Bi kantitateren arteko erlazioa (‘arrazoia, ratioa’) adierazteko erabiltzen da -ko atzizki banatzailea.
Orduko laurogei kilometroko abiaduran zihoan.
Biztanleko eta eguneko egiten den gastua % 0,5 murriztu da (*biztanleagatik, *egun bakoitzagatik).
Nafarroan, telefono finko bat dute 2,44 biztanleko.
Kilometro koadroko 24 laguneko populazio-dentsitatea oso txikia da.
Abiadura orduko kilometrotan adierazi ohi da.
Abiadura orduko 30 kilometrora iristen denean, argia pizten da.
Kontzentrazioa milioiko 30 partetik gorakoa bada, arazoak sortuko dira.
Zer kontzentrazio dago gaur? Milioiko 30 parte = 30 parte milioiko.
Zer abiadura lortu zuen atzo? 30 kilometro orduko = Orduko 30 kilometro.
Izena soilik, zenbakirik gabe, agertzen bada, azpian bakoitz dagoela ulertzen da: laguneko (= lagun bakoitzeko), eguneko (= egun bakoitzeko), eta abar: Sei euro ordaindu dut liburuko / liburu bakoitzeko.
Komeni da gogoratzea -ko markak ez duela balio banatzailea soilik. Ugari erabiltzen da, esate baterako, nolakotasuna adierazteko (NONGO kasua) . Eta osagai oso emankorra izan da, orobat, esaterako, adiera jakineko izen arrunt asko sortzeko. Azpisail hauetako izenak, besteak beste:
• Animaliei aplikatuz balio txikigarria emateko: astoko, azeriko, mandoko, otsoko, zozoko...
• Arropak edo apaingarriak izendatzeko: gerriko, buruko, lepoko, soineko, betaurreko, belarritako, oinetako, euritako, eguzkitako...
• Kolpea adierazteko: aurpegiko, belarrondoko, ipurdiko, matraileko, zaplazteko, muturreko, takateko...
• Pertsonei aplikatuta erabiltzeko: lekuko, oinezko, oinordeko, zaldizko...
• Izenlaguna osatuz beste atzizki bati oinarria emateko: betiKO-tasun, eguneroKO-tasun, gaurKO-tasun, etxeKO-tasun...
EUSKALTZAINDIA (1991). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak I (EGLU I). Bilbo: Euskaltzaindia (389; eranskina, 200).
—(1993). Euskal Gramatika Laburra: Perpaus Bakuna. Bilbo: Euskaltzaindia (493-494).
EHUko Euskara Zerbitzua (2013). "-KO atzizki banatzailea", Ehulkuren aholku guztiak.
AZKUE, Resurrección María (1969). Afijos. (92).