(Mat.) Balio bera dute zenbaitetan bi hitzek (Hogei metro karratuko/koadroko gela), baina ez da hala adiera guztietan. Zerbaitek lauki-forma duela adierazteko, karratu erabiltzen da, esaterako, eta ez koadro: *Hiria koadroa zen (> Hiria karratua zen).
Bestalde, koadro hitza margolanaren edo pinturaren sinonimoa da, baina karratu ez. [EH]
Azken urteotan, matematikan —eta, oro har, zientzia eta teknikako lanetan— ‘karratu’ hitza erabiltzeko ohitura nagusitu da, bai luzerekin eta bai luzerak ez diren magnitudeekin eta mota guztietako zenbaki, sinbolo, aldagai eta unitateekin ere. Adibidez, 4² irakurtzean, «lau karratu» esatea, eta x² irakurtzean, «ixa karratu»; orobat, s² «segundo karratu» edo v² «uve karratu».
ETXEBARRIA, Jose Ramon (2011). Zientzia eta Teknikako Euskara Arautzeko Gomendioak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (30).