Enpresa, talde, erakunde, merkataritza-establezimendu, marka, gertaera, artelanak... izan daitezke halakoak (Haizearen Orrazia, Eusko Jaurlaritza, Orotariko Euskal Hiztegia, Bigarren Mundu Gerra, Coca Cola, Google, Twitter, Euskaltel...). Hitz bakarrekoak zein hitz bat baino gehiagokoak izan daitezke; pluralekoak ere bai, edo baita perpaus osoak edo perpaus-zatiak ere, eta baita erdarazkoak ere: Argia, Eroski, Obabakoak, Europar Batasuna, Uda-gau bateko ametsa (antzezlan baten izenburua), Langile Komisioak, Gure Esku Dago, Greenpeace, Rolls-Royce... 183. arauak jorratu du gai hau.
Oro har, gainerako izen bereziak bezala deklinatzen dira
, baina zehaztea komeni da:• Kontsonantez bukatuek beti gorde behar dute -e- epentetikoa; ez dute leku-izenek duten bikoiztasun-aukerarik (Eibarko/Eibarreko): Nafarroa Oinezeko (*Oinezko), Fagorretik (*Fagortik), Ederlaneko (*Ederlango), Twitterreko (*Twitterko)...
• e, i, o, u bokalaz amaitutakoek bokalez amaitzen diren leku-izenek bezala egiten dute. Bilbo izenaren deklinabidea izan liteke eredua honako izen hauentzat: Urzante, Eroski, Cikautxo, Ahal Dugu...
• Artikulua kenduta kontsonantez bukatzen direnek kontsonantez amaitzen diren leku-izen artikuludunek bezala (Urizaharra izan liteke eredua):
(Urizaharra) Urizaharreko, Urizaharretik...
(Hezkuntza Saila) Hezkuntza Saileko, Hezkuntza Sailetik...
• Artikulua kenduta e, i, o, u bokalaz bukatzen direnek -a bokalaz amaitzen diren leku-izen artikuludunek bezala (Azpeitia izena izan liteke eredua):
(Azpeitia) Azpeitiko, Azpeititik...
(Euskaltzaindia) Euskaltzaindiko, Euskaltzainditik...
(Futbol Federazioa) Futbol Federazioko, Futbol Federaziotik...
• a itsatsia dutenek a berezkoa duten leku-izenek bezala (Donostia izena izan liteke eredu) :
(Donostia) Donostiako, Donostiatik...
(Alderdi Sozialista) Alderdi Sozialistako, Alderdi Sozialistatik...
(Eusko Ikaskuntza) Eusko Ikaskuntzako, Eusko Ikaskuntzatik...
ARTIKULUZ AMAITUTAKOEK SORTZEN DUTEN ZALANTZA. Izan ere, batzuek -a artikulua galdu egiten dute, baina beste batzuek ez. Gakoa honetan datza: izena eta izana bat al datozen antzematea.
• Euskaltzaindiaren Hiztegia hiztegia da; Laborantzako liburua, liburua; San Agustinen Aitorkizunak, aitorpen-liburua; Gerrako kronikak, kronika-liburua; Euskaltzaindia, euskaltzainak biltzen dituen elkartea; Europar Batasuna, Europako herrialde askoren batasun politikoa... Izena eta izana bat datoz horietan: adierazpen izendatzailea edo izena deskripzio bat da.
Horrelakoak izen arruntak bezala deklinatzen dira, izenaren erroari erantsiz kasu-atzizkia; baita bukaerako -a/-ak artikulua galtzen bada ere: Euskaltzaindiaren Hiztegiko zerrendak, Laborantzako liburutik hartu, Orotariko Euskal Hiztegibikainera jo, Gerrako kroniketatik (Gerrako kronikak liburutik) atera dut, Europar Batasuneko organismoak, Euskaltzainditik jaso, Eusko Elkartasuneko kide, Usurbilgo Udalean erabaki, Elgoibarko Institututik etorri, Alkoholiko Anonimoetako (*Anonimoak-etako) kideen bilera, Batzar Nagusien web ofiziala, Oñatiko Kilometroetarako (*Kilometroak-etarako) autobusa, etab.
• Beste batzuetan, izena eta izana ez datoz bat; izena ez da deskripzioa. Esaterako, Garoa eleberria da, eta ez garo-landarea; Osasuna futbol-taldea da, eta ez osasuna; Argia astekaria da, eta ez argia; Euskadi Gaztea irratia da, eta ez inolako Euskadi...
Horrelakoetan, kasu-atzizkia eranstean, izenak ez du bukaerako -a/-ak artikulua galtzen: Garoatik eta Kresalatik hartutako adibideak; Osasunako jokalariak ageri dira Argiako argazkian; Euskadi Gazteako esataria; Atxagaren Obabakoaken irakurri nuen; Toki Onan bazkaldu dugu; Berriako albistea irakurri; Lagun Onakeko jokalaria, etab.
Halakoetan, aukerakoa da izenaren eta kasu-markaren arteko marratxoa:
Toki Ona-n bazkalduko dugu.
Euskadi Gaztea-ko esataria da.
Letra etzana erabiltzen denean (hala nola artelanen izenetan edo argitalpenetan)
, letra etzanaren amaieraren eta letra arruntaren hasieraren bidez adieraz daiteke non amaitzen den izendapena eta non hasten den deklinabidea:Berriako kazetariak.
Uda-gau bateko ametsako pertsonaia nagusiak.
Saizarbitoriaren Ehun metron antiheroi gisa agertzen da protagonista.
(Marratxoa erabiltzea ere zilegi da, hala ere, Euskera, XVI, 1971)
• Izen batzuek zalantza eragiten dute deskribatzaileak diren ala ez (izena eta izana bat datozen ala ez): Herri Batasuna, Euskadiko Ezkerra, Ezker Batua... Halakoak artikulurik gabe ematea hobesten da: Herri Batasuneko, Ezker Batuko...
• Badira salbuespenak ere. Amnistia Internazionala eta Gurutze Gorria, esaterako, ez dira izen deskribatzaileak, baina haiek bezala egiten dute: Gurutze Gorriko boluntarioak, Amnistia Internazionaleko idazkari nagusia.
Nolanahi ere, deklinabide-katramilak saihesteko, estrategia egokia da zalantza eragiten duten izen bereziak batere atzizkirik gabe idaztea (absolutiboan —NOR kasuan— utziz izen-sintagma), aukerako baliabideak erabiliz: Eusko Elkartasuneko kide / Eusko Alkartasuna alderdiko kide; Toki Ona(-)n bazkaldu / Toki Ona jatetxean bazkaldu, etab.
ZUBIMENDI, Joxe Ramon (2004). Ortotipografia. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (28-30).