Jarrai iezaguzu sare sozialetan / Jarrai gaitzazu sare sozialetan.
Zein da erdarazko ‘Síguenos en las redes sociales’ / ‘Suivez nous sur les réseaux sociaux’ esaldiaren ordain egokia?
Lehenengo esaldia da zuzena, bigarrena ez: Jarrai iezaguzu sare sozialetan.
Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arabera, [EH:jarraitu] aditza dio erregimenekoa da ―NORI berekin duena, alegia―. Egia da du erregimenekoa ere izan litekeela, baina ez galderan ematen zaion adieran. Aski esanguratsuak dira hiztegian bertan ageri diren adibideak: Etxeraino jarraitu dio. Urrundik jarraituko diot. Jarraitu zion.
Auzi honetan harira dator jarraitu aditzak sinonimoa duen segitu aditza ere. Eta hori erabili nahi izatera, bi moldeak dira egokiak orduan: Hegoaldeko ohituran, Segi(tu) iezaguzu sare sozialetan; Iparraldekoan, Segi gaitzazu sare sozialetan [EH:segitu] (bukaerako oharra).
Jarraitu aditza erabili ordez jarraiki aditza erabili nahi bada, hauxe da ordaina: jarraiki zakizkigu. [EH:jarraiki]. Arrazoia: aditz hori zaio erregimenekoa da.
Data: 2023-01-30
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: morfologia > aditz-jokoa, sintaxia > aditza, sintaxia > komunztadura
Unitate-mota: hitzak-aditzak > adizki jokatuak, hitzak-aditzak > erregimena
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.