Zuzena al da aitagandik esatea aitarengandik esan ordez? Eta semeakin esatea semearekin esan ordez?
Lehen galderako forma biak —aitagandik, aitarengandik— zuzenak dira, baina bigarren galderako *semeakin forma okerra da.
Euskal Gramatika Laburra liburuan Euskal Gramatika Laburra: Perpaus Bakuna, 503. or., argi ikusten da noiz erabili eta noiz ez erabili -ren- artizkia: kasu-markarekin, esaterako, mugagabean eta mugatu singularrean ez da nahitaezkoa.
Zuzenak dira, adibidez, forma hauek, parentesi arteko -ren- artizkia erabili ala ez: aita(ren)gandik (mugg.), aita(ren)gandik (sing.), aitengandik (pl.); aita(ren)gan, aita(ren)gan, aitengan; Koldo(ren)gan, Koldo(ren)gana, Koldo(ren)ganako.
Zuzenak dira, adibidez, beste forma hauek ere, parentesi arteko -re- artizkia erabili ala ez: gu(re)gan, gu(re)gana, gu(re)gandik, gu(re)gatik, gu(re)ganako; zu(re)gan, zu(re)gana, zu(re)gatik, zu(re)ganako,…
Baina NOREKIN kasuaren singular-marka -arekin da beti; beraz, semearekin bakarrik da zuzena, eta ez *semeakin.
Horrez gain, ikus hau ere: "Kausa adieraztea: -gatik, -rengatik (zure laguntzarengatik / zure laguntzagatik)" (JAGONET).
Data: 2020-05-14
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: morfologia > kasu-markak, sintaxia > sintagma-egiturak
Unitate-mota: hitzak > izenordainak, hitzak > izenak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.