1) Ondo al daude ondorengo forma hauek biak?
Lekurik badaukat autoz eraman zaitzaket.
Lekurik baneuka kotxez eraman nitzake.
2) Zergatik erabil daiteke -z gero formarekin eta ez baldintza hipotetikoarekin?
Lekurik edukiz gero, kotxez eraman nitzake
Lekurik baneuka, kotxez eraman nitzake
3) Jatortasun aldetik, zein lirateke hauen itzulpenak?
(a) Si trabajara en la oficina te podría hacer gestiones / Si je travaillais dans ce bureau, je pourrais te faire les démarches.
Bulegoan lan egingo banu, gestioak egin (ahal) niezazkizuke.
(b) Si hubiera trabajado en la oficina te habría podido hacer las gestiones / Si j’avais travaillé dans ce bureau, j’aurais pu te faire les démarches.
Bulegoan lan egin izan banu, gestioak egin (ahal) niezazkizukeen.
1) Biak daude ondo, eta ondoko egitura hauek ere (mendebaleko zein Iparraldekoak) ontzat emango genituzke:
Lekua baneuka, autoz eraman nitzake
Lekua baneuka, autoz eraman ahal izango nituzke
Lekua baneuka, autoz eraman ahal nitzake
Lekua baneuka, autoz eramaten ahal nitzake
2) Baldintza errealean nahiz irrealean erabil daiteke -z gero forma. Eta ez dago bigarrena erabiltzeko debekurik. Beraz, horiek biak ontzat ematekoak dira.
Hala ere, ohar bat egin nahi da emandako adibide horietaz: askoz ere erabiliagoa da lekua badut/badaukat, horrako lekurik badut/badaukat horiek baino.
3) Adierazi beharrekoa da baldintza baten ondoren ez dela normalena ahalezko edo potentzialeko formak erabiltzea, eta bai nizkizuke, nizkizun gisakoak. Beraz,
a) Bulegoan lan egingo banu, gestioak egingo nizkizuke.
b) Bulegoan lan egin izan banu, gestioak egingo nizkizun.
Data: 2020-05-14
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: sintaxia > aditza, sintaxia > komunztadura, sintaxia > perpausak
Unitate-mota: hitzak-aditzak > adizki jokatuak, hitzak-aditzak > komunztadura, perpausa > baldintza
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.