Zein da aukera egokia honako esaldi honetan: Lehenengoari beti... (darraio, darraikio ala jarraitzen dio)… bigarrena?
Euskaltzaindiaren Euskal Aditz Batuaren arabera Euskal Aditz Batua, 104. or., forma sintetiko baturakoa darraio da (darraikio forma, nahiz tradizioan gutxi-asko erabilia izan, ez da ageri arauan); jarraitzen dio molde perifrastikoa ere zuzena da [EH:jarraitu,1]. Zuzena da, era berean, jarraikitzen zaio moldea ere [EH:jarraiki,1]. Beraz, hiru modu hauetara molda liteke galderakoa: Lehenengoari beti darraio bigarrena. / Lehenengoari beti jarraitzen dio bigarrenak. / Lehenengoari beti jarraikitzen zaio bigarrena.
Darraio jarraiki aditzaren forma trinkoa da, zaio (Nor-nori) motakoa. Adibideak:
Jainkoa galtzeari darraion sari gogor amorragarria.
Gelditasunari darraion herio kutsua.
Aurrean Baztan daukazu, gibelean Erro aldea.
Gibeletik ez darraio soldadu armaturik.
Data: 2023-01-30
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: morfologia > aditz-jokoa, sintaxia > aditza, sintaxia > komunztadura
Unitate-mota: hitzak-aditzak > adizki jokatuak, hitzak-aditzak > erregimena, hitzak-aditzak > trinkoak, lokuzioak/kolokazioak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.