Euskararen Gramatika

1.6. Aditz komunztadura


1.6. Aditz komunztadura

1.6a Aditz komunztadura da beste bereizgarri argienetako bat. Izan ere, euskarak oso morfologia aberatsa du aditzean eta hori aditz komunztaduran ikusten da, aditz laguntzaileak subjektu, zehar-osagarri eta osagarri zuzenarekiko komunztadura erakusten baitu: Nik Joni liburuak ekarri dizkiot.

Perpaus horretan hiru argumentu ageri dira, nik subjektua, Joni zehar-osagarria eta liburuak osagarri zuzena. Argumentuak orotara hiru dira, ekarri aditz trantsitibo datiboduna/aditz ditrantsitiboa delako. Hori esan nahi du, hain zuzen ere, “ditrantsitibo” hitzak, delako aditz horrek osagarri zuzena eta zehar-osagarria eskatzen dituela (gramatikari batzuek “hipertrantsitibo” ere deitu izan diete holako aditzei). Kontuan izan behar dugu, hortaz, aditz intrantsitiboek argumentu bakarra dutela (subjektua), aditz trantsitiboek bi (subjektua eta osagarri zuzena) eta aditz ditrantsitiboek hiru (subjektua, zehar-osagarria eta osagarri zuzena). Hirugarren argumentuak, hots, zehar-osagarriak, datibo kasua jasotzen du eta -(r)i marka morfologikoa du euskaraz (§ 18.4.1).

1.6b Begira diezaiogun orain adibideko adizkiari (Nik Joni liburuak ekarri dizkiot). Adizkiak forma analitikoa (euskal gramatiketan perifrastikoa deitu izan zaie holakoei) erakusten du, hau da, aditz lexikoa (ekarri) eta adizki laguntzailea (dizkiot) bereizten ditu, eta adizki laguntzaile horrek jasotzen du lehen aipatu ditugun hiru argumentuen gaineko komunztadura, hots, subjektu, zehar-osagarri eta osagarri (zuzen) komunztadura: subjektu komunztadurari dagokio -t singularreko lehen pertsonako atzizkia; -zki- osagarriaren numero komunztadura marka da, eta azkenik, -o singularreko hirugarren pertsona komunztadura marka zehar-osagarriari zor zaio. Ikusten denez, beraz, askotariko komunztadura jasotzen da aditz laguntzailean. Kontuan izan beharra dago hizkuntza asko eta askotan, gaztelaniaz edo frantsesez esaterako, subjektu komunztadura baino ez dagoela, eta oso gutxi direla euskaraz bezalaxe, hiru komunztadura marka jasotzeko gaitasun morfologikoa dutenak. Horien artean aipatu beharrak dira Kaukasoko ipar-mendebaldeko abkhar-adygtar hizkuntzak (abkhaziera, ubikhera, adyghera)11. Gaztelaniaz, zenbait kasutan, klitiko batzuekin gertatzen denak euskaraz egiten duguna ere ekartzen digu gogora: Tú a mí esos papeles, déjamelos bien ordenados.

1.6c Berezi samarra da euskararen aditz komunztadura. Goian esan dugu euskara hizkuntza ergatiboa den edo ez ebazten dugula bere kasu sistemari begiraturik, baina hori bera jakin daiteke komunztadurari begira ere: baldin eta aditz intrantsitiboko eta aditz trantsitiboko subjektuei komunztadura marka diferenteak egozten bazaizkie, eta aditz intrantsitiboko subjektuari ezartzen zaiona osagarriari ezartzen zaion bera bada, orduan, komunztadurak sistema ergatiboa erakutsiko du. Lehen aipatu dugu hau, baina ikus dezagun astiroago: Zu berandu etorri zara; Zuk ni ikusi nauzu; Nik zu ikusi zaitut. Adizki laguntzaileak biltzen dituen markak hartu ditugu hor kontuan, eta haiei behatu diegu.

Zu pertsona izenordainari erreparatu diezaiogun. Lehen perpausean zu subjektua da, absolutibo kasua du eta aditz laguntzaileak z- aurrizkiaren bitartez egiten du komunztadura harekin. Bigarren perpausean, aldiz, zuk subjektua izan arren, ergatibo kasua du eta -zu atzizkiaren bitartez ageri da adizki laguntzailean. Ikusten denez, subjektu komunztadura ez da hizki bakar batekin bakarrik adierazten aditzean: komunztadura aurrizkia (z-) egozten zaio absolutiboz markatutako subjektuari eta komunztadura atzizkia (-zu), berriz, ergatiboz markatutako subjektuari. Horregatik, hizkuntzalaritzan absolutibo komunztaduraz eta ergatibo komunztaduraz hitz egitea egokiago ikusi da, ez horrenbeste subjektu komunztaduraz, subjektu komunztadura bat bera ez delako. Ostean, hirugarren perpausari begiratzen bazaio, zu osagarria da eta osagarri horrek predikatu intrantsitiboko subjektuaren kasu bera du, hots, absolutiboa, eta bere z- komunztadura aurrizki bera du adizki laguntzailean. Beraz, euskararen komunztadura sistema bera ere ergatiboa da.

1.6d Hizkuntza ergatibo batzuetan ergatibotasuna ez da kasuen bitartez azaltzen, komunztaduraren bitartez baino. Maia hizkuntzak halakoak dira, hots, komunztadura sistema ergatiboa dute. Argumentuek, euskaraz ez bezala, ez dute kasu marka espliziturik, eta hortaz, ezin daiteke esan kasu sistema ergatiborik edo bestelakorik dutenik. Alabaina, komunztadurak erakusten duenez, aditz intrantsitiboko subjektua eta aditz trantsitibokoa bereizi egiten dira, eta osagarriaren komunztadura marka bera du intrantsitiboko subjektuak. Ergatiboak dira, beraz. Euskarak, nolabait ere esateko, modu bikoitz batean erakusten du bere izaera ergatiboa: kasu sisteman eta aditz komunztaduraren sisteman.

1.6e Baina batzuetan komunztaduran haustura bat gertatzen da. Ikus ditzagun perpaus hauek: batetik, ni berandu etorri naiz eta nik Jon ikusi dut; bestetik, ni berandu etorri nintzen eta nik Jon ikusi nuen.

Lehen bi perpausetan, espero izatekoa den komunztadura aurkitu dugu: batetik, n- absolutibo komunztadura aurrizkia ni absolutiboz markatutako subjektuarekin lotzen dugu, eta, bestetik, -t ergatibo komunztadura atzizkia nik ergatiboz markatutako subjektuarekin. Alabaina, gauzak zertxobait aldatzen dira iraganeko kideko bi perpausetan, bereziki azken perpausean, nik subjektu ergatibodunak adizkian ohiko -t komunztadura atzizkia erakutsi beharrean, ezusteko n- komunztadura aurrizkia erakusten baitu, orainaldiko perpausaren absolutiboaren marka (eta ez, espero zitekeen gisan, ergatiboarena): Jon ikusi dut / Jon ikusi nuen.

Horren ondorioz, bi subjektuen arteko komunztadura berdindu egiten da, eta hizkuntza akusatiboetan ere hala izaten denez (pentsa bestela nosotros venimos / nous arrivons ‘gu gatoz’ eta nosotros leemos / nous lisons ‘guk irakurtzen dugu’ subjektu komunztaduren batasunean), badirudi ereduak huts egiten duela. Horrelakoak ez dira arrotzak hizkuntza ergatiboetan. Ergatibotasun hautsia deritza honi, edo ergatibotasun erdibitua (ing. split ergativity), eta horrek erakusten du ergatibotasunaren ezaugarrien eredua batzuetan hautsi egiten dela (ikus ergatiboaren hausturaz § 18.3.3). Hala ere, ikusi behar da hori egiazko haustura den ala erdibiketaren itxura baizik ez den. Gure ustez, itxura kontua da gehiago, egiazko erdibiketa baino. Erdibiketa itxura diogu, zeren tipologikoki apur bat desbideratzen baita euskara euren komunztadura sisteman erdibiketak erakusten dituzten beste hizkuntza batzuetatik.

Kontuan izan behar da halako itxuraketa akusatibo bat gertatzen dela euskaraz iraganean edota alegiazko adizkietan (egingo nuke, egin nezake), hau da, nolabait aldiak edota moduak baldintzatzen dutela nuen eta abarren agerraldia. Eta betiere absolutiboaren hirugarren pertsonaz ari gara12, ez besteez: hura ikusi nuen baina zuk ikusi ninduzun. Azken hau guztiz erregularra da: zuk ikusi nauzu, zuk ikusi ninduzun. Alabaina, aditz morfologiaren ergatibotasun erdibitua (ikusi dut, ikusi nuen) aldiak, aspektuak edo moduak ere baldintza dezaketen arren, hala izanez gero, ez da hizkuntza horietan gertatzen euskaraz gertatzen dena, baizik justu-justu alderantzizkoa: euskaraz ez bezala, iragan aldian edo aspektu burutuan gertatzen da itxuraketa ergatiboa, eta akusatiboa, berriz, bestelakoetan. Hindia/urdua dugu honen adibide. Hortaz, antzekotasun tipologikoak beste nonbait aurkitu behar ditugula dirudi, eta ez horrenbeste ergatibotasun erdibituaren eremuan.

1.6f Nik Jon ikusi nuen perpausean erakutsi dugun fenomenoari ergatiboaren lekualdatzea deitzea egokiago litzateke, Laka (1993a) eta beste batzuen ustez. Deitura honen atzean dagoen ustea da ergatibo komunztadura, atzizkia izan ohi dena, lekuz aldatu dela nolabait eta aurrizki baten bidez azaldu dela (-tn-). Fenomeno hau azaltzeko, hortaz, bi modu erabil daitezke: bat, ergatibotasun erdibitu klasikoa (beste hizkuntza batzuetan gertatzen dena, baina azalpen horrek baditu eragozpenak, esan bezala); bestea, ergatiboaren lekualdatzea. Hau ere ez da batere gauza berezia euskaraz, sintaxian beti ikusi izan dira lekualdatze fenomenoak: Norekin esan dizu Maitek bizi dela? Perpaus arrunt horretan kontua ez da ni norbaitekin nagoela eta Maitek esan didala zerbait, baizik Maite norbaitekin bizi dela (bera edo beste norbait), eta galdera egitean norbait horretaz erabiltzen dugun galdetzailea tokiz mugitu dugula13: Norekin esan dizu Maitek bizi dela? Hutsarte horretatik mugitu da galdetzailea kanpora. Bada, holako zerbait gertatuko litzateke aurrizkiarekin ere: -t atzizkia (dut), n- aurrizkia bihurtzen da tokiz aldatzean (nuen).

1.6g Erdibitzea izan, lekualdatzea izan, beste batzuek uste dute, ordea, eta hau litzateke hirugarren azalpen posiblea, hor ez dela benetan lekuz aldatutako ergatibo komunztadura hizkirik, baizik absolutibo komunztadura hizki huts bat. Hemen ere, ikusten denez, kontrako hipotesiez azaldu nahi izan dira datu berberak. Inork ukatuko ez duena da aipatzen ari garen perpausean komunztadura aldetik zerbait bitxia gertatzen dela, ingelesez eccentric agreement deitzen dutena, zeren euskaraz ez ezik, munduko beste hizkuntza urrun samarretan ere antzeko fenomenoen testigantza jaso baita, txuktxieraren antipasibo izunean (spurious antipassive, ingelesez), adibidez. Itzuliko gara geroago egitura antipasibo hauen ezaugarrietara (§ 1.8i, § 1.8j).

Aipatzekoa ere bada, neurri batean bitxia, eta orain ez gara azalpen teknikoez ari, euskaltzaleak nola mintzatu diren forma hauezaz ohartu direnean, nola ikusi izan dituzten. Adibidez, Euzkeltzale Bazkunak 1933an argitaratu zuen euskara ikasteko testuliburuan, iraganerako leudan, leuguban, leuzuban… formak ematen ditu, eta sarriago erabili arren, forma okertzat hartzen ditu neban, geban, zeban… edota azken bi hauen ordezko genduban, zenduban… Ikusten denez, ergatiboaren lekualdatzea zuten formak (aditz batuko nuen, genuen, zenuen adizkien kidekoak) okertzat jotzen zituzten, eta forma zuzentzat, aldiz, komunztadura sistemari eusten zioten forma asmatuak. Bitxikeriak bitxikeria, arretarik ez zaio falta izan komunztadura itxuraketa honi, ez euskalarien artean, ez oro har gramatikarien artean ere.

1.6h Komunztaduraz ari garela, komunztadura argumentalaz hitz egin ohi dugu orain arte, subjektuarekin eta gainerako argumentuekin batera datorrenaz. Hola, nik zu ikusi zaitut diogunean, laguntzailean markaturik gelditzen dira subjektua (nik…, adizkiaren amaieran -t ageri da) eta objektua (zu…, adizkiaren hastean z-): zaitut. Horiek argumentuak dira: ikusi aditzak norbaitek zerbait ikustea eskatzen du. Komunztadura argumentala dela diogu, horregatik. Aldiz, beste batzuetan aditzak beste mota bateko komunztadura egiten du: ikusi dut / ikusi diat / ikusi dinat. Adizki horietan lehenbizikoa bakarrik da zaitut-en pareko (ikus § 27.1). Beste bietan beste mota bateko komunztadura egiten da: diat erabiltzen dugu gure solaskidea gizona bada, eta dinat, berriz, andrea delarik, baldin hizkera alokutiboa aukeratzen bada. Baina solaskidea andrea edo gizona izateak ez du deus zerikusirik aditzaren argumentuekin. Holakoetan komunztadura ez-argumentala egiten da, eta orduan izatez ez da perpauseko inongo argumenturi dagokion agerpen morfologikoa, ez bada argumentua ez den zerbaiti egotzi beharrekoa. Komunztadura ez-argumentala da euskararen alokutiboa, ikusten denez (Oyharçabal 1993). Tipologikoki ezaugarri berezia da hau ere, japonieraren honorifikoekin konpara daitekeena, esaterako. Konpara ditzagun elkarren artean ondoko bi perpausak: Nik Joni liburuak ekarri dizkiot eta nik Joni liburuak ekarri zizkioat/zizkionat. Lehenbiziko perpausean komunztadura argumentala egiten da, beste bietan argumentala eta ez-argumentala (§ 27.1).

1.6i Ez dago desberdintasunik, esanahiaren aldetik, adibide horien artean. Desberdintasun bakarra aditz laguntzailearen formari begira antzeman daiteke: dizkiot vs zizkioat/zizkionat. Zizkioat/zizkionat adizkiek jasotzen dituzte banaka-banaka lehen aipatu ditugun komunztadura morfema guztiak, baina morfema berri bat ere gaineratzen du: -a/-na morfemak, hiztunak aurrean duen solaskideari dagozkionak. Hizketa modu hau solaskideari lotua da hertsiki, eta lagunarteko erregistroan bakarrik erabiltzen da, betiere adizki jokatuekin. Beraz, euskaraz, erregistro horretan, generoa sexuarekin lotua da gehienetan: andreari modu batean egiten zaio, eta gizonari bestean. Solaskide gisa animalia bat (izan dadin arra edo emea) edo gauza bat (hiri bat, arbola bat, mendi bat, ibai bat…) hartzen denean, genero markatugabea erabiltzen da (gizonari egiten zaiona bezalakoa, tokakoa; andreari egiten zaiona nokakoa da), euskalki batzuetan bederen (Lafon 1947: 373-394).

Adizki horiexek dira, hain zuzen, komunztadura ez-argumentaleko morfemek eta alokutibo formek sortzen dituztenak. Komunztadura ez-argumentala diogu morfema horiek ez direlako perpauseko inongo argumenturen adierazpide morfologikoak, perpausetik kanpo dagoen solaskidearenak baizik. Kontuan izan morfema horiek benetako argumentu bati balegozkio, orduan argumentu hori agerian egon litekeela perpausean, baina hori ezinezkoa da: *Nik hiri Joni liburuak ekarri zizkioat/nat. Azken batean, alokutiboa ezinezkoa da baldin eta perpausean (eta adizkian) bigarren pertsonako argumenturen bat bada: *Nik zuei esango zizueat. Adizki hori —holako zerbait eskatzen du aditzaren morfologiak— ez da existitzen euskaraz.

1.6j Alokutiboen komunztadura ez-argumentala izan arren, gainerako komunztadura argumentalarekin batera jarriz gero, orduan, lau komunztadura arteko sistema du euskarak (subjektua, osagarri zuzena, zehar-osagarria eta alokutiboa), eta hori oso kasu bakanetan aurki daiteke munduko hizkuntzetan: bat aipatzekotan, eta diferentziak diferentzia, Kaukasoko abazera ekar dezakegu hona, nahiz badiren desberdintasunak. Abazeraren adizkerak aditz ditrantsitiboetako hiru argumentuekin komunztadura egiten du (euskarak bezala), eta gainera adjuntu zenbaitekin ere komunztatzen da (O’Herin 2001: 477-493). Baina kontua bestelakoa da aipatu hizkuntza horretan, itxurazko parekotasunak badira ere: abazeraren komunztadura jokoak xeheki azaltzen dituen lan horrek ez du aipatzen komunztadura alokutiborik.

11 Paris (1969). Autore berak eta Anscombrek artikulu bat argitaratu zuten euskararen komunztadura sistema eta txerkezierarena konparatuz eta, nolabait, argumentuen komunztadurari dagokionez, elkarren antza dutela agerian emanez (Paris & Anscombre 1980: 227-249).

12 Aipatzekoa hemen, zenbait hizkeratan, erdibiketa hau ohartu gabe edo hausteko joerak ageri direla: hola sortu dira zidazun eta gisakoak, zenidan horren ordez; edo leikezu bezalakoak, zeinke adizkiaren ordez.

13 Alde batera utziko ditugu hemen interesik ez duten perpausaren barne egiturako beste gai batzuk.

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper