Du aditza da. Desegokiak dira esaldi hauek:
*Adeitasunez, agurtzen naiz (> Adeitasunez, agurtzen zaitut/zaituztet).
*Azkar-azkar agurtu nintzen lagunengandik (> Azkar-azkar agurtu nituen lagunak).
Esanahiari begira, agur egin aditzarekin gertatzen den bezala, testuinguruak argitzen du agurtzea harremanaren hasierakoa ala amaierakoa den. “Ongi etorri, ene maiteak”, agurtu zituen bere ilobak. Ameriketara zihoazenak agurtzera etorri ziren. Doana agurtzea, beti tristea; datorrena agurtzea, berriz, alaigarria. Despeditu eta agur esan aditzek ez dute arazo hori, horiekin ‘adioa’ ulertzen baita beti. [EH]
EHUko Euskara Institutua (2012). "Agurtu", Kalkoen Behatokia.
BERRIA (2006). Estilo-liburua. Donostia: Berria (198).