Euskararen Gramatika

14.10.5.2. -EN atzizkia


14.10.5.2. -EN atzizkia

14.10.5.2a -en atzizkia erabiltzen dugu superlatibo erlatibo deitzen dena osatzeko. Superlatibo mota hau erabiltzen dugu aipatu nahi den kualitatearen (politasuna, adibidez) gorentasuna, beste batzuekin erkatuz, markatu nahi dugunean. Adibidez, oso polita diogunean, politasunaren goi maila adierazten dugu, baina politasun hori ez dugu beste ezeren politasunarekin erkatzen, bere hartan hartzen baitugu. Baina hau da politena esaten badugu, zenbait gauza elkarrekin konparatu ondoren egiten dugu baieztapen hori. Adjektiboari -en atzizkia erantsiz osatzen da superlatiboa: handi-en, ederr-en, urdin-en eta abar. Superlatiboen forma oso erregularra da, salbu gehien eta hoberen-en kasuan (asko-ren eta on adjektiboaren superlatiboak. Azkeneko honek badu onen forma erregular arrunta ere). Hurrena, aurrena, lehena, azkena… gisakoak ere superlatibo mota honetakoak dira.

14.10.5.2b Adjektiboa predikatuan denean, adjektiboa bakarrik joan daitekeela ikusi dugu (§ 14.6). Superlatiboan dagoenean ere ber gauza gertatzen da: Edurne da handiena; Liburu hori da karioena… Baina askotan adjektiboa izen sintagma baten barruan dago, izenari lagunduz: Liburu polit bat erosi dute; Mutil galant horrek egingo du lan hori eta abar. Holako sintagmetan adjektiboa superlatiboan doanean, aurreko izena partitiboan joan daiteke: Libururik politena erosi dute. Ez da, hala ere, beharrezkoa hori. Estilo kontua da, eta autore berak bi moduak erabiltzen ditu askatasunean: bekaturik handiena/aintzindari handiena (Duvoisin); gaitzik handiena / egile handiena (Pouvreau); balentriarik handiena / erokeria handiena (Hiriart-Urruti); Jaunik handiena / gaitz handiena (Etxeberri Ziburukoa)… literatura klasikoan. Eta gaurko idazleen artean biak erabiltzen badira ere, -ik partitibo marka gehiago erabiltzeko joera ikusten da: oparirik handiena / eragin handiena (Urkiza); apaltasunik handiena / segurtasun handiena (Xarriton) eta abar.

Holakoetan libururik edo mutilik edo trabarik esaten dugunean, liburuen, mutilen edo traben multzo osoa hartzen dugu kontuan, eta multzo horretatik politena, galantena, handiena hartzen dugu. Ideia hau azpimarratzeko, batzuetan beste zenbait esapidez baliatzen gara: Munduko mendirik garaiena da hori; Inon den neskarik alferrena dugu Itziar; Inoiz ikusi dudan txakurrik beldurgarriena da Txuti. Ohart gaitezen, zernahi gisaz, beste postposizio batzuk ere erabiltzen ditugula zenbaitetan: liburuetan/liburuetatik/liburuetarik politena erosi genuen. Betiere, superlatiboa dagokion izen hori zein multzotik atera den aditzera eman nahi bagenu bezala. Hai zuzen ere, multzo horri dagokiolako deitzen zaio superlatibo erlatiboa. Zernahi gisaz, esan bezala, izena marka batekin nahiz inolako markarik gabe erabil daiteke.

14.10.5.2c Euskaraz superlatibo hau beti baiezkoa da, ez du forma ezezkorik. Hola, neska politena esapidearen parean ez dugu neska gutxien politena edo antzekorik. Holakoetan polit-en antonimora jo beharrean aurkitzen gara: neska itsusiena. Egia da, hala ere, badirela holako adibide bat edo beste. Tradizioan hauek aurkitu ditugu: Prenda orotarik ez da gutien beharrena (Goihetxe); Gutienik ahulena (J. Etxepare); Gutienik freskoenak (Eskualdun Kozinera). Eta oraingo idazleek badituzte holakoak ere: Arimarik gutxien ustelduena (Iñurrieta); Gutxien erabilienen artean (Salaburu); Gutxien maitatuenak (Elexpuru); Gutxienik egokiena (Arrigain). Ez dugu beste adibiderik aurkitu. Egia esateko, zenbait alorretan (zientzietan, esaterako) badirudi gutxien(ik) beroen edo holako esapideak beharrezko gertatzen direla. Kontuan hartu behar dugu horren parekoa izan daitekeen -ago atzizkiarekin, adibidez, ez da gutiago eder, ez da gutiago espantagarri gisakoen esapideak ikusten ahal direla: M. Elizanburuk, Duvoisinek eta Mihurak erabiltzen dute. Izenarekin, ez da gutiago egia… askoz ere maizago. Eta gaurko idazleen artean ere ez da adibide bat edo beste falta (Garzia, Olano eta abar).

Esan dezagun, azkenik, zenbait esapidek -en superlatiboa eskatzen duela: Ahalik eta sagar(ik) handiena har ezazu; Ahalik gehien ikas ezazu; Albait arinen etor zaitez; Ahal den oherik zabalena aukeratuko dugu

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper