Zuzenak al dira Hain da handia, ez baita atetik sartzen moduko esaldiak?
Zuzenak dira, nahiz eta egitura hori ez izan erabiliena. Euskal Gramatika. Lehen Urratsak V, 457. or. liburukian esana dago, literaturako erabileran oinarrituz, molde hori ere erabil daitekeela. Giza semeak (...) hain eder ziren, haiengana Maitagarriak maiteberotu baitziren.
Ondoriozko perpausetan txartzat emandakoa -(e)la atzizkiduna da: alegia, *Hain nekatua nago, ez naizela kalera irtengo eta horren gisakoak.
Aipatu Euskal Gramatika. Lehen Urratsak V, 450. or. liburuki berean zortzi esaldi jator hauek ageri dira:
a) Hainbeste diru galdu du, non ez baitaki emazteari zer esan.
b) Hainbeste diru galdu zuen, ezen ez zekien emazteari zer esan.
c) Hainbeste diru galdu du, non ez dakien emazteari zer esan.
d) Hainbeste diru galdu zuen, ezen ez baitzekien emazteari zer esan.
e) Hain begiluzea zen, non herriko berri guztiak jakiten baitzituen.
f) Hain begiluzea da, ezen herriko berri guztiak jakiten dituen.
g) Hain begiluzea da, non herriko berri guztiak jakiten dituen.
h) Hain begiluzea zen, ezen herriko berri guztiak jakiten baitzituen.
Horrez gain, ikus hau ere: "Ondorioa adieraztea: hain (hain da handia, non ez baita atetik sartzen / *ez dela atetik sartzen)" (JAGONET).
Data: 2020-05-14
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: lexikoa > orokorra, sintaxia > aditza, sintaxia > kalko baztergarriak, sintaxia > perpausak
Unitate-mota: hitzak-aditzak, joskera > kalko baztergarriak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.