perpaus nagusiko gertakariari. Erdiespena adierazten duen predikatua izaten da askotan (sartu aurretik; irten ondoren), eta iraupen edo epeko predikatua denean, epe horretako hasierako edo amaierako unea izaten da kontuan hartua. Aurrekotasuna adierazten denean gertakariaren hasierako unea izan ohi da seinalatua (Musean aritu baino lehen, kafe bana hartu dute, hau da, ‘mus jardueran hasi baino lehen’; Bekadun izan aurretik, ez nuen ikerketarako aukerarik, hots, ‘beka jasotzen hasi aurretik’); gauzatzea adierazten dutenekin ere hasierako unea izan daiteke kontuan hartua (Bazkaria prestatu baino lehen, garbitu sukaldea, hots, ‘bazkaria prestatzen hasi baino lehen’), baina baita gauzatze burutuarena ere (Bazkaria prestatu baino lehen ez hasi beste ezertan, hots, ‘prestatzea burutua izan baino lehen’). Ondokotasuna adierazten denean, berriz, iraupenaren azken unea da seinalatua beti, bai jarduera-egoeretan baita gauzatzean ere (Musean aritu ondoan, kafe bana hartu dute; Eguzkitan egon ondoren, uretan sartu da; Etxea garbitu eta gero, paseatzera atera da). Ohartzekoa da, horren harira, perpaus hauek ere ez dutela ezezkorik onartzen, ezezkoak uneko gertakaria adierazten ez duen neurrian: *Eguna ez argitu aurretik, lanean ari nintzen; *Neronek esango dut, bestek esan ez dezan baino lehen; *Eguzkitan ez egon ondoan, uretan sartu da.

Perpaus nagusia, bere aldetik, aspektu guztietakoa izan daiteke. Hala, aurrekotasuna adierazten duten perpausetan: Bazkaria prestatzen hasi baino lehen {azokara joan naizetxeko lanak egin ditutpaseoan ibili naizurduri nengoen}. Berdin, ondokotasuna adierazten dutenetan: Festa amaitu eta gero {etxera joan ziren gonbidatuak ∼ goitik behera garbitu genuen gela ∼ herrian zehar ibili ginen ∼ nekatuta geunden}.

36.7.1b Mendekoak aipatzen duen gertakariaren gauzatzeari dagokionez, desberdinak dira aurrekotasun-perpausak eta ondokotasuna adierazten dutenak. Aurrekotasunean perpaus nagusiko gertakaria lehenagokoa denez, honen gauzatzeak ez du egiaztatzen ondokoa den mendekoarenaren gauzatzea. Aukera guztiak ditu perpausak. Faktuala da batzuetan, gauzatzea egiaztatzen duena: Orain Bilbon bizi da Ainhoa, baina ezkondu aurretik Tolosan bizi zen perpausean, esate baterako, egiaztatua da ‘Ainhoa ezkondu dela’, horren aurreko gertakaria ez ezik (‘Tolosan bizitzea’), ondokoa ere aipatzen baita (‘Tolosan ez bizitzea’); ez-faktuala da, beste batzuetan, gauzatzea egiaztatu gabe uzten duena: Alde egin nuen manifestaziotik, gauzak okerrera egin baino lehen perpausean ez zaigu esaten gauzek okerrera egingo zutelako susmoa bete zenetz; eta kontrafaktuala, beste zenbaitetan, gauzatze eza adierazten duena: Isiltzea erabaki nuen, gezurretan hasi baino lehen, hau da, ez nintzen gezurretan hasi. Ondokotasuna adierazten denean, berriz, faktualak dira beti mendekoak, perpaus nagusiko gertakariaren gauzatzeak aurretiko mendekoarenaren gauzatzea suposatzen baitu. Etxea garbitu eta gero, paseatzera atera da perpausean, esate baterako, ‘paseatzera ateratzearen’ gauzatzeak aurreko ‘etxea garbitzearen’ gauzatzea egiaztatzen du. Eta, geroaldian emanda, Etxea garbitu eta gero, paseatzera aterako da, perpaus nagusiko gertakariaren gauzatzeak mendekoarenaren gauzatzea suposatzen duela esaten zaigu.

36.7.1c Formari dagokionez, partizipioarekin eratzen dira nozio bi hauetako perpaus asko, eta partizipioari erantsitako postposizioak adierazten du zein den perpausak adierazten duen nozioa (sartu aurretik / sartu ondoan). Beste alderik ere bada forma horien artean. Gero postposizioak eta hartzen du aurretik (sartu eta gero); ondoan nahiz ondoren postposizioek ere onartzen dute eta eranstea (sartu eta ondoan, sartu eta ondoren); aurrekotasuna adierazten duten lehen, aurretik nahiz aitzinean adberbio-postposizioek, berriz, ez dute hori onartzen (*sartu eta lehen, *sartu eta aurretik, *sartu eta aitzinean); izan ere, partizipioak adierazten duen gertakari burututik aurrera bidaltzen du eta-k, ez atzera —sartu eta esaten denean, ‘sartzea gauzatu denetik aurrera’ esaten da—. Lehen adberbioak, bere aldetik, konparazioko baino onartzen du (sartu baino lehen); ez, ordea, gero-k (*sartu baino gero)35632.3.1.2).

Postposizio edo forma soilarekin egiten diren perpausek modu orokorrean egiten dute aurrekotasunaren edo ondokotasunaren adierazpena. Hala, sartu baino lehen, sartu aurretik, sartu aitzin edo sartu gabe esaten dugunean, sartzearen aurreko denbora seinalatzen dugu beste ñabardurarik gabe; eta sartu eta gero, sartu ondoan, sartu ostean edo sartutakoan esaten dugunean, sartzearen ondoko denbora seinalatzen dugu, besterik gabe. Zenbaitetan, hala ere, denbora nozioa adierazteaz gain, aldearen ‘neurria’ seinalatzen duen zenbatzailea eransten zaie forma hauei (sartu baino bi ordu lehenago, sartu baino bi orduz aurretik edo, modu zehaztugabean, sartu baino zertxobait lehenago, sartu baino askozaz aurretik).

356 Baino geroago erabiltzen da inoiz izenarekin (§ 35.2.5d).

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper