Euskara Batuaren Eskuliburua

agintera

agintera

Aginduak emateko erabiltzen da bereziki agintera, baina aholkuak emateko eta erreguak egiteko ere erabiltzen da (Ez ezazu jan hori, gero, gaixotu eginen zara eta!). Eta aukerak eta desirak adierazteko ere balio du (Hoa antzarak ferratzera, nahi baduk! Goian bego!). Ia beti bigarren pertsonakoa da, aurrean dagoen hartzaileari edo hartzaileei bakarrik eman baitiezaieke agindua igorleak. Beti, bestalde, orainaldian, eta adierazten dena orainari (Orain, ez ezazu ezer edan!) edo geroari dagokio (Gero, ez ezazu ezer edan!). Adizki trinkoz (hator, eramak/-n) zein adizki perifrastikoz osa daiteke agintera (etor hadi, ekar ezak/-n). Harridura-marka (!) eramaten dute sarritan esaldiaren bukaeran. Alboko erdaretan ez bezala, gainera, hirugarren pertsonarako berezko agintera-adizkiak ditu euskarak: Etor bedi zure laguna ere. Joan bitez albait azkarren.

 

Subjuntiboarekin ere eman daitezke aginduak, baina 3. eta 1. pertsonetan (2. pertsonakoak aginterari baitagozkio): (3. perts.) Etor dadila zure laguna ere! (dadin + -(e)la). Egin dezatela esandakoa! (dezaten + -(e)la); eta (1. perts.) Ekin diezaiogun lanari. Isil nadin astakeriak esaten hasi baino lehen.

 

Aditzoin soila edo partizipio soila erabiliz ere —aginterazko forma trinkoez eta laguntzaileez baliatu gabe, alegia— sarri ematen dira aginduak: Etorri hona! Etor hona! Itxi leihoa!

 

Bada beste esapide-modu bat agindu-nahikundea edo adierazteko, ahozko moldean sarri samar erabiltzen dena: <-t(z)ea aditz-izena + ukan, eduki> perifrasi-multzoa. Oraindaino alferra izan dela? Ba, orain lan egitea dauka/du (= Ba, egin dezala orain lan).

 

ERABILERA-ZALANTZAK

Ez dezazula / *ez ezazula. Benetako agintera-formak ezin dira erabili mendeko perpausetan; hots, ezazu, ezak/ezan, ezazue aginte-formei ezin zaie atzizkirik erantsi: *egin ezazuela; *eros ezanala... Horiek mendeko direnean, egin dezazuela/dezazuen, eros dezanala/dezanan, etab. (subjuntibo + -(e)la) bihurtzen dira; alegia, subjuntiboaren gainean eratu behar dira. ( subjuntiboa: noiz -(e)n, noiz -(e)la)

Ez ezazu / *etzazu. Idazkera formal zuzen bakarra ez ezazu da (modu berean, ez ezak/-n, ez ezazue), ez adberbioa bereiz dela beti ( ez(-) (adberbio, izen, partikula...)). Ahoskera zaindu egokia [ez ezazu], [ez ezak/-n], [ez ezazue] da. Baina horrek ez du esan nahi egokiak eta zuzenak ez direnik [etzazu eros], [etzazula pentsa] moduko ahoskerak lagunarteko hizkera zaindugabean.

Ordena. Idatzizkoan (ahozkoan intonazioaz ere baliatzeko modua baitugu), aginte-perpausaren eta baiezko perpausaren arteko aldea markatzeko batik bat, aginte-adizkia perpaus-hasieran paratu ohi da: Ireki atea! Zoaz hemendik. ( aditza esaldiaren hasieran?)

Adizki trinkoa eta ezeztapena ( aditz trinkoak (sintetikoak)). Adizki trinkoekin ezin da ezeztapenik egin aginteran. *Ez zatoz hona!, *Ez hoa ikastolara hain goiz! Agindua bideragarria izateko, bi aukera daude:

- Adizki perifrastikora jotzea: Ez zaitez hona etorri!, Ez hadi joan ikastolara hain goiz!

- Laguntzailerik gabeko adizkiaz baliatzea, hizkera arruntean maizenik gertatzen den bezala: Ez etorri hona!, Ez joan ikastolara hain goiz!

Agintera gordina leuntzeko modua. Aginterak inoiz gordinegi dirudienean (Egidazu mesede bat!), badira horiek modu adeitsu(ago)an egiteko beste estilo-aldaera batzuk ere: Mesede bat egingo al didazu/zenidake?, Mesede bat egingo bazenit..., Mesede bat egiten (baldin) badidazu... [eskertuko dizut]. Baina, horretarako, ez dira egokiak honelakoak: ?Egin diezadakezu/zeniezadake mesede bat?, ?Mesede bat egin ahal bazenit... Horrelako esaldiak eta horien tankerakoak erdarazko poder aditzaren itzalean eginiko kalko desegokiak izan litezke, eta orduan ez dira egokiak, hor ez baita inolako ahalmen-konturik aipatzen, eskaera bat egiten baizik. ( ahalera eta kalkoak; aditzaren aspektua eta kalkoak)

 

Gehiago jakiteko

EUSKALTZAINDIA (1987). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak II (EGLU II). Bilbo: Euskaltzaindia (349, 471).

—(2002). Euskal Gramatika Laburra: Perpaus Bakuna. Bilbo: Euskaltzaindia (4, 222, 377-378). ).

—(2012). "Agintera: ez ezazu egin, ez dezazula egin; ez beza egin, ez bezate egin", Jagonet galde-erantzunak.

—(2008). "Agintera: ez ezazu / *etzazu", Jagonet galde-erantzunak.

ALBERDI, Andres (2014). Ahoskera. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (27).

PETRIRENA, Patxi (2011). Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (77).

GARZIA, Juan (2005). Kalko okerrak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (70).

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper