Gramatika batzuek hobeago forma ez-gramatikaltzat jo izan dute, pentsatuz on izenondoaren konparatibozko era hobe baino ez dela. Erabilera nagusia hori izanik ere, hobeago forma ere erabili izan da tradizioan, eta ez da baztertzekoa. Zein zaldi da hobeago, geldirik dagoena ala ibiltzen dena? Alargunaren semea baino bere urdea da hobeago (esr. zah.). Aberats izatea baino ospe ona hobeago. Besterik da hobe/hobeto formen arteko aldea.
Eta hobeago bezala, onago ere erabili izan da on izenondoaren konparatibozko era bezala (Gizon onagorik ez dakit izango zen). Hala ere, estandarrerako ez da gomendatzekoa. [EH]
EUSKALTZAINDIA (1991). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak I (EGLU I). Bilbo: Euskaltzaindia (190).
—(1993). Euskal Gramatika Laburra: Perpaus Bakuna. Bilbo: Euskaltzaindia (145).