Euskararen Gramatika

23.2.1.2. Aditz arazleak


23.2.1.2. Aditz arazleak

23.2.1.2a Aditz arazle edo kausatiboak ere aditzoinari arazi erantsiz osatzen ditugu: etorrarazi, eginarazi, ibilarazi, ikusarazi, mugiarazi, sinetsarazi 23. arauan eman zituen Euskaltzaindiak aditz arazleak osatzeko morfologia jarraibideak. Batetik, arazi forma hobetsi zuen euskara estandarrerako, eta ez lehian zuen erazi (adierazi da salbuespena); bestetik, aditzoinari elkarturik idatzi behar dela arautu zuen. Baina arau horretan ontzat eman ziren sortarazi eta agertarazi (aditzoinak berez ez duen -t- dutenak), gero baztertu egin dira Euskaltzaindiaren Hiztegian eta sorrarazi edo agerraraziren alde egin; beste aditz batzuetan ikusiko dugu, ordea, -t-dun aldaera (ulertarazi).

Euskaltzaindiaren 23. araua: “Arazi”, Oiartzunen, 1994ko abenduaren 29an onartua.

23.2.1.2b Arazi formaren ondoan, erazi (batez ere erdialdeko eta ekialdeko aldaeretan), erazo eta arazo (mendebaldekoetan) ere erabili dira: Beren bide makurrak utz-erazirik ekarri zituen gure lege santako bide zuzenera (Mendiburu); Beretatik asko il erazi zituen (Uriarte); Santa Helenak eraiki erazi zien eliza eder bat (Intxauspe); Ikurrin gorri aundiak aizetan zabal erakusten ditue, eta “Marselletarra” ta “Internazionalen” doiñuak entzun-erazo (Erkiaga).

23.2.1.2c Mendebaldean eragin baliatu da kausatibotasuna adierazteko: Tartetxo bat lehenago otu zitzaidanak […], harexek esan eragin zidan nire graziaren egia (Jimenez); Ikusi eragin diezadala zein onuragarriak diren dauzkagun ohiturak (Elexpuru); Zelan iraun eragingo deutsegu grazia onei? (Mogel); Otsoari belarriak agertu eragin eutsazalako (Agirre). Eragin da, gaur ere, [izena+egin] motako aditz lokuzioen forma arazlea, eginarazirekin batera: Barre eragiten zion horrek (K. Zabala); Txoratu egiten zuen tipulek negar eragin diezaguketela ikusteak (Olarra); Davidek Israel lurraldean bizi ziren atzerritarrak biltzeko agindu eta hargintzan lan eragin zien (Elizen arteko Biblia); Nola daiteke gizon batek milari erasotzea, / eta bik hamar milari ihes eragitea? (J. A. Mujika); Jende askori entzumenean kalte eragiteko bezain zarata ozenak sortzeko gaitasuna (Aldasoro).

Nolanahi ere, ugariak dira arazi hartzen duten [izena+egin] lokuzioak: amets eginarazi, gogoeta eginarazi, ihes eginarazi, negar eginarazi, oihu eginarazi, porrot eginarazi, talka eginarazi, zin eginarazi…: Nik biziki maite dut irri egitea eta irri eginaraztea (Oxandabaratz); Eta horrexek alde eginarazi zien (An. Garikano); Hormonek negar eginarazten zidaten (Iturbe).

Testu zaharretan erazi ere ageri da balio arazleko aditz lokuzioak sortzeko: Zeñak bekatu erazi zion Israeli (Uriarte).

23.2.1.2d Arazi eta eraginen osaerari erreparatzen badiogu, bestalde, bietan ikusiko dugu -ra- morfema, euskararen historian aditz arazleak sortzeko baliatu zena: irakatsi, erakutsi, iragan, erakarri, erantzun, eroan eta beste aditz batzuetan ikus daitekeena (eratorri Arana Goirik sortua). Jatorriz, beraz, ikasi, ikusi, igan, etorri, entzun edo joan aditzen forma arazleak dira aditz horiek, eragin, eginena zen bezala: Mark harturik erekharrak eurekin (Leizarraga); Berak lenik egiten duela, guri gero eragin nai diguna (Mendiburu). Baina literatura tradizioan ere nekez aurkituko ditugu balio arazlean -ra- morfema duten aditz horiek.

23.2.1.2e Bada beste modu bat ere arazle edo kausatibo balioa emateko: aditz laguntzailea. Inkoatibo/kausatibo oposizioa eratzen duten aditzetan ikusten da modu hori: hil da / hil du; atera da / atera du; zuritu da / zuritu du23.2.2.2f, § 23.2.2.5c, § 23.2.2.5d). “Kausatibo lexiko” deitzen diete Ortiz de Urbinak (2003a) eta Oyharçabalek (2003b) horrelakoei189. Absolutiboko argumentua besterik ez duten aditzak dira forma kausatiboa horrela adieraz dezaketenak; eta horien artean ere, jarduera edo gertatzea adierazten duten aditzek ez dute balentzia aldaketa onartzen (gertatu da / *gertatu du; mintzatu da / *mintzatu du); ezta aditz bihurkariek ere (ikus § 23.2.2.2): jantzi dut edo garbitu dut aditz trantsitibo hutsak dira, ez jantzi naiz eta garbitu naiz bihurkarien aldaera kausatibo edo arazleak. Egoera nahiz leku aldaketa adierazten duten aditzek eta aditz psikologikoek bakarrik era dezakete aldaera kausatiboa laguntzailea aldatuz (Oyharçabal 2003b): hautsi da / hautsi du; zabaldu da / zabaldu du; hurbildu da / hurbildu du; aspertu da / aspertu du; izutu da / izutu du.

189 Eta “kausatibo analitiko”, ostera, ‘kausa’ adierako predikatu gobernatzaileak eta haren mendeko perpaus osagarriak osatzen duen egiturari (liburu guztiak irakurtzera behartu naute).

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper