Dendako atean Irekia dago iragarkia ikusi dut. Zuzena da ala Irekita dago idatzi behar da?
Horiek biak zuzenak dira; izan ere, aditza egon edo eduki denean, partizipioa bi modu horietan ager daiteke esaldian. Baina aditza izan edo ukan denean, -a(k) bakarrik erabiltzen da: nekatua naiz eta ez *nekatuta naiz.
- Lotura-aditza izan edo ukan denean, -a(k) bakarrik erabiltzen da (zubereraz -rik ere bai): nekatua naiz, ikusiak ditut.
- Lotura-aditza egon edo eduki denean, -a(k) nahiz -ta edo -rik erabiltzen dira: nekatua nago, nekatuta nago, nekaturik nago (*nekatutak daude); ikusia daukat, ikusita daukat, ikusirik daukat (*ikusitak dauzkat).
Ikus hauek ere: "Modua adieraztea: -a/-ta/-rik (itxia/itxita/itxirik, zabalik)" (JAGONET), "Modua adieraztea: -ta/-a/-rik (bustita dago / bustia dago / bustirik dago)" (JAGONET).
Data: 2020-05-14
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: morfologia > mugatzaileak, sintaxia > aditza, sintaxia > perpausak
Unitate-mota: afixuak > atzizkiak, hitzak-aditzak > adizki ez-jokatuak, perpausa > modua
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.