Euskararen Gramatika

22.4.8. Hitz batzuen denborazko erabilera adberbiala


22.4.8. Hitz batzuen denborazko erabilera adberbiala

22.4.8a Izen batzuek ere, duten esanahiagatik, erabilera adberbiala dute maiz. Ez du horrek esan nahi adberbio direla, baizik izaeragatik errazago gertatzen dela erabilera hori. Hori gertatzen da mende, gizaldi, urte, hil, aste, egun, ordu, oren, gau, minutu, segundo, une eta horiek bezalakoekin: Joan den urtean (= iaz); Zenbait egunez ez dira agertu; Ordu erdi bat utzi zuen ukitu gabe; Hilabete bat bakarrik iraun zuen han; Hamazazpi urte egin genuen han; Orain dela bi aste etorri zen; Hola gertatzen ziren kontu hauek orain dela bi mende. Jakina, bost ordu egon da lanean perpausean, bost ordu adberbioa da. Ez du inolako markarik. Aldiz, joan den urtean esaten badugu bistan da inesiboan dagoen sintagma bat dugula, baina hori ere, bere osotasunean, adberbio erabilerako sintagmatzat hartu behar dugu. Beraz, multzo honetan marka gabeak eta markadunak izango genituzke185. Jarri berri dugun adibidean, bost ordu egon da lanean, ez da inesibo ez beste markarik ageri. Beste testuinguru batzuetan ere bada joera marka hori galtzeko. Ez gara hemen ari *igandea itxita eta holakoez. Horiek berriak dira. Baina badira beste adibide batzuk lekukotasuna dutenak tradizioan: Egon zen gau guzia otoitzean (Larregi); Gau guzia ez zen otoitzetik baratu (Laphitz); Han zeuden urte guzia (Joanategi). Badirudi hor gau guzian eskatzen duela, baina gau guzia ageri da.

Halaber, barru eta buruan ere erabiltzen ditugu holakoetan: bi egunen buruan, bi ordu barru. Eta berdin gertatzen da aurrean, aurretik, aitzinean, aitzinetik, ondoan, ondoren, ondotik, ostean, arte… postposizioekin ere: lau urteren ondotik/ondoren; hiru ordu aitzinetik han ginen; hamar egun aurretik; zerbait egin aurrean eta abar. Horiek guztiak oso erabiliak dira.

22.4.8b Hemen sartu beharko genituzke zori izenean oinarritzen den zorian, eta hurran adberbiotik sortzen den eta denbora markatzen duen esaera adberbiala ere (-tzeko zorian; -tu hurran): O, zein estu eta itotzeko zorian nagoen! (Kardaberaz); Jaunak orduan itsasora igorri zuen haize handi bat, eta festa gaitza egin zen itsasoan, eta lehertzeko zorian zebilen ontzia (Duvoisin); Zeren akabatu hurran da eguna, beheitituko da eguzkia […] (Axular).

22.4.8c Denbora adierazten duten esaera adberbialak osatzen ditugu batzuetan galdetzaileekin: noiztik hona, noiztik nora, ordutik aurrera, bat-batean, lehenbailehen, noiz edo noiz, noizetik noizera, aldian-aldian, urtean-urtean, urtez urte… Tokia nahiz denbora adierazten dute beste batzuek: hemendik goiti, hemendik aurrera, hemendik aitzina… eta horien gisakoak.

Badira beste batzuk behin osagaia erabiliz osatzen ditugunak: noizik behin, noizean behin, inoiz edo behin, aldian behin, lantzean behin, behin edo behin, beste behin, astean behin, hamabostean behin, behindanik behin, behin ere (berez baiezko ez direnetan), behingo batean, lehengo eta behin, behin-behinean, behin betiko

Badira beste batzuk gehiago ere: ahal bezain laster/arin/fite/azkar

22.4.8d Ez gutxitan denbora adberbioek beste postposizio sintagma bat daramate aposizioan. Inoiz adberbioak zabalegi utzi duen denbora-gunea mugatuago adierazteko: bihar goizean, atzo gauean, bart arratsean, iaz udaberriz… Beste batzuetan, berriz, aurrekoa bera, indartuz edo, errepikatzen duen gehigarria baizik ez da aposizio hori: orduan bertan, orduan berean, oraintxe bertan, oraintxe berton, oraintxe berean, behin batean, lehen garai batean, lehen garai haietan… Eta alderantziz ere gerta daiteke, hau da, adberbio bat izatea aposizioan: lehengo egunean berandu, goizean goiz, goizean goizik

185 Zalantzak sor daitezke badira hamar bat urte ez dugula ikusi eta horren gisako egiturekin. Itxuraz adberbiotik ez oso urrun bada, kasu horretan subjektua da, eta komunztadura egiten du: badira hamar bat urte ez dela etorri / bada urte bat ez dugula ikusi.

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper