Euskararen Gramatika

23.5.3.2. Omen/ei


23.5.3.2. Omen/ei

23.5.3.2a Euskalkien araberakoa da balio bera duten bi morfema funtzional horien banaketa: bizkaieraz erabili da ei eta gainerako euskalkietan omen (nahiz zubereran eta goi-nafarrean gutxi erabilia izan). Oso ohikoa da bai ahozko eta bai idatzizko erregistroetan.

23.5.3.2b Omen-ek badu kokagune eta esanahi orokor bat, erdialdeko eta ekialdeko hizkeretan komuna dena. Baina baditu kokagune eta adiera bereziak ekialdeko hizkeretan baino ageri ez direnak.

Euskalki guztietan ohikoena omen eta ei adizki laguntzailearen aurrean ematea da. Mota askotako mendeko perpausetan ere ager daitezke: erlatiboetan, adierazpen perpaus osagarrietan, zehar-galderetan, kausazkoetan, edo -elarik menderagailua hartzen dutenetan: Aspaldian gogoan omen daukan xede bat (J. Etxepare); Nahiz eta orakuluek susperraldia gertu omen dela dioten (Heras); Beste inor baino hobeak direla pentsatzen dutenak beraiek odolgarbiak omen direlako (I. Mendiguren); Ura ixuri baitu olioaren gainerat, sekulan ez omen delarik hori egin behar! (Herria); Zera entzutean lasaitu nintzen: suge-ausikiarengatiko hilkortasuna […] ehuneko hirutik hamarrera bitarte ei dabilela (J. A. Arrieta); Urtaroen aldaketa 21ean ei delako esana, topikotxoa dena, hor dago aspaldidanik (P. Zabala); Hara zer galdu ei duen: errealitatearekiko berezko harremana (Landa).

Alegiazko forma baten aurrean ere ager daiteke omen: Zientzilari adituek diotenez edozein arbolatan sor omen liteke mihura, baina frutarboletan batez ere (Perurena); Ireki ondoren berriz ere lehen bezalaxe utziko omen lukete, moztu dutela ez nabaritzeko moduan, baina ez diet utzi nahi izan (Saizarbitoria); Medikuek diotenez, golpean zendu omen ditaike Mayi (Herria); Gaineratekoek ez dute oraino aterabiderik kausitu, ezi bertzean lantegia hetsiko omen lukete (Herria); Irakurketa rantxoan bertan egingo omen genuke, eta jende gutxirekin (Atxaga).

23.5.3.2c Bestelako kokaguneak ere izan ditzake ekialdeko hizkeretan, baina betiere perpausak baiezkoak direnean (Etxepare 2010)207: adizki nagusiaren aurrean, adizki kopulatiboaren ondoren edo perpausaren hasieran. Protestanteen komentu batean omen eskolarazi zuen (Herria); Esküalduna zen omen lehenago populü ez ikasia (Herria); Omen gizon zuhur horrek zuela gero gobernuaren mandua hartu (Arkotxa). Hurrenkera horiek ezinezkoak dira erdialdeko hizkeretan; ekialdekoetan ere XIX. mendetik honakoak dira, Orotariko Euskal Hiztegiko datuen arabera.

Parentetiko gisa ere erabil daiteke, baina erabilera nahiko berria da, lehen adibideak XIX. mendekoak baitira (erdialdekoetan ez dago adibiderik, ez bada erregistro ikasietan): Erdi Aroan, omen, Nafarroa osoa etortzen zen debozioz (Aintziart); Ni naiz Donapaulekoa, omen, eta aski dut ez joatea ez badut nahi (Luku).

Mendeko adierazpen perpausari ere bide eman diezaioke omen-ek ekialdeko hizkeretan (Etxepare 2010): Omen, Lurreko Paradisuko kasko gorenean dela lau ibaiei sortzea ematen dien iturri miragarria (Arkotxa); Jadanik omen aurpegiz eta gorputzez aldatu dela (Herria).

23.5.3.2d Erdialdeko hizkeretan ere eman daiteke adizkirik gabe; adizkia isilpean utzirik, alegia: Non da Miren? Etxean omen; Bere bertsoak rimadun prosa uts omen, ez giar, ez gazi-gezik, ez bizi txinpartik (Etxaide).

23.5.3.2e Izen kategoriako omen ere bada. Literatura testuen lekukotza oinarri hartuta, Orotariko Euskal Hiztegiak hiru adiera bereizten ditu: 1. ospea; zurrumurrua, zabaldua den iritzia; aintza, loria. 2. omenaldia. 3. (pertsona bati buruzko) iritzia. Nabarmentzekoa da izen kategoriako erabilera ia guztiak ipar-ekialdeko testuetakoak izatea.

Lehen adierako ‘zurrumurrua’ adierakoak dira adibide hauek: Orduan ezpaitzen bekhaturik, eta ez bekhaturen aierurik, omenik eta ez aiphamenik ere (Axular); Geroztik gaurko egunera arte banatu da omen ori Yuduen artean (Iraizoz); Entzun duzue engoitik / ixtripu horren omena (Xalbador).

Hirugarren adierakoa da, ostera, beste hau: Gero ere etsai berak hautatuko ditu eta sutatuko ifernuak jenden omenean Iñazioren galarazteko (Laphitz).

Ipar-ekialdekoak dira, halaber, OEHko datuen arabera, (adiera horietan) omen izenetik sortutako omenez (‘diotenez’), azken adibideko omenean, omenka eta omen-amen(ka): Omenka mintzo dire haren mirakuluez: badute beraz zimendu onik! (Hiribarren); Omenka behar gira mintzatu, ez baitakigu non den egia eta non alegia plekaren “sortzea” aipatzen duten ixtorioetan (Herria).

XXI. mendeko adibideak ere ekialdeko euskarakoak dira: Ez du balio hemen goiti eta beheiti omenka eta omenez ibiltzea, Euskaltzaindiak eta euskaltzainek hau edo hura esan edo egin dutelakoa-edo arinki baieztatzen ibiltzea (Salaburu); Goldarazko aitona batek gogoan dauka, gizaldiz gizaldi omenka jasotako gertakari beltza (Perurena); Alferrik ari gaituk gai honetaz amen-omenka (Olano). -ka adberbio atzizkia hartzeak, bestalde, erakusten digu omenek gertakari izen zenbakarria izan behar duela, horrelakoak baitira -karen oinarriak (ikus § 6.2.3).

23.5.3.2f Adierari dagokionez, beste norbaiten esanari egiten diete erreferentzia omen eta ei morfemek. Esaten duguna beste norbaiti entzuna dela ematen dugu aditzera kategoria funtzional horien bidez. Omen, beraz, ebidentzialitatearen barnean kokatu behar da; zehazki, baieztapen bat bermatzen duen informazio iturria (ebidentzia) esanezkoa dela nabarmendu nahi denean erabil daitezkeen marken artean (Etxepare 2010; Jendraschek 2007; Zubeldia 2011, 2013; Korta & Zubeldia 2014). Baina ez gaude behartuak omen erabiltzera inori entzuna errepikatzen dugun bakoitzean. Hiztunak bere informazio iturria nabarmendu nahi duenean bakarrik erabiltzen da omen.

Omen-ek ziurtasunik eza adierazten duela ere esan izan da euskal gramatiketan (EGLU-II 1987b: 503); esaten dena beste norbaiti entzuna den neurrian, ezin dugula erabat ziurtatu egia den ala ez. Interpretazio horretarako bide ematen du, esaterako, honako adibide honek: Orain duela lau, bortz aste izan omen da behin, bilku ixil hori; gero, berriz, egun hotan. “Omen” behar dugu erran, zeren ez baitugu gure begiz ikusi, ez baitakigu ere nor ziren batean ala bertzean […]. Euskaldun aipatu andanaño bat bazela, hori bai, osoki egia daukagu (J. Etxepare). Baina adiera hori ez da, partikula honen jokabidea aztertu duten hizkuntzalari horien ustez, omendun perpausaren esanahiaren parte; esaldiaren eduki pragmatikoari dagokio (ez eduki semantikoari). Izan ere, adibideei erreparatzea baino ez dugu ikusteko sarritan hiztunak erabateko ziurtasuna adierazten duela esaten ari den horretaz. Beraz, omen erabiltzean, hiztunak hauxe bakarrik ematen du aditzera: beste norbaitengandik jasotako informazioaren berri ematen ari dela.

23.5.3.2g Zubeldiak (2009: 243) hiru ezaugarrirekin definitzen du omen-en balioa zein den208: a) beste norbaiti entzundakoa baiesten ari dela ematen du aditzera hiztunak omen darabilenean; b) hiztunak ez du entzundakoaren egiari buruzko ziurtasunik eza adierazten omen erabiliz (inplikatu egin dezake, baina ez ziurtasunik eza adierazi); c) beste hizkuntza batzuetako se dice/dicen (que), on dit (que), they say/it is said (that)… egituren baliokide da omen, ez parece (que), il paraî (que) edo apparently modukoena (azken hauek bide-ren baliokide dira).

23.5.3.2h Gure informazio iturria esanezkoa (inori entzundakoa) dela nabarmentzeaz gain, bestelako ñabardurak ere adieraz ditzake omen-ek, edo behintzat bestelako ñabardurak dituzten testuingurutan ager daiteke, hanpaduretan esaterako: Xoxik ez du eta jauregia erosiko omen du! Edan gabe harrapatzen ei ditu mozkorrak!

23.5.3.2i Batzuetan inferentzia adiera hutsa du eta, horrenbestez, modalitate epistemikoan sartzen da bete-betean: Saigoneko girixtinoek ere gogotik atxikiko omen ninduten segurki! Omen gordetzen duen perpausa agiantza bat, desira bat da; ez da, beraz, esan-entzunezko zerbaiti buruzkoa, hiztunak ez baitu jendaki haien esanen edo iritzien inolako lekukotasunik. Testuinguru honetan, omen-ek esanarekin zuzenki lotua ez den dudazko adierazpide bat baizik ez du ekartzen (Etxepare 2010).

Omen alegiazko adizkien aurrean ageri den adibideak (edozein arbolatan sor omen liteke mihura; berriz ere lehen bezalaxe utziko omen lukete, ikus § 23.5.3.2b) omen gabeko beste batzuekin alderatzen baditugu, ohartuko gara oinarrizko ebidentzial balioa ematen duena alegiazko forma dela: Ez da oraino jakina nork erosiko duen (Donapauleko herria erosletarik litaike) (Herria). Esan-entzunezko interpretazioa berretsi egiten du omen-ek, baina ez da nahitaezkoa (Etxepare 2010)209.

23.5.3.2j Omen edo ei partikulen adiera bera eman dezakegu diotenez, entzun dudanez edo horien antzeko moldeen bidez. Baina horiek ez dute leku finkorik, esan daiteke perpausaren kanpoko gunea dutela berena. Ei edo omen-ek, ostera, gorago ikusi dugun bezala, adizki laguntzailearen edo adizki sintetikoaren aurre-aurreko gunea hartzen dute.

207 Etxepareren lanetik hartuak dira adibideak.

208 Adostasun/desadostasun testa eta eragin eremuaren testa aplikatzen ditu Zubeldiak. Lehenak frogatzen du esaldiaren egia-baldintzei egiten diela ekarpena omen-ek; hau da, omendun esaldiaren edukia zalantzan jarri, ukatu nahiz onartu egin daitekeela: Ikasketak amaitu omen ditu, baina hala ote da? Ikasketak amaitu omen ditu, baina nik badakit ez dela egia, oraindik irakasgai batzuk gainditu gabe ditu… Bigarrenaren bidez erakusten du adierazpen perpaus osagarrietan txertatzen denean, omen-ek mendeko perpausean duela eragina, hori dela bere eragin eremua, eta ez perpaus nagusia: Bi urte gutxiago biziko gara, aita —esan zion Norak aitari, mofeta bat hilez gero bizitza urte betez laburtzen omen dela gogoraturik (Lertxundi).

209 Kokaguneari eta adierari (edo adierei) erreparatuta erdialdeko eta ekialdeko hizkeren artean dauden aldeak ikusirik, honako ondorioa ateratzen du Etxeparek (2010): a) omen buru ebidentzial bat da erdialdeko eta ekialdeko hizkeretan (eta ei mendebaldeko hizkeretan, gaineratuko genuke); b) omen ez da nahitaez buru bat ekialdeko hizkeretan, espezifikatzaile edo adjuntu izaera du (eta buru ez denean, kokapen librea du perpausean, baldintza batzuen barnean). Omen-en bariazio edo jokabide desberdintasun horren berri emateko, omen izenaren eta omen ebidentzialaren arteko erabateko antzari begiratzen dio Etxeparek: biek dute oso antzekoa bai esanahia eta erabilera eremua.

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper