JAGONET galde-erantzunak

Subjuntiboa: nahi(ago) izan, gura(go) izan, opa izan -eN/-eLA

Galdera:

Euskaltzaindiaren Orotariko Euskal Hiztegia begiratu dut (ikus XIII. lib. 450. or.) eta adibide hauek aurkitu ditut opa izan sarreran: Merezi du eta opa diogu zeruan goza dadila. Nik opa diet zeruan gerta daitezela. Luzaroan dabilela opa diogu. Orain opa dut izan ezazula zeruetan deskantsua. Zeruak opa diezagula osasuna eta eguneroko ogia.
Horiek horrela, jakin nahi nuke -eN bukaera ere zuzena ote den.

Erantzuna:

Gramatika batzordearen ustez, onartzekoak dira opa izan aditzaren menpeko -eN menderagailudun subjuntiboak. Euskaltzaindiaren Euskal Gramatika: Lehen Urratsak, EGLU, V, Mendeko perpausak liburukiko 137. orrialdean ikus dezakezunez, -eN da, hain zuzen, nahia edo desira adierazten duten aditz gobernatzaileen menderagailu ohikoena subjuntiboetan, -eLA baino areago. Salbuespen gisa edo ematen da halakoetan -eLA menderagailua (opa diogu zeruan goza dadila), eta, esan bezala, -eN menderagailua da osagarri arruntena nahi(ago) izan, gura(go) izan, opa izan moduko aditz gobernatzaileentzat.

Zuk aipatutako OEHko XIII. liburuki horrek, opa izan sarreran, badakar halako adibide bat: "Opa dezun ezkero neronek erakutsi deizudan".

Horrez gainera, ikus JAGONETeko datu-base honetako opa izan / nahi zan / -eN sarrerak.

Data: 2008/01/23 - Erantzulea: Jesus Mari Makatzaga, Gramatika batzordeko idazk.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper