Galdegaia seinalatzeko erlatibozko itzulietara jotzeko joera dute gure bi auzo-erdarek. Estilo-liburu gehienen iritziz, ordea, euskal hitz-ordenaren ohiko jokoari eustea aski da horrelakoetan. Erlatiboaren bidez emanikoa ere zuzena da berez, baina galdegai-sistema arruntaz baliatzeak perpausa asko arintzen du:
▼Zu izan zara puskatu duzuna/duena? // Zuk/Zeuk puskatu duzu?
▼Ni izan naiz ekarri duena/dudana // Nik/Neuk ekarri dut.
▼ Messi izan zen lehen gola sartu zuena // Messik sartu zuen lehen gola.
▼Hasi baino ez da egin sagardotegi-denboraldia, eta dagoeneko pertsona asko dira Astigarraga aldera jo dutenak // Hasi baino ez da egin sagardotegi-denboraldia, eta dagoeneko jende askok jo du Astigarraga aldera.
Komeni da erreparatzea, bestalde,
sarreran adierazten diren oker eraikitako erlatiboei.
PETRIRENA, Patxi (2011). Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (44-46).
GARZIA, Juan (2005). Kalko okerrak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (20).
EHUko Euskara Institutua (2012). "Erlatiboa: gehiegizko erabilera; erlatiboa fokalizatzaile", Kalkoen Behatokia.