Hirugarren sailean sartzen ditugu omen, ei (bizk.), ote, bide, al eta ahal partikulak, zenbaitetan adberbiotzat hartu izan direnak (gramatiketan “partikulak” hitza erabiltzen da). Partikula hauek bakarka doaz, ezin dira elkarrekin agertu perpaus berean188. Aditzarekin batera ageri dira eta aditzaren esanahia batera edo bestera zertxobait aldatzen dute. Adizkia sintetikoa denean aurrean jartzen dira, eta adizki analitikoetan laguntzailearen aurrean: Jakinez geroz harenak egin zuela, nehor ezin hurbildua omen zen (Hiriart-Urruti); Trenez baino arinago eta merkeago egin ei da eroate hori (Kirikiño); Eta ihardetsi zidan: “Ez ote dakizu zertara etorri naizen zuregana? (Duvoisin); Baina euskara, zertako? Euskaldun ez direnek ez bide dute haren ikasteko gutiziarik (Hiriart-Urruti); Gizaldeak harritu ziren eta esan zuten: “Hau al dugu gero Dabiden semea?” (Iraizoz). Ahoskeran arau fonologiko arruntak ezartzen dira: omen zen edo al zara elkarketak omentzen eta altzara bezala ahoskatzen dira hizkera gehienetan.
188 De Rijkek "partikula modalak" direla dio (2008: 161).