Zertzelada batzuk:
1. ADITZAREN KOMUNZTADURA. Aditzek ere badute nolabaiteko komunztadura aldi eta aspektuan: indikatiboko baldintzak ezin du alegiazko ondorioa eraman, edo alderantziz.
*Saiatzen bada, lortuko luke (> Saiatzen bada, lortuko du).
*Saiatuko balitz, iritsiko da (> Szaiatuko balitz, iritsiko litzateke).
*Hori horrela balitz, oso pozik joango naiz (> Hori horrela bada, oso pozik joango naiz).
*Arriskuan balego, esango didazu / *Arriskuan balego, esadazu (> Arriskuan baldin badago, esango didazu / esadazu).
*Berandu baletor, aukera galduko du (> Berandu badator, aukera galduko du / Berandu baletor, aukera galduko luke).
2. Zuzenak dira baldintzaren erabilera hauek:
• Baldintza eta kausa: Arin ibiltzen bazara, garaiz helduko zara ekitaldira.
• Baldintza eta denborazko aldiberekotasuna: Anuk ikusten baduzu, esaiozu deituko diodala.
• Baldintza eta hipotesia: Atzerrira joaten badira, lana aurkituko dute (gertagarria). Ispiluek gezurra esango balute, zoriontsu biziko ginateke (gertagaitza-edo).
• Inferentzia bidezko erabilerak: Hori abokatua bada, ni astronauta! Pello bilkurara etorri ez bada, eri da! Hobe dugu hemendik joatea, norbait etortzen bada ere (ikus 7. puntua ere).
3. Zuzena eta egokia da iragan-geroa delakoa (adibidez, etorriko zen) ezinezko baldintzen ondorioan erabiltzeko. Bi moldeak baliokideak dira [42. araua] :
Hori jakin (izan) banu, etorriko nintzatekeen (= etorriko nintzen).
Hori jakitera, berehala esango niokeen (= esango nion).
Garaiz esan bagenio, lehenago etorriko zatekeen (= etorriko zen).
4. Ez da zuzena, ordea, iragan-geroa erabiltzea gertakari hipotetikoak baina gerta litezkeenak aipatzeko. *Gustura joango nintzen Kubara (> Gustura joango nintzateke Kubara). *Oraintxe bertan txuleta eder bat jango nuen (> Oraintxe bertan txuleta eder bat jango nuke).
5. Etortzen bazara = (baldin) bazatoz. Honako bi perpaus hauek egoera berean erabiltzekoak eta zuzenak dira: Garaiz etortzen bazara, hondartzara joango gara = Garaiz baldin bazatoz, hondartzara joango gara.
Biak baldintza errealak dira, eta aditz-formaren desberdintasuna gorabehera (bata perifrastikoa eta bestea sintetikoa), biak dira indikatibozkoak, eta berdin erabiltzekoak.
6. Baldintzaren aditza iraganean izateak ez du nahitaez iraganeko ondorioa eskatzen. Bi aukera zabaltzen dira denbora-komunztadurari dagokionez: iragana-iragana, iragana-geroa. Alegia:
a) Gerta liteke iraganean gertatu izan balitz bezala ematea ondore-perpausa (hipotesi irreala):
Zuek dituzuen aukerak izan bagenitu, beste modu batera biziko ginen/ginatekeen orduan.
Zuek dituzuen aukerak izan bagenitu, beste modu batera biziko ginen/ginatekeen orain.
Urtean zehar gehiago ikasi (izan) bazenu, (datozen) oporretan ez zenuen/zenukeen hemen geratu beharko.
Gaztetan grekoa ikasi (izan) banu, (datorren) udan zurekin joango nintzen/nintzatekeen oporretara.
b) Gerta liteke alegialdian ematea ondore-perpausa, bukatu gabeko egoera edo hasi gabeko prozesu gisa aurkeztuz:
Zuek dituzuen aukerak izan bagenitu, beste modu batera biziko ginateke orain.
Urtean zehar gehiago ikasi (izan) bazenu, (datozen) oporretan ez zenuke hemen geratu beharko.
Gaztetan grekoa ikasi (izan) banu, (datorren) udan zurekin joango nintzateke oporretara.
7. ‘Ba... ere’ moldearen baldintzazko balioa (es: ‘por si viene’, fr: ‘pour le cas où’ esapideen euskarazko moldea). BA-... ERE duten egitura batzuk ez dira kontzesiozkoak nahitaez. Adibidez, honako hauek kontzesio-balioa baino argiagoa dute baldintzazkoa, eta egokiak dira erdarazko esapide-modu hauek emateko: ‘por si’ edo ‘pour le cas’.
Etxera noa, norbait etorri bada ere.
Etxea garbi eduki behar dut, norbait badator ere.
Norbaitek galdetuz gero ere, lotsagarria da zer erantzun ez jakitea.
Ohartxo bat utziko diot badaezpada (ere) / Ohartxo bat utziko diot etortzen bada (ere) / Ohartxo bat utziko diot, etor daiteke eta / Ohartxo bat utziko diot, jin baledi...
8. Baldintza-formen gehiegikeria:
• Ez da zuzena, zurrumurrua-edo tarteko denean, inongo baldintzarik ez egon arren baldintzaren ondoriozko aditzak erabiltzea, gaztelaniaren eta frantsesaren kalkoz: *Iturri batzuen arabera, Espainiako erregea uda honetan ezkonduko litzateke (> Iturri batzuen arabera, Espainiako erregea uda honetan ezkonduko da / ezkontzekoa da / ezkontzekotan da).
• Ez da ohikoa eta normala baldintza baten ondoren ahalezko formak erabiltzea: *Bulegoan lan egingo banu, gestioak egin (ahal) niezazkizuke. *Bulegoan lan egin (izan) banu, gestioak egin (ahal) niezazkizukeen (> Bulegoan lan egingo banu, gestioak egingo nizkizuke. Bulegoan lan egin (izan) banu, gestioak egingo nizkizun/nizkizukeen).
9. Aspektu-markarik gabeko baldintza-perpausak.
EUSKALTZAINDIA (1987). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak II (EGLU II). Bilbo: Euskaltzaindia (369-383, 150).
—(2005). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak VI (EGLU VI). Bilbo: Euskaltzaindia (11, 31, 263).
— “Baldintza adieraztea: baldin ba- (etortzen bazara / baldin bazatoz)”, Jagonet galde-erantzunak.
— “Baldintza adieraztea: komunztadura (dituzun aukerak izan bagenitu, ondo biziko ginateke orain)”, Jagonet galde-erantzunak.
— “Baldintza adieraztea: komunztadura (lekua edukiz gero, autoz eraman nitzake)”, Jagonet galde-erantzunak.
— “Baldintza adieraztea: estudiatu izan bazenu / hobeto biziko zinen/zinatekeen”, Jagonet galde-erantzunak.
— “Lexikoa: badaezpada (oharra utzi badaezpada ere / *oharra utzi badaezpada etortzen bada).”, Jagonet galde-erantzunak.
— (2021). “Aspektu burutua duten alegialdiko baldintzazko perpausak (etorri balitz, ekarri balu)”, Euskararen Gramatika.
GARZIA, Juan (2005). Kalko okerrak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (65).
EHUko Euskara Institutua (2012). "Baldintza-perpausaren eta ondoren-perpausaren arteko komunztadura okerra", Kalkoen Behatokia.
EHUko Euskara Zerbitzua (2015). "Baldintza: erabilera desegokia", Ehulkuren aholku guztiak.