Euskal Herriko zenbait eskualde eta ibarren izenetan, aurreko izen zehaztaile bati erantsirik, -erri osagaia ageri da maiz. Tradizioan, erabilera ez da beti bat izan; aldeak daude forman: -erri, -erria, -erriak. Hori dela eta, 143. arauak («-erri(a) osagaia gaurko toponimian») hiru motatako erabilerak bereizten ditu izenetan:
a) Batzuek mugagabe-moldea dute: Durangerri, Enkarterri, Goierri, Txorierri...; eta, ondorioz, mugagabeko kasu-markak hartzen dituzte: Goierri, Goierrik, Goierriri... Goierrin, Goierriko, Goierritik...
b) Beste batzuek, mugatu singularra (-a): Estellerria, Iruñerria, Lizarrerria...; eta horiek singularreko kasu-markak hartzen dituzte: Iruñerria, Iruñerriak, Iruñerriari..., Iruñerrian, Iruñerriko, Iruñerritik...
c) Bada mugatu plurala duenik ere (-ak): Bortzerriak (forma onartua da Bortziriak ere). Mugatu pluraleko kasu-markak hartzen ditu: Bortzerriak, Bortzerriek, Bortzerriei..., Bortzerrietan, Bortzerrietako, Bortzerrietatik...