Euskararen Gramatika

26.6.1.2.2. Burutua


26.6.1.2.2. Burutua

26.6.1.2.2a Iraganaldi burutuak solasaldiaren unea aitzin burutua zen gertakari bat adierazten du. Gorago erran dugu euskarak, hizkuntza askok bezala, solasaldiaren unearen eguna mugatzat harturik, iraganaldi hurbila eta ez hain hurbila morfologikoki bereizten dituela. Euskalki guztietan, solasaldiaren egunean agitu gertakariak aldi oraineko laguntzailea duen [-tu + izan/*edun] adizki analitikoaren bidez adierazten dira (etorri naiz, egin dut tipoko adizkia): Goiz honetan berean jalgi naiz, ondo-ondotik darion erreka segitu dut bazter bazterretik, ote tustek desbideratzen ez nindutelarik (Aintziart); Rakel gaur nire aurretik ibili da telefonoz deitzen, baina ez du erantzunik jaso (Zubizarreta). Solasaldiaren egunaren muga gainditzen duten denbora-tarte zenbait ere iraganaldi hurbilekotzat dauzkagu, solasaldiaren eguna barne hartzen duteno: Aste honetan hire kontu horiek etorri zaizkidak gogora (Etxabe); Ez dute irteera berezirik egin hilabete honetan (Iturbe); Aurten ez dit lagundu niri suerteak (Perurena); Zutaz aunitz oroitu naiz egun hauetan (Epaltza); Gizaldi honetan ia laukoiztu egin da biztanleria (Garate).

26.6.1.2.2b Mendebaldeko eta erdialdeko hizkerek solasaldiaren bezperatik gorako denboran kokatu gertakariak aldi iraganeko laguntzailea duen [-tu + izan/*edun] adizki analitikoaren bitartez deskribatzen dituzte (etorri nintzen, egin nuen tipoko adizkiak): Fredek eta biok ikusi genuen herenegun gauean Comet klubean, dantzan jo eta ke (Larrañaga); Zaflako latzagoak hartu nitian atzo (Epaltza); Bart ez huen bota kanpora katua, eta ez zidanan utzi begirik biltzen (Juan Garzia); Erreka ertzeko sasitza batean ezkutatu zuen Mobylettea eta oinez abiatu zen errepide jeneralaren ertzetik, eskuak zimur-maxkal eta prakak astun (U. Iturriaga); 60ko hamarkadan osasun arazoak izan zituen eta emaztea hil zitzaion (Uribarri); 50eko hamarkadan gertatu zen despopulazioa (Elizondo). Salbuespena bart dugu, aldi oraineko laguntzailearekin erabiltzen baitute idazle askok: Berant ibili haiz bart gauean (Irigoien); Goizaldeko ordu bi eta erdietan bukatu diat bart (Epaltza); Jakizu bart kanpoan egin dudala lo (Zubizarreta); Bart gauean Adarrandi trostan ibili da berriro (I. Mendiguren).

26.6.1.2.2c Ekialdeko hizkeretan, aldiz, solasaldiaren egunarekiko denborazko urruntasuna ez da gehiago hain tinko markatzen. Solasaldiaren eguneko ala bezperako gertakariak izan, oraineko laguntzailea duen [-tu + izan/*edun] adizki analitikoa erabiltzen dute: Barda, «fondan» senditu dudan bakardadea ahantzia dut, goiz honetan (Aintziart); Atzo izendatu die han sous-prefet berri bat (X. Arbelbide); Ezkontzeko mandatu, egin diot atzo (Larzabal); Zalaparta polita atera duk, bart ailegatzean (Epaltza). Solasaldiaren aurreko urteko gertakariak ere adizki horrekin dakartzate egile gehienek: Jaz Lurden Eukariztia-Biltzarrean parte hartu dutenek, barna senditu dute zer den «Ogi zatitua» (Hiriart-Urruti gaztea); Uste duka naski nik ez dakitala, Neretzat zer nahi jaz erran dukala, Ene ohorea nahiz galarazi! (Xarriton); Ez duzu sinetsi nahiko behar bada, bainan erranen dizut egia den bezala jaz ez digula dirurik eman frantses gramatikak erosteko, baizik eta dirua debaldetan xahutzea izanen zela, aitamei ez ziela behar gabeko xahupiderik ordainarazi nahi (X. Arbelbide) baina Iaz erosi zinuen umea, hamabortz egunen buruko hil zautzun (Larzabal); Iaz Maulen izendatu zinituzten buruzagiak bildu izan gira Baionan lauzpabortz aldiz, haziletik aurtengo agorril artian (J. Etxepare); Iaz hemen iragan ginelarik, hamar sosen zorretan gelditu nintzen (Barbier). Halere, hamarkadetako eta mendetako denbora-urruntasuna dagoenean, iraganeko laguntzailea duen adizkia da nagusi: Joseba bank robber bat izan zen laurogeiko hamarkadan (Borda); 1980. hamarkadan sortu ziren euskarazko irratiak (Oxandabaratz); XIX. mendean Frantziaren eta Alemaniaren arteko gerlak izan ziren, eta 1870ean, Alemaniak Frantziari Alsace-Lorraine eskualdea kendu zion (Bidegain); Español itsasturi batek atxeman zituen urarte hauk hamaseigarren mendean (Zerbitzari).

26.6.1.2.2d Iraganaldiko erresultatiboak aurreko ekintza baten ondorioa den egoera bat agerian ematen du, eta egitura predikatibo bat du oinarri: partizipio bat, aurreko ekintza zein den erraten duena, eta kopula bat, egoeraren adierazlea dena (ikus § 26.6.1.1.2d). Euskalkien arabera, honako perifrasien bitartez eratzen da: [-tuta + egon/eduki] (mendebaldea), [-tua(k) + egon/eduki] (erdialdea), [-tua(k) + izan/*edun] (ekialdea) eta [-turik + izan/*edun] (zuberera). Denetan, adizkia aldi iraganekoa da: Ilunabarra zen, eta argiak itzalita zeuden (Atxaga); Ilea zurituta zeukan —arrebak bezala— gazte-gaztetatik (An. Garikano); «Nire gurasoen etxeko salan ere badago antzeko bat” —esan zidan Mary Annek jantokian zintzilikatua zegoen Picassoren koadro ospetsuaren erreprodukzio bat seinalatuz (Atxaga); Orekaren zentzua galdua zuen une batean, Felix ezkerrerantz makurtzen hasi zen (U. Apalategi); Pauko kuntrolür jaunak etzian phentsatzen Eihartxeren phasta zertaz eginik zen (Etxahun). Baina perifrasi horiek, egoera baten berri emateaz gain, ekintzaren burututasuna ere agerian ezar dezakete. Zehazkiago, iraganeko erreferentzia-puntua baino lehen burutuak ziren ekintzak markatzeko baliatzen dira askotan; auzo-erdarek pluskuanperfektua erabiltzen dute horretarako: Atzo arratsaldea libro genuen. Gure eskuko utzia ziguten (Aintziart); Azkenean iratzartu zelarik nozbeit gure mozkorra, han harat joana zen eguna (Arotzarena); Patri hizlaria zen oso eta bigarren botila koñak hartu orduko bere bizitzaren berri esana zuen, bi aldiz gutxienez (Juaristi); Mertxe eta Jesus Mari aurreko urtean hasiak ziren Arrasateko ikastolan irakasle (Joxerra Garzia); Inor ez zen, ordea, azken aste hartako deskalabroez ohartu, neurri handi batean Brown jaunak aurrez eginda zeuzkan lanak mahairatu zituelako (Linazasoro); Era berean, Alemaniako zenbait herrirekin adiskidetze hitzarmenak eginak zeuzkan aurretik Gernikak (Berria). Adibide horiek guztiek iraganaldian kokatu erreferentzia-puntua aitzin gertatuak adierazten dituzte: ‘bezpera aitzin (atzo arratsaldea) eman zitzaien arratsaldea libro hartzeko baimena’; ‘mozkorra iratzarri baino lehen joan zen eguna’; ‘bigarren botila bukatu aitzin kontatu zituen denak mozkorrak’; ‘Mertxe eta Jesus Mari urte bat lehenago hasi ziren ikastola horretan irakasten’; ‘Brown jaunak lanak aurrez egin zituen’; ‘lehenago adiskidetze harremanak egin zituen Gernikak’. Alabaina, perifrasi horiek ez, baizik eta [-tu + izan/*edun] adizki analitikoa agertzen da maiz auzo- erromantzeek pluskuanperfektua erabiliko luketen testuinguruan ere: Hiru Erratzak ostatuan Blacki buruz isil-gordeka entzun zuen elkarrizketarena Lupini kontatzea gustatuko zitzaion, Blackek bere aita-amei traizio egin ziela esatea (I. Mendiguren); Inolako frogarik gabe sinetsi genuen komunistaren edo juduren baten boikotagatik joan zela argia (Lertxundi); Biharamunean izugarrizko ajeaz esnatu nintzen, bezperan edan genuenagatik eta Marik eman zidan gauagatik (Iturralde); Bezperan ikusi zuen neskaren aurpegia ezin zuen ahantzi (R. Etxeberri); Bezperan aitarekin izan nuen portaeraren ondoren, barrenak eskatzen zidan emateko poz hori aitari, baina ezin nuen (Lertxundi). Oro har ekialdeko hizkerak emanagoak dira [-tua(k) + izan/*edun] perifrasiak erresultatibotik kanpo erabiltzera. Gorago erran dugu hizkera horiek aldi oraineko laguntzailea duen [-tu + izan/*edun] adizki analitikoa solasaldiaren egunetik gorako gertakarien adierazteko erabiltzen dutela; preseski, erabilera horretan, Liburua irakurri dut atzo eta Liburua irakurria dut atzo bereizten dituzte. Lehenean ekintza bera adierazten da, bestelako informaziorik eman gabe; bigarrenean, berriz, liburua osoki irakurri dela erraten da. Bestela erranik, testuinguru horretan, [-tua(k) + izan/*edun] perifrasiak gertakariaren burututasuna agerian ematen du.

26.6.1.2.2e Azkenik, iraganaldi urruna adierazteko, [-tu + izan/*edun] adizki analitikoa erabiltzen dute euskalki guztiek: Abraham, orduan, kaldearren lurraldea utzirik, Haranen jarri zen bizitzen. Eta handik, aita hil zitzaionean, orain zuek bizi zareteneko lurralde honetara aldatu zuen Jainkoak (Elizen arteko Biblia). Antzina egitura analitiko birkonposatua zegoen horretarako: Davit, errege ezinago debota bere indar oroz, Jinkuaren arkharen aitzinian dantzatu izan zen, orhitzen zelarik Jinkouak beste orduz haren aiter egin zutian hountarzunez (Maister); Modu onetan, bada, Berbo Eternoa, leen solamente Jaungoikoa zana (tenpora bage, eta asierarik bage) asi izandu zan tenporaz gizon izaten (Otxoa Arin).

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper