Galde perpausetako al ere hemen sartzen dugu. Berez, XIX. mendearen erdialdean hasi zen indarra hartzen bizkaierazko eta, batez ere, gipuzkerazko testuetan: A! Zu al zinen, Xabier? (Etxaniz); Ikusten al dituk mendi zuri haiek? (Anabitarte). Jakina denez, al horren tokian Iparraldean -a atxikitzen zaio adizki jokatuari (§ 10.3.2.2), baina hori ez da, noski, adberbioa: Tomate saltsarik jan duzua egun? (Mirande). Horren parean beste euskalki batzuetan Tomate saltsarik jan al duzu egun? Edo, besterik gabe, Tomate saltsarik jan duzu egun?