Polizia agertzeaz batera...; Polizia agertzearekin batera...; Polizia agertzearekin bat... moduko esaldiak zuzenak eta baliokideak dira. Denborazko perpaus jokatugabeak dira, aldiberekotasuna adierazten dutenak. Euskalkien arabera, denbora-morfema ezberdin asko erabiltzen ditu euskarak; esate baterako, besteak beste, -tua(ga)z / -tzeaz batera / -tzeaz bat / -tzeaz batean mendebaldean erabiltzen dira gehiago (Hau esanaz batera, dantzan hasi zen. Neskatila ikusteaz bat, negar egin zuten gurasoek). Beste hauek, berriz, gainerako euskalkietakoak dira: -tzearekin batera / -tzearekin bat / -tzearekin batean (Hura sartzearekin batera, jauzika abiatu zen haurra).
EUSKALTZAINDIA (2011). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak VII (EGLU VII). Bilbo: Euskaltzaindia (92, 124).
— “Aldiberekotasuna adieraztea: -z/-tzeaz/-tzearekin bat (agertzeaz batera / agertzearekin batera / agertzearekin bat)”, Jagonet galde-erantzunak.