Euskararen Gramatika

13.10.7.3. Edonor, edozein, nornahi, zeinahi


13.10.7.3. Edonor, edozein, nornahi, zeinahi

13.10.7.3a Hurrengo sailean edonor eta nornahi sartzen ditugu. Hauek ere (+pertsona) ezaugarria dute. Bestalde, askoren artean aukera uzten denean erabiltzen dira (edo eta nahi ere aukera adierazten dutenak baitira): Edonor joan daiteke Donostiara = Nornahi joan daiteke Donostiara. Perpaus hau esaten duenak, esan nahi du berdin zaiola nor joango den Donostiara, bata nahiz bestea, nahiz denak.

Edonor-ek aldaera bat baino gehiago erakutsi du tradizioan: eronor eta edonok (edonork) ageri dira. Batez ere XX. mendean hedatu ziren. Edonor-en parekoa da edozein.

13.10.7.3b Edozein, euskalki guztietan —salbu zubereraz— erabili izan da. Izenordain gisa batzuetan: Judas ez beste edozeinen bihotza bigunduko zuten (Lardizabal); Oraintxe bertan jokatuko nioke Olaetako jantziurdindun edozeini (M. Lekuona); Ene alaba ez duzu gero edozeinetarik (Larzabal). Edo izenkiaren ondoan, determinatzaile gisa, aurretik nahiz atzetik: Zuhaitza, edozein mota dela, beti da apaina (Munita); Edozein herritan (Larre); Edozein hizkuntzaren dialektuak bezala (Mitxelena); Nahi zuen mendi edozeinek Potosi bezala izan (Larramendi); Presondegi edozein presondegi da (Mendiburu); Ezartzu laborari edozein, apezaren jaunzturaz apaindurik (J. Etxepare); Urrinari gizonki edozein jarria zaioke zortzi egunik barne (J. Etxepare).

13.10.7.3c Nornahi euskalki guztietan erabili izan da. Kasu marka eta postposizioak hartzean bi aldaera erakusten ditu tradizioan: nornahik / nork nahi; nornahiri / nori nahi; nornahirekin / norekin nahi eta abar. Bigarren aldaera da zaharrena, hau da, lehenbiziko atalean marka jartzen duena. Hola ageri da egun nonahi forman, edo nondik nahi edo nondinahi (nonahitik ere, jakina, eta nondinahitik), esate baterako: Fite du garaitzen / noren nahi konbata (Harizmendi); Gorputz duzula galant nornahik badaki (Gamiz); Nork nahi daki Jesukristok dirauela hostia kontsagratuan (Mogel).

Ingurune jakin batzuetan ageri da:

Hori ez da nornahi bezalakoetan, esaterako. Ez pentsatu hori nornahi denik (Elexpuru); Horretarik egin zuen gizon hori ez zela nornahi (J. Etxepare).

Erlatibozko perpausen ondotik: Gelan dagoen nornahik ikusiko du (Mirande).

Subjuntibozko perpausekin: Nornahi etor dadi, ez ireki atea (Duvoisin); Jende agrados, laino eta maitagarria beti zuretzat, nornahi izan dadin (Larre).

Izen baten eskuinean edo ezkerrean: Aita Sainduak berak larderiatzen ahal duela laiko nornahi (Xarriton); Azken batean, nornahi emakume delarik ere, hemendik at dago (Larrañaga).

Nornahi + ere (+ dela edo kideko adizkiren bat tartekaturik, edo horren ezkerrean): Kalte gaitzak beraz, elkartasun mugimendu handi bat sustatu duten kalteak egia erran, halakoetan nornahik ere bere bihotz aiseagoa erakusten baitu (Herria); Beraz, Ministro jeneralak, nornahi dela ere, ni neu bezalaxe maita eta benera dezala nahi dut (Navarro); Nornahi eta nonahi zela ere, kontent egoten ahal zen bere arrakastaz (Epaltza); Segur bainaiz bakoitzaren esperientzia pertsonala, nornahi ere den hau, ezin dela besterengana hedatu (Salaburu).

Ikusi Euskaltzaindiaren 10. araua: “Nornahi, nonahi, non-nahi”, Bilbon, 1994ko azaroaren 25ean onartua.

13.10.7.3d Zeinahi dokumentatuago ekialdean. Eta R. M. Azkuek ere erabiltzen du: Puntu horietarik zeintzan nahi erreflexione seriosik egitea aski dugu (Alf. Rodriguez); Alde batean ehun milioi gizonen buru den Mac-Kinley eta bestean berrehun bat Leaburuarren agintari Juan Joxe, zeinahi hautatzeko (Azkue).

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper