Zein da idazkera zuzena: Opusko kidea / Opuseko kidea / Opus-eko kidea?
Honela behar du: Opuseko kidea edo Opus-eko kidea.
‘Adierazpen izendatzaileen deklinabidea’ izeneko arauak jorratzen du gai hori (183. araua), eta bertan, leku-izen edo pertsona-izen ez diren izen bereziak hartzen dira kontuan. Esate baterako: Twitter, Euskaltel, Fagor, Ederlan, Nafarroa Oinez…
Arau horren arabera, kontsonantez bukatuek beti gorde behar dute -e- epentetikoa, eta aukerakoa da marratxoa erabiltzea: Twitterreko/Twitter-eko (*Twitterko), Euskalteleko/Euskaltel-eko (*Euskaltelgo), Fagorretik/Fagor-etik (*Fagortik), Ederlaneko/Ederlan-eko (*Ederlango), Nafarroa Oinezeko/Oinez-eko (*Oinezko)…
Dena dela, izan kontuan arau horrek ez duela zerikusirik leku-izen bereziekin; haietan, -e- epentetikoa ez da nahitaezkoa: Garesko/Gareseko, Eibarko/Eibarreko…
Data: 2022-03-29
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: morfologia > kasu-markak, izen bereziak > bestelakoak, ortografia > marratxoa
Unitate-mota: hitzak > izenak, karaktereak > markak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.