Nekez har daitezke aditz elkartutzat ‘partizipioa + nahi, behar’ egiturak, ez eta predikatu konplexutzat ere. Izan ere, modalitatea adierazten dute aditz partizipioaren ondoren ezartzen ditugun behar, gura, nahi osagaiek. Jatorriz izenak dira, baina ahal eta ezin izenekin batera partizipioen ondotik modalitatea adieraztea beste eginkizunik ez dute. Horregatik aztertuko ditugu aditz modalei eskainitako atalean (§ 23.4).