Euskara Batuaren Eskuliburua

ahal izan

ahal izan

Euskaltzaindiak ez du berariazko araurik eman ahal izan aditz modalari buruz (behar izan eta nahi izan aditzei buruz bai), baina aipa daitezke tradizioan ondo finkatuak dauden zenbait kontu.

 

ERREGIMENA. Laguntzen duen aditzaren arabera jokatzen da ahal izan: (joan, adibidez, da aditza denez) joaten ahal da; (erosi, berriz, du aditza denez) erosten ahal du (inpertsonala bada, da ere baliteke: erosten ahal da).

Nolanahi ere, aditz nagusia isilpean gordetzen denean, du hartzen du beti (esaldia inpertsonala ez bada behintzat: ahal da = 'on peut’, ‘se puede’). —Joan zaitezke? —Bai, ahal dut (*Bai, ahal naiz).

 

ADITZAREN FORMA

• Ipar-ekialdean, -t(z)en formari eransten zaio: hurbiltzen ahal da/zen; egiten ahal du/zuen. Gero eta sarriago erabiltzen dira hurbildu ahal da/zen eta egin ahal du/zuen formak. Era burutugabeak dira horiek; era burutuetan aukera bakarra dago: hurbildu ahal izan da/zen eta egin ahal izan du/zuen (*hurbiltzen ahal izan da/zen, *egiten ahal izan du/zuen).

• Gertakizun-aspektua markatzeko tradizioko molde nagusia -ko aspektu-marka aditz modalak berak hartzea izan da: ahalko (baina ahal izango ere erabiltzen da): erosten ahalko du (= erosi ahal izango du).

• Alegiazkoa bi moldetan eman daiteke (-Ø/-ko): hurbiltzen ahal balitz = hurbiltzen ahalko balitz; erosten ahal balu = erosten ahalko balu.

 

EGITURA MORFOSINTAKTIKOAK

Baliokidetasuna. Baliokideak dira egitura hauek: joa(te)n ahal naiz = joan naiteke; egi(te)n ahal dut = egin dezaket. Gutxiago erabiltzen badira ere, honako forma hauek ere ikusten dira literaturan: joan ahal naiteke; eros ahal dezaket.

Ordenamendua. Bitxia gertatzen da *Ahal naiz komunera joan? moduko egitura. Beste aditz modal batzuek bezala, ahal izan aditzak ere kokagune finko samarra du —lagun duen aditzaren ondoren, hain zuzen—: joan ahal, etorri ahal, etab. Beraz, hobesteko egiturak hauek dira: Komunera joa(te)n ahal naiz?, Joan naiteke komunera?

• Alferreko perifrasiak egiten dira askotan ahal izan aditzarekin; honako esaldi hauetan, egokiagoa da bigarren aukera ( aditz-perifrasiak eta alferreko perifrasiak):

Zure laguntza behar dut mendira joan ahal izateko (> ... mendira joateko).

Zer egin behar dut futbola ikusi ahal izateko? (> ... futbola ikusteko).

• Ahal izan aditza ez da nahasi behar desirazko ahal partikularekin (Ez ahal da oinez etorriko!). ( ahal ≠ al)

 

Gehiago jakiteko

EUSKALTZAINDIA (2016). Euskaltzaindiaren Hiztegia. Bilbo: Euskaltzaindia (ahal izan sarrera).

—(1987). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak II (EGLU II). Bilbo: Euskaltzaindia (455-461).

—(2002). Euskal Gramatika Laburra: Perpaus Bakuna. Bilbo: Euskaltzaindia (420-423).

—(2002). "Ahalera eta ezina: joan ahal naiz, joan naiteke / ezin joan naiz, ezin naiz joan, ez(in) naiteke joan", Jagonet galde-erantzunak.

—(2001). "Joan daiteke, joan ahal da, *ahal da joan?", Jagonet galde-erantzunak.

—(1996). "Ahal eta ezin", Jagonet galde-erantzunak.

—(1999). "Ahal izan", Jagonet galde-erantzunak.

—(2015). "-t(z)en ahal: joaten ahal naiz, joaten ahalko naiz, joaten ahal izan nintzen.", Jagonet galde-erantzunak.

—(2013). "Ahal izan, ahal izaten, ahal izango, ahalko", Jagonet galde-erantzunak.

PETRIRENA, Patxi (2011). Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (201, 214-216).

KING, Alan (1994). “Aditz modalen erabilpena dela eta”, Euskera 39 (1009-1021).

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper