Euskararen Gramatika

32.10.2. Gehiegizkoa adierazten duten egiturak


32.10.2. Gehiegizkoa adierazten duten egiturak

32.10.2.1a Elementu baten maila edo zenbatekoa neurrizkotik goragokoak direla adierazteko -egi atzizkia erabiltzen da nagusiki, adjektibo-adberbioei edo gehi/gutxi zenbatzaileei erantsia, baina baita sobera adberbioa ere, Iparraldean batik bat, eta lar(regi) adberbioa bizkaieraz. Forma horiekin eraturiko sintagmek dagokien elementuaren gehiegizkoa adierazten dute, eta konparazioa dago adierazpen horren oinarrian ere: ohikoarekin, arauzkoarekin, espero denarekin edo zertarako jakin baterako egokia den neurriarekin egiten da konparazioa, neurri hori gainditua dela seinalatuz. Ebaluazio gisako konparazioa da: Gazteegia zara autoa gidatzeko; Handiegia da ohe hori gela txiki honetarako; Urrunegi dago zure etxea bisitan maiz joateko.

Gehiegizkoa adierazten duten sintagma horiek ez dute mendeko perpausa eratzen, eta perpaus bakuneko osagai izan daitezke. Hori bai, ‘zertarakoa’ adierazten duen osagarria eskatzen dute. Zerbait handiegia dela esaten badugu, adibidez, ‘zerbaitetarako’ dela handiegia ematen dugu aditzera. Osagarri hori agerian eman gabe uzten da zenbaitetan, baina inplizituki hor da. Jende gehiegi dabil kalean esan daiteke, zertarako den gehiegi esan gabe, baina, oro har egokia den egoerarako edo jardunerako dela gehiegi ulertzen da. Osagarria sintagma destinatiboa izan daiteke: Jantzi hori arinegia da negurako; oinarrian aditz izena badago, berriz, -tzeko forma hartzen du sintagmak eta mendeko perpausa eratzen du: Ahulegia zara lan hori egiteko; subjuntiboa ere erabil daiteke mendeko perpausean, batez ere subjektuak erreferentziakideak ez direnean: Txikiegia zara Ertzaintzan har zaitzaten. (Ikus 37. kapitulua).

32.10.2.1b Gehiegizkoa mailari dagokionean, adjektiboarekin edo adberbioarekin doaz -egi, sobera edo lar(regi) morfemak. [Adjektibo + -egi] sintagma izenarekin joan daiteke, izena partitiboan ez dela: Auto azkarregia erosi duzu, baina *Autorik azkarregia erosi duzu; predikatua ere izan daiteke, askotan mugatua: Zu beti hola izanen zara, beti onegia (Joanategi), baina inoiz mugagabea: Behin onegi izatea, paso; bigarren aldian astoak ginateke (Lafitte). Beste bi formak ere erabiltzen dira predikatuan: Sobera alferrak ziren mendiari gora abiatzeko (Etxebarne); Nire burutasunak lar ilunak izan dira (Erkiaga). Adberbioarekin ere joan daitezke forma horiek, larregi ez besteak, sintagma adberbialak eratuz: Mantsoegi zoaz; Sobera ontsa; Eta lar ondo bere jakingo dut nik zer erantzun (F. Bilbao).

32.10.2.1c Zenbatekoaren gehiegizkoa adierazteko, gehiegi eta gutxiegi formak erabiltzen dira, eta baita sobera eta lar(regi) adberbioak ere —gehiegi forma asko zenbatzaileari dagokio—. Izenarekin doan zenbatzailea izan daitezke forma horiek (Lan gehiegi egiten duzu, baina *Lanik gehiegi egiten duzu); sobera forma izenaren aurrean nahiz ondoan eman daiteke: Landu gabe utzirik sobera denbora, baratzerik onena ez bailiteke lora (Xalbador); Ez baitu haurrak leunkeria sobera beharrik bere etxekoen aldetik (Larre). Berdin, lar forma ere: Batzuek diru lar eta besteek gutxi dute (Aiesta); Lar belozidade zekarren aurretik zetorren horrek (Gerrikagoitia). Aldiz, larregi, izenaren ondoan ematen da: Eskale larregi ezagutzen dituen herria (Erkiaga).

Halaber, izenordainaren funtzioa bete dezakete: Gatza behar du janariak, baina ez bota gehiegi —‘gatz gehiegi’, alegia—; Adar sobera uztea hobe da, ezen ez gutiegi (Duvoisin) —‘adar gutxiegi’—; Ez daitezke konta Jesusek egin mirakulu guztiak: sobera bada (Zerbitzari); Hona beste tranpa […] larregik egin daroena (Mogel).

Adberbio ere izan daitezke: Ez gaitezen gehiegi poztu (Xalbador); Sobera fidaturik izar faltsuari (Xalbador); Ez dio geroari lar begiratu behar (Erkiaga); Larregi opa baikenion politikari (Mitxelena).

Adjektibo gisa ere erabiltzen dira gehiegi eta (lar)regi, izenlagun: Konfiantza gehiegia sortzen baitigu (Mitxelena); Den azkarrenari buru hauste soberak azkenean kalte egiten dio (Hiriart-Urruti); Munduko ondasunen desio lar bat (Uriarte); Neke larregi edo gogorregiak (B. Mogel). Edo predikatu: Bizimodua eroateko hori ez da gehiegia (F. Etxebarria). Bai eta izen bezala: Arrazoia da beti aurkitzen erdian, ez gehiegian eta ez gutxiegian (A. P. Iturriaga); Gehiegia beti da txarra (Azkue); Pozaren gehiegia nonahitik dario (Azurmendi); Eta hutsak betetzea, eta sobrak kentzea asko kosta zitzaien (Kardaberaz); Larrak gutxia ekartzen du; Larregia eta urriegia, guztia da kaltegarria (J. J. Mogel).

Gehiegi(z)ko eta larregi(z)ko formak ere izenlagun edo predikatu izan daitezke: Geihegizko amore horrek bihotza erdiratu (Kardaberaz); Gehiegiko laztasun bage (Iztueta); Hori gehiegizkoa zen (Villasante); Gehiegizko baderitza norbaitek esan dudanari (Mitxelena); Larregiko lana eta nekea (J. J. Kortazar); Larregizko berritsukerietan (Agirre); Hemen ikusten duguna larregizkoa da (Otxolua)301.

32.10.2.1d Atzizki txikigarria erantsita gehiegitxo (gehitxo, aldaera) eta gehiegixko formak eratzen dira: Gehiegitxo hitz egin zuen (EH). Bai eta lartxo: Lartxo edan duelako (EH). Eta soberaxe, soberaxko formak ere: Soberaxko edaten ere du (EH). Goi-nafarreraz, berriz, aise adberbioa erabil daiteke -egi atzizkia duten formekin: New York aise handiegia da (EGPB, EGLU Laburra: 461).

Adjektiboari edo adberbioari erantsitako atzizki txikigarriek berek ere adieraz dezakete gehiegizkoa, modu leunean, ekialdean batez ere: Urrunxko da etxea; [Bidea] egunean lau aldiz egiteko handixkoa zela jujatu zuten aitak eta amak (Larre); Gaurkoa askatasun handitxoa da […] (Uztapide); Kantua goraxe hartu du (Lafitte). Azkuek gazixe, handixe eta ttipixe adibideak ematen ditu.

32.10.2.1e Ezezkako esaldietan ‘gutxi’ edo ‘batere ez’ adieraz dezake gehiegi-k, ironiazko esanahian, bai eta sobera edo larr(egi) formek ere: Etxean egotea ez zaizue gehiegi gustatzen (Aresti); Ez gaitu gehiegi maite euskaldunok (Mitxelena); Ez baita bestetan gehiegizko batasunik gure artean (Mitxelena); Ez da sobera ontsa jiten, dioenaz, Venezuelako euskaldunekin (Mirande); Ez dugu larregi aurreratu bide horretarik (Mitxelena).

301 EHk larregizko forma aipatzen du; larregiko forma, ez.

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper