Euskararen Gramatika

22.8. Adberbioen sailkapen semantikoa (VI): Iritzi adberbioak


Kokapena:

22.8. Adberbioen sailkapen semantikoa (VI): Iritzi adberbioak

22.8a Zalantza bat baino gehiago sor lezake, beharbada, atal honen izenburuak. Zer da, izan ere, iritzi adberbioa? Zehatz esateko, hemen perpausetik nolabait kanpora gertatzen diren eta hari buruzko hiztunaren iritzia edo jarrera adierazten duten adberbioak sartzen ditugu: Txarra zen, nonbait; Agian joango da… Sail honetakoak dira menturaz, itxuraz, agian, iduriz, onenean, nonbait (ez lekuzkoa), ausaz, apika, antza (gip., bizk.), arean (bizk.) eta abar187. Arruntean perpaus osoari dagozkio adberbio hauek, ez bakarrik sintagma bati.

Horietako batzuk postposizio sintagma batetik datozenak dira, erabiliaren erabiliaz adberbio gisa finkatuta geratu direnak. Menturaz, esaterako, mentura izenetik dator, tradizio luzea du (Lazarragak erabiltzen du) eta forma adberbial horretan (edo menturan bezala) erabiltzen da batez ere: Baina honelakorik oraindaino gutxitan jazo da, eta menturaz ez da sekula gertatuko (Añibarro). Iparraldean benturaz gehiago. Itxuraz forma adberbiala, noski, itxura izenean oinarritzen da: Herri poesiaren bideetara judu itxuraz Kerexetak (Mitxelena). Ausaz formarekin ere berdin gertatzen da: ausa du oinarrian (edo auza), baina lekukotasun gehienak ausaz bezala ageri dira: Eztarriak kilikatzen zion, gehiegi erre zuen ausaz (Mirande). Apika idazle gipuzkoarren tradizioan ageri da gehien bat: Bekatu asko genituen apika, baina nork bereak (Mitxelena). Gaur egungo testuetan arrunta da.

Antz izenetik sortzen dira antza, eta antza denez esaera adberbialak. Jatorriz gipuzkoar-bizkaitar idazleek erabilia batez ere: Antza denez, honetantxe ere, lapur izaten ere, euskaldunak berariazkoak izan dira (Kirikiño). Eta hortik sortu da antza bakarrik erabiltzea ere: Norteko trenak jendea merke dabil, antza (Zamarripa).

Arean bizkaieraz erabili izan da, eta hirugarren graduko erakuslearen ablatiboaren (-rean) forma arkaikoan oinarritzen da. Esanahi bat baino gehiago du (‘deus ez’ ezezkoetan, ‘zerbait’ baiezko eta galderetan), baina forma adberbiala da (‘hots’, ‘hau da’…) hemen interesatzen zaiguna: Zure baitan iritzi bakar hau ez egizu aintzat hartu: arean, zuk diozuna eta besterik ez, ontzat hartzea (Zaitegi).

22.8b Badira bestelako forma adberbial batzuk ere: beharbada, dudarik gabe, agidanean, agidanez, badaezpada, inola ere (moduzkoa ez denean) eta abar: Agi danez, deitzailea ez da nornahi (Lizardi); Agi danean, hauxe bakarrik esan zuen: “Lapur horiek lapur talde bat dira […]” (Iraizoz). Ez dute denek erabilera bera: agidanez, agidanean eta badaezpada Hegoaldeko tradizioan erabili dira eta gaur egun ere nekez ikusten dira Iparraldeko testuetan. Aldiz, beharbada eta duda(rik) gabe euskalki eta garai guztietako testuetan ageri dira.

Sail honetan sartzen dira noski, jakina eta horien gisakoak. Noski gipuzkeraz eta goi-nafarreraz idatzi testuetan ageri da batez ere, tradizioari dagokionez. ‘Segur aski’ edo ‘zalantza gabe’ esan nahi du: Gauza horiek guztiak behar ditu gizonak noizean behin, eta gure baserritarrek inork baino gehiago, noski (Agirre); Idatzi, noski, erdaraz idazten zen edonon (Mitxelena); Zuek ere irakurriko zenuten, noski, eta nik ere bai, Fernando Amezketarraren liburua (Azpiroz). Goi-nafarreraz eta gipuzkerazko testu batzuetan ere naski ageri da, eta ‘segur aski’ esan nahi du: Beldur honek zituen naski ikaratzen: guk hemen behar gauzen eramaile, eta urruntzale izanen zela autobidea (Larre).

187 De Rijkek "modalitate adberbioak" deitzen ditu (2008: 249).

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper