Aditz aurreko ahal partikula honek hiztunak duen nahikari indartsua adierazten du: Laster ikusiko ahal ditugu! esaten badugu, adibidez, ez gara uste edo nahi apal bat adierazten ari, ez dugu adierazten espero duguna, baizik benetan gerta dadin nahi dugun zerbait. Horregatik ere, arruntean geroko marka daraman aditzarekin doa adberbio hau: Ez ahal gaitu, Jainkoarren, gaur gauean zurtz utziko (Aldasoro); Gaixoa ni, babestuko ahal gaitu Jaunak, ez ahal dugu sekula horrelakorik ezagutuko (Navarro).