Etorri zealazkoa, eamazu zeorrek (zuzena, Gipuzkoako Goierrin).
Etorri zarelazkora, eraman ezazu zerorrek (zuzena, batuan).
Etorri zarenez gero, eraman ezazu zerorrek (aurrekoaren esanahia).
Lehenengo esateko modu hori herriko zaharren artean sarritan entzun izan dut. Agian, lokalismo hutsa da. Bestalde, fonetika aldetik, baliteke hiztun alfabetatu gabeen ahozko aldaera izatea. Beharbada, zarenez gero horren eboluzio-degenerazioa da: zarenez gerora?… zarenezkora?… etab. Beste probabilitate bat ere bada: zarelakotik eratorri izana.
Horrez gainera, jakin nahi nuke -z gero egitura erabiltzean noiz erabili behar den -ez gero. Kontsonantez bukatzen denean bakarrik? Hartuz gero ala hartuez gero?
Eskualde jakin batekoak diren neurrian, zaila da literaturan lekukotasunak aurkitzea. Areago, zaila izaten da, orobat, ahoz sarri erabiltzen ditugun egiturak nola idatzi behar diren jakitea. Baliteke horrelakoa izatea kasu hori ere. Dena den, aztertzeke dago.
Bestalde, partizipioa kontsonantez amaitzen denean erabili behar da -ez gero. Beraz, hartu aditza bokalez amaitzen denez: hartuz gero. (26. araua)
Data: 2020-05-14
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: sintaxia > aditza, sintaxia > perpausak
Unitate-mota: hitzak-aditzak > adizki ez-jokatuak, hitzak-aditzak > partizipioa, hitzak > adberbioak, perpausa > kausa
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.